Reuters albiste agentziak Indonesiako, Sri Lankako eta Indiako gobernuek emandako azken datuetan oinarrituta egindako kontaketaren arabera, 120.000 inguru izango dira tsumaniek hildakoak; horrenbestez, itsasikarek inoiz eragindako hondamendi handiena izango da Asia astindu duena.
Indonesiako Osasun Ministrioak emandako datuen arabera, Sumatra uhartean, Aceh probintzian (epizentrotik hurbilen dagoen eskualdean) 80.000 lagun hil dira; Sri Lankako agintariek agertu dutenez, berriz, herrialde hartan 27.000 pertsona hil ditu itsasikarak. Datu horiei beste hainbat estatutan hildakoak eta desagertutakoak gehitu behar zaizkie.
Gainera, Indian berriro piztu da alarma: hondamendiaren ondorioak gainditu nahian dabiltzala, itsasikara gehiago gerta daitezkeela ohartarazi dute. Ondorioz, milaka lagun India hegoaldeko itsasertzetik barrurantza abiatu dira, arriskutik ihesi.
Baina ez da tsunami gehiagoren arriskua bakarrik hondamendia areago dezakeena; aitzitik, ur edangarriaren faltak, hilotzen pilaketak, etxebizitza eta elikagai gabeziak gaixotasunak eta izurriteak zabaltzeko aukera biderkatu du. OME Osasunerako Mundu Erakundeak larrialdiko neurriak berehala hartzeko deia egin dio nazioarteko komunitateari, gainerakoan hondamendia izugarria izan daitekeela eta.
itsasikarak asian