Japoniako atzoko lurrikarak ez du kalterik eragin Fukushimako zentralean

Onagawako zentral nuklearrean erreaktoreen hozte sistemak kaltetu direla iragarri dute

2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lurrak atzo dardara egin zuen, beste behin, Japonian. Martxoaren 11ko lurrikararen ondorioz, hildakoak zenbatzen, desagertuak bilatzen eta Fukushimako zentral nuklearretik datozen berriak itxaroten jarraitzen duten bitartean jasan dute 7,1 graduko lurrikara. Gertakariak alarma guztiak piztu ditu. Azkenik, baina, izualdi batean geratu da dena, agintarien arabera, ez baitu kalte larririk eragin.

Lurraren astinduaren ondotik, begi guztiak Fukushima zentral nuklearrera begira jarri dira.TEPCO enpresa kudeatzaileak langileak kanporatu ditu badaezpada ere, baina, geroago, lurrikarak kalterik eragin ez duela adierazi du. Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak, aldiz, Onagawako zentral nuklearreko erreaktoreen hozte sistemak kaltetu direla iragarri du.

Bestalde, gobernuak Fukushima inguruko huste eremua handitzea ikertzen ari dela iragarri du. Nazioarteak, Greenpeacek eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak hainbat aldiz eskatu diote, hain zuzen ere, huste eremua handitzeko. Erantzuna, ordea, ezezko borobila izan da orain arte, beharrezkoa ez dela argudiatuta. Atzo, krisiak luze joko duelakoan, iritziz aldatu zuen gobernuak.

Zentral nuklearretik hogei kilometro artean bizi diren biztanleak kanporatu zituzten Fukushima hondatu zuen lurrikararen eta tsunamiaren ondotik. 20 eta 30 kilometro artean bizi direnei, berriz, etxetik ez irteteko eskatu zieten; gerora, ahal izatera, alde egiteko esan zieten. Yukio Edano gobernuko eledunak eremu horretan dauden herritarrak erradiazio maila altua jasaten ari direla adierazi du, eta epe luzera arriskutsua izan daitekeela.

50 milisieverteko muga ezarri zuen gobernuak herritarrak lekuz aldatzeko. Muga hori hogeira jaistea da orain asmoa. Horrek hainbat hiriri eragingo lioke, baita 30 kilometrotik haratago daudenei ere. Fukushimatik 40 kilometrora, Iitate herrian, esaterako, 45 milisieverteko erradiazioa neurtu zuten martxoaren 15ean. Orduan eskatu zion IAEAk huste eremua handitzeko.

Bitartean, erreaktoreak hozten saiatzen jarraitzen dute langileek zentralean. Egoera, baina, kontrolpean izatetik urrun dago oraindik. Hidrogeno maila altuagatik leherketak egon zitezkeela iragarri zuten herenegun, eta hori saihesteko, erreaktoreen gordetegietan nitrogenoa sartzen hasi ziren atzo. Operazioa arriskutsua da, nitrogenoa txertatzerakoan gas erradioaktiboen isuriak gerta baitaitezke. Japoniako Segurtasun Nuklearrerako agentziak erradiazio aldaketak kontrolatzeko eskatu dio TEPCOri.

Horrez gain, zentralaren kanpoaldean plutonioa atzeman dute. Kantitate txikitan aurkitu dutela dio TEPCOk, eta maila horretan ez dela arriskutsua osasunarentzat. Zentraleko hirugarren erreaktorea da plutonioa duen bakarra. Elementu hori uranioa baino kutsagarriagoa da, eta isuri txikiekin minbizia eragin dezake.

Hildakoen kopurua gorantz

Egunez egun handitzen doa, bestalde, hildakoen kopurua. Azken zifra ofizialen arabera, 12.500dik gora dira hildakoak, eta kasik 15.000 desagertutakoak. Fukushimako huste eremuan ez dute bilaketarik egin, erradiazioagatik. Bitartean, 160.000 lagun babeslekuetan daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.