Italian energia nuklearrik gabe bizi nahi dutela erakutsi dute herritarrek. Biztanleen %57k hartu dute parte, eta horietatik %95ek bozkatu dute energia nuklearra erabiltzearen aurka. Horrekin batera, bidezko eragozpena indargabetu dute. Lehen ministroak epaiketak ekiditeko gobernuaren betebeharrak izatea argudiatzea ahalbidetzen du legeak.
Erreferendumeko emaitza Silvio Berlusconik jasotzen duen bigarren «belarrondokoa» dela gogorarazi du Roberto Calderolik, Lega Nordeko kideak. Lehenengoa Milango eta Napoliko alkatetzak galtzea izan zen. Pazientzia galtzen ari direla eta kolpeak jasotzea ez dutela ohitura bihurtzerik nahi ohartarazi dio koalizioko gobernuko kideak lehen ministroari.
Erreferendum honek kalte handia egin dio Berlusconiri. Milango Auzitegian ustelkeria kasuengatik hiru epaiketa ditu, Ruby kasuaz gain.Beste hainbat karguren artean, 17 urteko gazte batekin sexu harremanak izateagatik epaitzen ari dira, eta orainepaiketetara joan beharko du.
Baina herritarrek lege hori baliogabetzea erabaki aurretik ere Italiako Auzitegi Gorena jada hasia da krimenen bat egin duten goi karguak zigortzeko lanean. Aurten Milango politikarien aurkako hainbat kasu berriro ireki ditu.
Berlusconik emaitzak onartu egin ditu, eta gobernuak eta parlamentuak herritarren nahiak kontuan hartuko dituztela agindu du. Haren hitzetan, «erreferenduma gai konplexuak erabakitzeko modu egokia ez dela pentsatzen dutenek ere italiarren borondatea argia dela ikusiko dute».
Herritarren erantzuna
Italian erreferendum bat aurrera ateratzeko beharrezko parte hartzea lortu zen azken aldia 1995ean izan zen. Horregatik, galdeketa bultzatu zutenalderdiek emaitza ospatu egin dute. IDV Balioen Italia alderdiko Leoluca Orlandok adierazi du «Berlusconiren ez bozkatzeko deialdiari herritarrek ezezko argi batekin erantzun» diotela.
Italiako Berdeek eta IDV alderdiak baietzaren aldeko deia egin zuten, eta Berlusconiren PDL Askatasunaren Herria alderdiak abstentzioa eskatu zuen. Galdeketak balioa izateko behar den %50etik gorako parte hartzea lortuz gero, auzia galtzeko aukera asko zituztela bazekiten.
Horregatik, erreferendumaren emaitzak jakin aurretik Italiak «seguruenik» energia nuklearra erabiltzeari utziko diola iragarri du Berlusconik. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eginiko bilera baten ondoren egin du adierazpena. Horrekin batera, herrialdeak energia berriztagarrien ikerketan lan egiteko konpromisoa hartu behar duela gaineratu zuen.
Dena dela, gobernuak herritarren erantzunari garrantzia kendu nahi izan dio. Ignazio La Russa Defentsa ministroaren iritziz, ezkerra izan da erreferenduma «politizatu» duena, eta jendeak bozkatu ez balu haiek izango ziren kaltetuak. Gertatutakoak, ordea, Gobernuarentzat ez duela ezer aldatzen deritzo.
Horrekin batera, Roberto Maroni Barne ministroak Berlusconik ekainaren 22an Parlamentuan egingo duten konfiantza mozioan datozen bi urteetarako programa «ausarta» erakutsi behar duela adierazi du.
Urte honetako bigarren «belarrondokoa» ekiditeko, hainbat saio egin zituen. Fukushimako hondamendiaren ondoren, lehen ministroak herrialdean zentral nuklear gehiago eraikitzeko erabakia bi urte atzeratu zuen.
Haren iritziz, Fukushimako hondamendiaren ondoren beldurrak herritarren erabakian eragina izango zuen. Horregatik, Auzitegi Gorenera jo zuen galdeketa baliogabetzeko.
Hala ere, ez zuen bere helburua lortu. Erreferendumaren eskaera Fukushimako hondamendiaren aurretik egin zuten eta beharrezko 750.000 sinadurak eskuratu zituzten. Horren aurrean, Auzitegi Gorenak erabakia mantendu egin zuen.
Salvatore Barbera Greenpeaceko ekintzailearen iritziz, Fukushimako hondamendiak energia nuklearra desagertzearen beharraz jabetzeko balio izan du. Haren hitzetan, teknologia «zaharkitua eta oso arriskutsua» da. Gainera, sortzen diren hondakinekin zer egin inork ez dakiela gogorarazi du.
Silvio Rossignoli Aero Sekur enpresako presidentearen ustez, ordea, energia nuklearra da hornikuntza ziurtatzeko modu bakarra. «Zentral nuklearrak izan nahi ditugu, ingurugiroan ikatzak eta gasak baino kalte gutxiago egiten dutelako».
1987an Txernobylgo istripuaren ondoren Italiako zentral nuklear guztiak ixtea erabaki zuten erreferendum batean, eta ordutik kontsumitzen duten energiaren %90 inportatzen dute.
Italian energia nuklearra erabiltzeari uztea erabaki dute erreferendumean
Herritarren %57k hartu dute parte, eta %95ek egin dute zentralen kontra; porrota izan da lehen ministroarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu