Italiak Txinaren hildako kopurua gainditu du

Azken 24 orduetan 427 pertsona hil dira Italian koronabirusaren ondorioz. Guztira, 3.405 lagun.

Mediku talde bat erietxeko sarreran, Erroman. MAURIZIO BRANBATTI / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 19a
19:03
Entzun

Italia gaur bilakatu da koronabirusak hildako gehien eragin dituen herrialdea, lehen aldiz Txina gaindituta. Azken eguneraketa ofizialaren arabera, 3.405 pertsona hil dira Italian, eta 3.245 Txinan, pandemia sortu zen herrialdean. Han ia kontrolatuta dute koronabirusa eta gaur, lehen aldiz berrogeialdia ezarri zutenetik, ez da positibo kasurik izan Wuhanen. 

Kutsatuak, ordea, askoz ere gehiago izan dira Asiako herrialdean: 80.928 positibo erregistratu dira Txinan, eta 41.035 Italian. Hildako kopuruan Italiak Txina gainditu izana azken 24 orduetako gorakadaren ondorioa da, 427 pertsona gehiago zendu baitira Covid-19aren ondorioz.

Italiako erakundeek adierazi dutenez, uneotan 33.190 pertsona gaixo dituzte erregistratuta, gaixo egon diren 4.440 errekuperatuta baitaude jada. Gaixoetatik 2.498 egoera larrian daude, zaintzapean. Gobernuak euren lana eskertu die koronabirusaren aurka lanean dabiltzan medikuei, azken egunean beste hiru hil baitira gaitzak jota. Guztira, hamahiru mediku hil dira Italian.

Gehienak, Lombardian

Egoera larriena Lombardia eskualdean bizi dute. Han ia 20.000 kasu daude erregistratuta jada, atzo baino 2.171 gehiago. Italian hildakoen erdiak baino gehiago ere hangoak ziren (2.168 hildako, 209 azken 24 orduetan). Epidemia gogor jotzen ari den beste lurraldea Emilia-Romagna da: 5.214 positibo kasu eta 531 hildako erregistratu dituzte han.

Italia izan da aurretik patologiak zituzten 80 urtetik gorako pertsonak tratatzeari utzi dion lehen herrialdea. Egoera dramatikoa bizi du herrialdeak, eta Giuseppe Conte lehen ministroak esan du jada bigarren aldiz luzatuko beharko dutela konfinamendua; oraingoz, apirilaren 3ra arte dago ezarrita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.