Itsas zabalak hartzen du munduko azaleraren ia erdia, eta eremu horretako leku batzuetan badira enpresa askorentzat erakargarriak diren baliabide naturalak, mineralak bereziki. Nauruk 2021ean egin zuen eskari batengatik —itsasoaren zuzenbideko artikulu bat erabilita—, ISA Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritza behartu zuen bi urteko epean aktibitate hori arautzeko kode bat onartzera, eta, bi urtez luzatu den arren, gaur Kingstonen amaituko den batzarrean erabaki bat hartu beharra du agintaritzak.
Gai arantzatsua da ISAk esku artean duena, eta agenda ia osoa bete dio azken urteetan. Presio taldeak beren lana egiten ari dira; alde batetik, helburu komertzialak dituen itsaspeko meatzaritza arautu dadin ahaleginetan ari dira hainbat enpresa multinazional, baita haiekin kontratuak dituzten hainbat herrialde ere; bestetik, kontrara, praktika horren debekuaren luzamendua eskatzen ari dira Greenpeace, WWF eta beste hainbat elkarte ekologista eta gobernuz kanpoko erakunde, baita iritzi bera duten hainbat herrialde ere.
«Tartea hartu behar dugu batzuek azkar batean onartzea nahiko luketena baino sendoagoa eta serioagoa izango den araudi bat adosteko»
OLIVIER POIVRE D'ARVORNBEren Ozeanoen Konbentziorako Frantziaren ordezkari berezia
Hala ere, joan den astean amaitu zen ISAren batzordearen osteko adierazpenak entzunda, eta batzarraren lehen egunetan negoziatzaileek hitz egindakoa ikusita, badirudi itsaspetik mineralak erauzi nahi dituzten enpresen taldea ari dela irabazten, debekuaren luzamendua eztabaidatik at geratzen ari baita, eta orain jokoan dagoena da ea herrialdeek murrizketa askoko araudi bat onartzen duten, edo, kontrara, enpresei askatasun handia emango dieten arautegi bat baiesten duten. Deigarriak dira astelehenean Frantziaren ordezkari Olivier Poivre d’Arvorrek egin zituen adierazpenak, batez ere jakinda Frantzia dela itsaspeko meatzaritza debekatzeko eskatzen duen herrialde bakarra: «Tartea hartu behar dugu batzuek azkar batean onartzea nahiko luketena baino sendoagoa eta serioagoa izango den araudi bat adosteko».
Itsas Zabalaren Kontserbaziorako Koalizioaren arabera, Frantziaz gain, beste 36 herrialde daude praktika horrekin mesfidati daudenen zerrendan; batzuek debekuaren luzamendua eskatzen dute, eta beste batzuek, berriz, prebentziozko eten bat. Hala ere, osteguneko bilkuran Kroazia batu zitzaien taldera, herrialdeak zuhurtziazko geldialdia eskatu baitu itsaspeko meatzaritzarentzat.
Nauruk irekitako bidea
Itsasoaren mailaren igoerak gehien mehatxatzen dituzten herrialdeen artean dago Nauru; Ozeano Barean dagoen 21 kilometro koadroko herrialde horretako biztanle gehienak kostaldean bizi dira, eta gobernua ahaleginak eta bi egiten dabil funts gehiago lortu eta biztanleria irlako toki altuagoetara lekualdatzeko. Horretarako, adibidez, atzerritarrei nauruar nazionalitatea saltzen ari da herrialdea 105.000 dolarren truke, eta itsaspearen meatzaritzan ere aurkitu du diru iturri posible bat. Kanadako The Metals Company enpresak filial bat sortu zuen Naurun, eta ISAk lizentzia bat eman zion 2011n Hawaii (AEBak) eta Erdialdeko Amerikaren artean dauden erreserba batzuk esploratzeko.
AZAROAREN LEHENA, ITSAS HONDOAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Meatzaritzari buruzko koderik oraindik onartu ez badute ere, asteazkeneko bilkuran Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritzak Itsas Hondoaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen azaroaren 1a. Fijik, Jamaikak, Maltak eta Singapurrek bultzatu dute proposamen hori.
Baina Nauru itsasoaren zuzenbidearen hitzarmenaren parte denez, ezin du itsaspea esplotatzen hasi harik eta ISAk itsaspeko meatzaritzaren araudi bat onartu arte. Horregatik, 2021ean, itunaren klausula bat erabilita, bi urteko epean araudi bat onartzera behartu zuen ISA. Hala, negoziazioak hasi ziren, baina 2023an ez zuten lortu ezer adostea, eta beste bi urteko bide orri bat sortu zuten itsaspeko meatzaritza erregulatzeko; gaur amaituko da epea.
Trump, nazioarteari bizkarrez
Nazioarteko beste hitzarmen batzuekin gertatzen den moduan, AEBek ez dute sinatu NBEren Itsasoko Zuzenbidearen Hitzarmena, nahiz eta arauetan oinarritutako nazioarteko ordenaren sustatzaile nagusia izan joan den mendean. Hain zuzen, itsaspearen kontserbazioaz mintzatzen den atalagatik ez zuen sinatu ituna. Izan ere, hitzarmenaren 136. artikuluak zehazten du nazioarteko urak eta bertako baliabideak «gizateriaren ondare komuna» direla; hala ere, aldaketa batzuk egin ziren AEBek hitzarmena sinatu zezaten, garabideko herrialdeei itsaspeko teknologia emateko beharra kentzea adibidez, baina, hala ere, AEBetako Senatuak ez du inoiz onartu ituna sinatzea. Hori dela eta, AEBetako legediak aukera ematen du nazioarteko uretan meatzaritza jarduera komertzialak egiteko; zehazki, 1980ko Ur Sakonetako Mineral Gogorren Legeak ahalbidetzen du hori.
The Metals Companyrekin batuta, eta AEBetako legedia aprobetxatuta, 265-515 milioi euroren funtsak lortu ditzake Nauruk
Apirilean, Donald Trumpek, AEBetako presidenteak, ordena exekutibo bat sinatu zuen, Merkataritza idazkariari eskatuz itsas zabalerako meatzaritza baimenen onarpena azkartu zezala. Txinak gogor kritikatu zuen hori, esanez inork ez lukeela nazioarteko legedia apurtu behar itsaspeko meatzaritzaren lasterketan abantaila hartzeko. The Metals Companyk, Trumpek ordena hori sinatu aurretik, adierazi zuen AEBetako administrazioari baimena eskatuko ziola itsaspean mineralak erauzteari ekiteko. Itsaspeko meatzaritza aktibitate konplexua denez, teknologia bereziak behar dira, eta enpresa gutxi daude munduan hori egin dezaketenak; The Metals Company da handienetako bat, eta itsaspea esplotatzeari ekin nahi dioten hainbat herrialderekin aliatzen ari da horretarako.
Esan bezala, Nauru da horietako bat, eta AEBetako legediaz baliatu nahi du sinatua duen nazioarteko itunaren aurka eginez funtsak lortzeko. Duncan Durrie abokatu anbientalistak Zeelanda Berriko RNZ hedabideari The Metals Companyren eta Naururen arteko kontratu berriaren xehetasunak eman zizkion; haren esanetan, enpresak AEBen baimena lortzen badu meatzaritzari ekiteko, Nauruk milioika dolarreko ordainketa finkoak jasoko lituzke —265 eta 515 milioi euro artekoak—, eta aldeko baldintzak izango lituzke enpresaren akzioak erosteko.
ISAren batzarrak, osteguneko bilkuran, ia aho betez, berretsi zuten itsasoaren nazioarteko zuzenbideak eta ISAk «eskumen esklusiboa» dutela itsaso zabalean, eta herrialdeen legediek bertan egitekorik ez dutela ere gogorarazi zuten. Donald Trumpi luzatutako mezua da hori, eta ISAn dauden ordezkari askok The Metals Company-ren ekintzak deitoratu dituzte, «ISAri bizkar egiten saiatzeagatik eta ISAren markotik kanpo itsaspeko meatzaritzan jarduteagatik».
AEBek, baina, erantzun egin dute; ISAren idazkaritzari bidalitako gutun batean, Ipar Amerikako herrialdeak azken urteetan izan duen jarrera berretsi du: nahiz eta itsasoaren nazioarteko itunen parte ez izan, ozeanoen erabilerari buruzko arau tradizionalak betetzen jarraituko duela, eta itsaso zabalaren hondoari buruzko artikuluak —hitzarmenaren XI. zatia— bertan sartzen ez dela; beraz, ez duela zertan bete.