Japonian martxan den azken erreaktorea itzaliko dute maiatzean

Bi erreaktoreri egindako probak ontzat jo ditu Nuklearren Segurtasun Batzordeak; jarduera hasteko lehen urratsa da

Erredakzioa
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Japoniako Kashiwazaki-Kariwa zentral nuklearreko erreaktore bat itzali zuten atzo, eta, beraz, herrialdeak dituen 54 erreaktoreetatik bakarra dute martxan, Tomari zentralekoa: maiatzean etengo dute haren martxa ere.

Iazko martxoan izandako tsunamiak Japoniako krisi nuklearrik handiena eragin zuenetik,Fukushimako zentralaren arduradun Tepcok bere erreaktore atomiko guztiak itxi ditu, 2003tik lehen aldiz: hain zuzen, hamazazpi itxi ditu. Enpresa horrek kudeatzen du, nagusiki, Tokio inguruko argindarra —30 milioi herritar ingururena—, eta zentral termikoen jarduera martxan jartzeari ekin behar izan dio. Gainera, enpresa pribatuei eskatu die argindarraren erabilera kontrolatzeko.

Kezka dago udan argindarraren erabilerak beroagatik goia jotzen duela eta, mozketak espero dituztelako. Erreaktore guztiak itzalita edukiz gero, iaz baino%10 gutxiago izango dute.

Berriz ere martxan jartzeko, hainbat proba gainditu behar dituzte erreaktoreek. Joan den astean, Japoniako Nuklearren Segurtasun Batzordeak ontzat eman ditu bi erreaktoreri egindako probak, eta hori lehen urratsa da jarduerari berriz ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.