Japoniako lehen ministroak zentsura mozioari aurre egin dio, baina kargua utziko du

Lurrikarak eragindako kalteak konpontzeko lanak eta krisi nuklearra bideratu ostean utziko du kargua Naoto Kanek

2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espero ez bezala, Naoto Kan Japoniako lehen ministroaren aurka oposizioak aurkeztu duen zentsura mozioa ez da aurrera atera Legebiltzarrean. Arrazoi nagusia, Kanek dimisioa emango duela hitzeman izana. Izan ere, bozketaren aurretik, jakinarazi du «herriaren gidaritza belaunaldi berrien esku» utziko duela martxoaren 11ko lurrikarak eragindako kalteen konpontze lanak eta Fukushima zentral nuklearreko krisia bideratu ostean.

Lehen ministroaren aldeko botoak 293 izan dira, eta kontrakoak, berriz, 152. Azken horietako bi, gutxienez, Kanen alderdiko kideenak izan dira. Lehen ministro karguari eutsiko badio ere, aurkezten dituen legeak blokatzeko mehatxua egin du oposizioak.

Lurrikararen aurretik ere Kanen gobernuaren ospea gainbeheran zegoen, ustelkeria eskandalu baten harira. Hondamendiaren inguruan izan duen kudeaketaren ondorioz, baina, kritika guztien jomuga bilakatu da, izan ere lidergo falta egotzi diote. Nikkei egunkariak egindako inkestaren arabera, herritarren %74 ez daude gustura Gobernuak krisi nuklearraren aurrean eman duen erantzunarekin.

Agintean geratzen zaion denboran —ez du zehaztu noiz utziko duen kargua— berreraikitze lanetan jarriko ditu indarrak, eta baita alderdiaren barruan batasuna mantentzean ere. Bestalde, oposizioko Alderdi Liberal Demokrata, agintean 54 urtez egon zena, boterera heltzea saihesten ere saiatuko da Kan.

Iragan ekainean hartu zuen Kanek herrialdearen gidaritza, eta ekonomia garbitzeko ardura hartuko zuela agindu zuen. Izan ere, Japoniako zor publikoa lurrikararen aurretik barne produktu gordina halako bi zen. Bederatzi graduko lurrikarak, baina, hankaz gora jarri zuen herrialdea.

Krisi nuklearra «larria» da

II. Mundu Gerratik izan duten krisirik larriena izan da; 23.000 hildako edo desagertu eragin ditu. Milaka etxe txikitu ziren, olatuek herri osoak irentsi zituzten, eta Fukushiman krisi nuklearra eragin zuen bertako zentral nuklearreko erreaktoreen hozte sistemak hondatu eta gero.

Hain justu, Fukushima oraindik kezka iturri da. Apirilean, TEPCO zentral nuklearraren enpresa kudeatzaileak zentrala kontrolpean izateko bederatzi hilabete beharko zituela iragarri zuen. Ezustekoak eta zailtasunak, ordea, bata bestearen atzetik ailegatu dira, eta ziurrenera egoera kontrolatzeko denbora gehiago beharko dutela diote orain.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak egoera oraindik «larria» dela dio. Izan ere, lehen erreaktoreko erregaiak urtu egin ziren, eta ziurrenera baita bi eta hirugarren erreaktoreetakoak ere. Erradioaktibitate isuriak eragiten dituzte, oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.