Astelehenean agertu ziren COVI-19 gaitzaren lehen kasuak Gazako eremuan. Familia bereko lau kide dira gaixotutakoak, eta, gaitza zabaltzea eragozteko, 48 orduko itxialdia ezarri du Hamasek. Eskualdeak egunean lau orduz soilik du argindarra, Israelek abuztu hasieran erregaia sartzea debekatu baitzuen, eta salgaiak sartzeko pasabide bakarra itxi. Ondorioz, erietxeek ere baliabide gutxi dituzte balizko agerraldi bati aurre egiteko.
Egoera horretan, Qatarren giza laguntzaren zain daude herritarrak. Zenbait iturriren arabera, Gaza Berreraikitzeko Batzordeko buru Mohammed al-Emadi datozen orduetan iritsiko da eskualdera, Israelen azken asteetako bonbardaketek eta setioak zer-nolako kalteak eragin duen ikustera.
Israelek, berriz, ez dio utzi eskualdea bonbardatzeari bart gauean ere. Tel Aviven esanetan, puxika lehergarriak jaurti dituzte Gazatik hesiaren beste aldera, eta horiei erantzunez bonbardatu dituzte beraiek «Hamasen gordelekuak».