Lampedusatik (Italia) 30 miliara topatu zuten ostiralean 52 migratzaile zeramatzan patera, Libiatik Europarako bidean, hondoratzear zela. Abisua eman ostean, Libanoko zamaontzi batek erreskatatu zituen, eta, geroztik, lurreratzekoo baimen baten esperoan daude.
Italiaren eta Maltaren ezezkoa jaso du Mohammad Shaaban zamaontziko kapitainak, eta egoera muturrera heltzen ari dela jakinarazi du: edaririk eta elikagairik gabe geratzear daude. Itsasontzia abereak garraiatzeko da, eta baldintza jasangaitzetan daude migratzaileak. Eguraldia dela eta, sotoan sartu behar izan dituzte 52 lagunak, abereak eraman ohi dituzten tokian.
Larunbatean, Maltako kostara hurbildu zen ontzia, eta, eguraldi txarra zela medio, bertan geratzeko baimena jaso zuen. Halaber, eguraldia hobetu bezain pronto, “Maltako uretatik alde egiteko” agindua jaso zuen Shaabanek. Igandean, berriz, Maltako armadak bi laguni baimena eman zien lurreratzeko, osasun arrazoiengatik, baina gainerakoek itsasontzian jarraitzen dute.
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, Italiak eta Maltak migratzaileak jasotzeari uko egin diote, osasun larrialdiagatik portuak seguruak ez direla arrazoituz.
‘Ocean Viking’, lehorreratzeko zain
Atzo heldu zen SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundearen Ocean Viking ontzia Siziliako uretara, eta gaur bertan lehorreratzeko zain dago. Hamar egun daramatza noraezean itsasontziak, 180 migratzaile daramatzala, eta egoera muturreraino heldu da azken egunetan, sei lagun bere buruaz beste egiten ahalegindu baitira.