Hilberria

Jaques Chirac Frantziako presidente ohia hil da

Bere sendiak jakinarazi du haren heriotza. 86 urterekin zendu da. Nazioartean garatu dituen politikek nabarmendu dute gehiago, Frantzia barnerako hartu zituen neurriek baino. Elkarlan polizial eta judiziala indartu zuen Espainiarekin, ETAren aurka jarduteko.

Jose Maria Aznar eta Jacques Chirac, 2003an. CHRISTOPHE ENA, EFE
2019ko irailaren 26a
13:42
Entzun

Jaques Chirac politikari kontserbadorea Frantziako presidente izan zen 1995. eta 2007. urteen artean. Lehen ministro izan zen aurretik, 1974-1976 eta 1986-1988 urteen artean. Frantziako diputatu (1967), Nekazaritza ministro (1972) eta Barne Arazoetako ministro ere (1974) izan zen. 40 urtez jardun zuen politikan, eta, denbora horretan, ugariak izan dira haren ibilbidearen argi-itzalak. Ñabardurak egin daitezkeen arren, esan daiteke Chiracek arrakasta handiagoa izan duela nazioarteko politikan, Frantzia barneko politikan baino. Chiracek urte batzuk zeramatzan politikatik aldenduta. Buruko arazo baskularra izan zuen 2005. urtean.

1995ko maiatzean, Frantziako presidente hautatu zuten, "gizarte haustura" apurtzeko lau haizeetara zabaldu zuen mezuak herritarren aldaketa nahiarekin topo egin zuelako. Hirugarren aldia zen presidente kargurako aurkezten zela. Herritar asko haserre zegoen, gobernu sozialistek ez zituztelako bete agindutako neurriak. Alabaina, Chiracen agintaldian txandakatu ziren gobernuek ez zuten gizarte haustura gutxitu, areagotu baizik. Langabezia tasa %11,3tik (1995ean) %8,3ra jaitsi bazen ere, lanaren prekarizazioa hedatu egin zen.

Frantziar asko atsekabe eta lilura galtze horren lekuko izan ziren. Boterera iritsi eta bi urtera soilik —1997an—, legebiltzarra desegitea ebatzi zuen, eta alderdi errepublikanoak porrot egin zuen bozetan. 2002an, Jean-Marie Le Pen eskuin muturrekoari gailendu zitzaion presidentetzako hauteskundeen bigarren txandan, bozen %82,21 lortuta. 2004an, aldiz, Eskualdetako eta Europako Legebiltzarrerako bozetan emaitza kaskarrak izan zituzten eskuineko indarrek.

Frantzian, beraz, ekonomia alorrean eta gizarte politiken arloan, Jaques Chiracen agintaldia porrot nabaria izan zen askoren iritziz. Itzalen artean, hala ere, bada argirik. Chiracek adierazpen historikoa egin zuen aitortu zuenean Frantziak erantzunkizuna zuela Petain mariskalaren aginte kolaboratzaileak juduen deportazioan izan zuen esku hartzean (1940-1944).

Nazioarte arloan ere argi jokatu zuen Chiracek. 2003. urtean, Ameriketako Estatu Batuei aurre eginda, Frantziak Irakeko gerrari arbuio egiteak oihartzun oso handia izan zuen. Palestinarren eta oro har arabiarren adiskide gisa jardun zuen, eta, Jerusalemen 1996ko urrian egin zuen kale ibilaldi batean, ozta-ozta saihestu zen diplomazia istilua.

Jacques Chirac Bernadette Chodron de Courcelekin ezkondu zen 1956an, eta bi alaba sortu zitzaizkien: Laurence eta Claude. Azken horrek aitaren aholkulari lanetan jardun zuen.

Elkarlan polizial eta judiziala Espainiarekin

Chirackek ETAren kontra jarduteko elkarlana indartu zuen Espainiarekin, Jose Maria Aznar Moncloan zela. 2003ko azaroan, Carcassoneko batzarrean, elkarlan polizial eta judizialerako akordioa sinatu zuten bi herrialdeek. Harekin, estatu bateko zein besteko poliziei albokoan jarduteko aukera aitortzen zitzaien.

Chiracek ez zuen konponbide negoziaturik defendatu euskal gatazkari irtenbidea emateko. Bake prozesu bat abian jarri ordez, ezinbestekotzat jo zuen "zapalkuntzan eta prebentzioan aurrerapenak egitea". Presidente izan zen artean, Espainiak ezarritako irizpideak defendatu zituen ETAren kontra aritzeko, baita euskal presoen aferan ere.

Euskal Departamenduari buruz, presidente ohiak adierazi zuen hura eratzea Euskal Herriaren "interes ekonomikoen aurka" zihoala. Haren iritziz, ez zen "euskal kulturaren ezagupenerako biderik hoberena". Ohartarazi zuen Hegoaldeko eta Iparraldeko lurraldeak batuko lituzkeen "euroeskualderako eta independentziarako urrats" gisa erabiliko zutela abertzaleek.

Euskarari dagokionez, Chiracek argi zuen frantsesa lehenetsi behar zela euskararen aurretik, hura zelakoan "nortasun nazionalaren oinarri". Presidente ohiaren esanetan, "horrek ez du kentzen eskualde hizkuntzek bizitzeko duten gogo zilegia". Adierazi zuen Frantziako legedia ez dela oztopo euskararen garapenerako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.