Behin nazioarteko urak utzi eta Israelgo uretan sartzean, ezingo da ezer egin Global Sumud Flotillako kideen segurtasuna bermatzeko. Hala ohartarazi du gaur Italiako Defentsa ministro Guido Crossetok, Italiako behe ganberan egindako agerraldi batean, eta zera aholkatu dio flotillari, Gazara eraman asmo duen laguntza humanitarioa Zipren uzteko. «Egoera oso kezkagarria da, ez dago zalantzarik», gaineratu du. Flotilliak uko egin dio proposamenari, eta oroitarazi «legez kanpoko setioa» haustea dela beren helburua.
Italiako lehen ministro Giorgia Melonik ere jarri zuen mahai gainean Gazarako laguntza Zipreren bidez kudeatzeko aukera, atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren aurretik egindako prentsaurreko batean: «Beharrezkoa al da Italiako herritarrak arriskuan jartzea Gazara laguntza eramateko? Italiako Gobernuak iritsaraz dezake laguntza hori, ordu gutxian». Horrez gain, Crossetok jakinarazi du beste ontzi bat bidaliko duela flotillaren inguruko eremura —atzo gauean bidali zuen lehenengoa—, jasandako erasoen harira Italiako ontziei laguntza emateko.
Hain justu, flotillak orain arteko erasorik gogorrena jaso zuen herenegun gauean. Alma ontziko kideek kontatu zutenaren arabera, herenegun arratsaldean hamasei drone inguruko multzo bat ikusi zuten flotillaren gainean hegan; gauean itzuli egin zen saldoa, eta lehergailu bidez egin zien eraso flotillako 11 ontziri. Horren harira, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak atzo eskatu zuen «ikerketa independente, inpartzial eta xehe bat» abiatzeko. Israelek ez du oraingoz eraso hori bere gain hartu.
Erasoak Gazan eta Zisjordanian
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken 24 orduetan 83 gorpu iritsi dira zerrendako ospitaletara, eta 200 zauritu baino gehiago artatu dituzte. Gaur ere goizaldean hasi da Israel Gaza bonbardatzen, eta, Al Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, gutxienez 43 pertsona hil ditu ordutik. Erasorik bortitzenak Gaza hirian egin dituzte.
Bestalde, Palestinako Jihad Islamikoak jakinarazi duenez, taldeko bi kide hil dituzte gaur Israelgo soldaduek, Zisjordaniako Tammun herrian. Israelgo armadak baieztatu egin du eraso hori, eta azaldu du Shin Beit inteligentzia zerbitzuaren laguntzarekin antolatu dutela. Horrez gain, argudiatu du bi pertsona horiek «eraso bat» egitekoak zirela laster.