«Ikaragarria da, prostituzio etxe bat, ezin duzu imajinatu ere egin zer gertatzen den han». Ruby auziaren sumarioko grabaketek estutasun larrian jarri dute Silvio Berlusconi —orain artean sexu eskandalu bat baino gehiago gainditzea lortu du—. Oposizioko alderdiek lehen ministroak «berehala dimititzeko» eskatu dute, eta Giorgio Napolitano presidenteak «auzia epaileen aurrean lehenbailehen guztiz argitzeko» eskatu dio. Elizak ere bizkarra eman dio Berlusconiri, Avvanire gotzainen egunkarian auzia «iraingarritzat» joz.
Milango Fiskaltzak delitu bi leporatzen dizkio lehen ministroari: botere abusua, batetik, eta adingabeen prostituzioa bultzatzea, bestetik. Guztira, hogei dira akusatuak, eta epaileen aurreko epaiketa oraindik hasteko badago ere, Italiako egunkariek Berlusconiren kontrako epaiketa publikoa hasi dute Ruby auziaren sumarioko 389 orrietako agiri eta grabaketak kaleratuz.
Karima el Magoud Ruby 17 urteko neska da ikerketa judizialaren muina. 2010ean zortzi aldiz joan zen Ruby Berlusconiren Arcore egoitzara. Iazko maiatzaren 27an, «lapurreta txiki bat» egin zuen Rubyk, eta Berlusconik polizia etxera deitu zuen kaleratu zezatela eskatzeko. Telefono dei horrek hasi zuen Milango Fiskaltzaren ikerketa.
Adingabeen prostituzioa
«16 urte nituenetik joan izan naiz haren etxera, baina beti ukatu izan dut hori hura babesteko», diotso Rubyk bere lagun bati telefono grabaketa batean. «Nahi dudan diru guztia emango didala, urrezko egingo nauela baina garrantzitsuena hau guztia isilean mantentzea dela esan dit [Berlusconik]». Beste grabaketa batek dioenez, Rubyk bost milioi euro eskatu zizkion lehen ministroari bere isiltasunaren truke.
«Emakume gazte ugari prostituitu da diru truk Berlusconirekin haren etxeetan», dio Ilda Boccassini fiskalaren ikerketak. Eta diruaz gain lehen ministroak bizilekuak ere oparitu dizkie Milanen duen Milano Due egoitza multzoan. Egoitza horietan izan dira telefono grabaketa esanguratsuenak: «Edozertarako prest egon behar duzu, bestela taxia hartu eta ospa!», «egunkariek gertatzen denaren erdia ere ez dute kontatzen. Ez dut ulertzen nola den gai hurrengo egunean lanera joateko».
Nicole Minetti Lombardiako kontseilaria ere akusatuen artean dago. Neskak Arcoreko jaietara eramateko ardura zuen, fiskaltzaren arabera. Gainera, iazko maiatzean, lapurretaren ostean, Rubyren tutoretza bere gain hartu zuen. Kritiken inguruan Berlusconi ez da kikildu, ordea. «Dimititu? Erotuta zaudete, ala?», zioen atzo Parlamentuan. Joan den astelehenean, sexuagatik inoiz ez duela ordaindu eta emakume batekin harreman egonkorra duela baieztatu zuen bideo bidez. Italiako egunkarien arabera, Minetti bera litzateke Berlusconiren neska-lagun berria.
Italiako presidenteak 'Ruby auzia' «guztiz argitzeko» eskatu dio Berlusconiri
Oposizioko alderdiek lehen ministroak «berehala dimititzeko» eskatu arren, ez du kargurik lagako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu