Ituna sinatzeko prest daude Iran eta Oman

Bi aldeek Ormuzko itsasartean nabigatzeko ibilbide berri baten nondik norakoak adostu dituzte. Zortzi itsas elkarte handik NBEri eskatu diote ez dezala onartu Ormuzko itsasartean bidesariak ezartzerik.

Emakume bat atzo, Teheranen, atzean Ali Khamenei lider gorenaren irudia duela. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat atzo, Teheranen, atzean Ali Khamenei lider gorenaren irudia duela. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 6a
14:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badirudi Iran eta Oman laster direla akordio bat sinatzekoak. Hala esan zuen Teheranek atzo. Berez, Esmaeil Baqaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramailearen esanetan, jada adostu dituzte Ormuzko itsasartean nabigatzeko ibilbide berri baten ezaugarri geografikoen nondik norakoak, eta, orain, akordio horren gaineko adierazpen bateratu bat egiten ari dira. «Beste batzuek prozesua oztopatzen ez badute, akordioaren puntu nagusiak jasotzen dituen adierazpen bateratua azken fasean dago». Donald Trump AEBetako presidenteak, berriz, gaur goizaldean adierazi du «gerra» baino nahiago duela «diplomazia».

Akordio horrek Ormuzko itsasartean barrena korridore bat egitea du helburu, baina, Irango IRIB agentziak atzo zabaldu zuenez, Iranen eta Omanen akordio batek ez luke Ormuzko itsasartea berehala irekiaraziko. Gainera, Iranek esana du itsasbide hori irekitzeak ez duela esan nahi gerra hasi baino lehenagoko kondizio beretan zabalduko denik. Alegia, pasabide hori zeharkatzen duten ontziei bidesaria ezarri nahi die Teheranek, eta horretarako lege proiektu bat onartua du jada parlamentuak.

Washingtonek, ordea, ez dauka halako traturik egiteko asmorik. Hasieratik jakinarazi du ez duela onartuko Ormuzko itsasartea Iranen kontrolpean geratzerik, eta Trumpek astelehenean bertan adierazi zuen ez duela halakorik baimenduko.

Gaur, esaterako, zortzi itsas elkarte handik NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu diote kontra egin diezaiola Ormuzko itsasartean bidesariak ezartzearen ideiari. Ohar bat bidali diete Antonio Guterres NBEko buruari eta Arsenio Dominguez NIE Nazioarteko Itsas Erakundeko zuzendariari, ohartaraziz derrigorrezko bidesariek «aurrez ezarritako nazioarteko arauak» urratzen dituztela, eragina izango lukeela nazioarteko ekonomian, eta erabaki horrek aurrekari bat ezarriko lukeela. Horrez gain, «segurtasuna bermatzeko ekintzak» eskatu dizkiete itsasoan lan egiten dutenentzat.

Iranek, ordea, argi utzi du AEBak ez daudela Iranen eta Omanen negoziazio mahaian, eta Teheranek eta Maskatek elkarlanean kudeatu eta kontrolatu behar dutela itsasartea. Washingtonek, baina, Teheranekin negoziatzen jarraitzen duela berretsi du asteon, «nahiz eta haiei ez zaien halakorik onartzea gustatzen», adierazi zuen Trumpek asteartean.

HUTHIEK 35 lagun hil dituzte yemenen egindako erasoaldi batean

Yemengo hedabideek gaur arratsaldean zabaldu dutenez, gutxienez 35 lagun hil dituzte huthiek Yemenen misilekin eta droneekin egindako eraso batean. Nazioarteak onartzen duen gobernuak adierazi duenez, Marib eta Hadramawt herrietan egin du eraso Yemengo talde xiitak; estatu indarrak zituen helburu, eta «kalte ugari» eragin dituzte. 2022az geroztik egin duten erasorik handienetako bat izan da.

Horrekin lotuta, JD Vance AEBetako presidenteordeak gaur goizaldean Fox News katean adierazi du «oso zaila» dela Irango Gobernuarekin negoziatzea, gobernua «zatituta» dagoelako. Gaineratu duenez, irandarrak «oso pertsona zailak» dira, eta elkarrizketak, «prozesu konplexu» baten parte. Hala ere, adierazi du akordioa egingo dutela, eta akordio on bat izango dela AEBentzat. «Esku artean dauzkagun erreminta guztiak erabiliko ditugu ebazpen egoki bat lortu ahal izateko», esan du.

Hala ere, Irango Atzerri ministrorde Kazem Gharibabadik atzo IRNA albiste agentziari esan zion Teheranek Washingtonen mezuak jaso dituela eta AEBak prest daudela ekainean sinatutako memorandumean hartutako konpromisoak berriro betetzeko. Gharibabadiren esanetan, baina, Iranek oraindik ez du erabaki negoziazioen bidea berriro hartuko duen ala ez.

Israel, bere horretan

AEBek eta Iranek eztabaidatzen jarraitzen duten bitartean, Israelek ez du jarrera aldatu, eta erasoak egin ditu azken orduetan Gazan eta Libanon.

Gazari dagokionez, Gurutze Gorriaren nazioarteko batzordeak gaur jakinarazi du Tel Avivek Israelgo kartzeletan preso zeuzkan 24 lagun askatu dituela azken orduetan. Iturri horren arabera, Gazako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi ziren herritarrak dira denak, eta zenbait gizon edadetu zeuden tartean.

Palestinako Presoen Elkarteak, ordea, ordu batzuk geroago zabaldu du Israelgo estatu indarrek hirurogei lagun atxilotu dituztela Zisjordaniako Qalandiya herrixkako errefuxiatuen kanpalekuan —tartean, haurrak—. Palestinako Gurutze Gorriak salatu du Israelgo soldaduek bertako herritarrak jipoitu dituztela eta hogei lagun inguru artatu behar izan dituztela. Wafa Palestinako albiste agentziak, gainera, zabaldu du Israelgo soldaduek Askargo errefuxiatuen kanpalekuan ere egin dutela eraso.

Libanon, berriz, bestelakoa da agertokia, teorian. Praktikan, ordea, berdin-berdin jarraitzen du Israelek. Bi aldeak bilduta daude Erroman, AEBak bitartekari dituztela, auziari nola aurre egin aztertzen. Baina gobernuko kideak negoziazio mahaian egon arren, Israelgo armadak eraso egiten segitzen du. Gaur, esaterako, zortzi lagun zauritu ditu Libano hegoaldeko Burj al Shamali herrian. Era berean, Libanoko albiste agentzia nazionalak adierazi du atzo eta gaur aire erasoak egin dituela Israelek Mansouri —Israelek Libanon okupatuta daukan gunean dago— eta Majdal Zoun herrietan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA