Japoniako Senatuaren erdia berritzeko hauteskundeak egin zituzten atzo, eta emaitza iragan urriko parlamenturako bozetako bera izan da: LDP Alderdi Liberal Demokratikoak ez du gehiengorik lortu. Shigeru Ishiba herrialdeko lehen ministroa da alderdi kontserbadore horretako buru, eta, bigarren ganbera horretan ere gehiengoa galdu ondotik, gobernuan jarraituko duela hitzeman du.
LDPk Komeito alderdiarekin osatzen du koalizioa, eta 47 eserleku lortu zituen atzoko bozetan. 124 eserleku zeuden jokoan, eta, hain zuzen ere, horietatik gutxienez 50 lortzea zen LDPren asmoa, hori baitzen gehiengoari eusteko behar zuen kopurua. Asmo horretatik urrun geratu da, baina, Ishibaren alderdia: hauteskundeak egin aitzinetik 141 eserleku zituen —Komeitorekin batera—, eta, orain, 122ra jaitsi da.
Urrian galdu zuen Ishibak behe ganberaren kontrola, eta atzo, goi ganberarena. Baliteke horrek kolokan jartzea lehen ministroa. Hala ere, ez du gobernua uzteko asmorik erakutsi: «Alderdirik bozkatuena gara oraindik, eta erantzukizuna dugu aurrez proposatu genituen politikekin jarraitzeko», erran zuen atzo, emaitzak atera berritan egindako agerraldian. «Aurrerantzean ere iritziak entzungo ditut, gure politika horiek nola egin erabakitzeko».
Ishibak, oraingoz behintzat, ez du koalizioa zabaltzeko asmorik, eta, Komeitorekin batera agintean jarraitzen saiatuko bada ere, ez du azaldu nola eginen duen hori. Bide batez, oposizioko alderdi guztiek baztertu dute LDPrekin koalizio bat egitea. «Egoera larria da, eta kolpea gogorra izan da, baina zintzotasunez onartu behar ditugu emaitzak. Oraindik jende anitz daukagu gure alde», erran du.
Gehiengotik urruti ibili da oposizioko alderdi nagusia ere, ezkerreko CDP Alderdi Konstituzional Demokratikoa. 22 eserleku lortu ditu, eta, hortaz, bigarren postua lortu du. Zentro-eskuineko Herriarentzako Alderdi Demokratikoa geratu da hirugarren, hamazazpi eserlekurekin. Oposizioko hirugarren bihurtu da Sanseito alderdia, eskuin muturrekoa, hamalau eserleku lortu ondotik.
Ishibaren alderdia babesa galtzen ari den arren, kontrako bidea egiten ari da eskuin muturra: Sanseitok bi ordezkari bertzerik ez zuen 2020an. Kontsumo produktuen prezioek nabarmen egin dute goiti, eta zergak murriztearen alde egiten duten alderdiak gero eta babes handiagoa jasotzen ari dira Japonian. Bertzalde, Berrezarkuntza alderdiak zazpi senatari eskuratu ditu, eta Alderdi Komunistak eta Reiwa ezkerreko indar politikoek, berriz, hiruna.
1950eko hamarkadatik ia etenik gabe izan dira boterean Alderdi Liberal Demokratikokoak, eta azken urteetako emaitzarik txarrenak izan ditu bai urrian, baita azken hauteskundeotan ere. Parte hartzeari dagokionez, %58k bozkatu zuten atzo; 2022ko bozetakoa baino sei puntu altuagoa da datua.
Muga zergen negoziazioa
Ganberen kontrola galduta ere, erabakiak hartzen ari da oraindik Ishiba. Gaur adierazi duenez, AEB Ameriketako Estatu Batuekin muga zergak negoziatzen jarraituko du; baita prezioen igoeraren ondorioak kudeatzen ere, horrek guztiak zuzenean eragiten baitio munduko laugarren potentzia ekonomiko handienari.
Dena dela, Ishibak Donald Trump AEBetako presidentearekin duen hitzordua baldintzatu eginen dute azken hauteskundeetako emaitzek. Abuztuaren 1a baino lehen akordio bat lortu beharko du Japoniak, Trumpek epemuga hori jarri baitio hitzarmen bat egin eta %25eko muga zerga jartzea saihesteko. Joan den astean murriztu egin ziren Japoniaren esportazioak, eta horrek etorkizunean krisi bat sortzeko beldurra zabaldu zuen herrialdean.