Bat datoz inkesta guztiak: Jeannette Jara ezkerraren hautagaiak irabaziko ditu bihar Txileko presidentetzarako bozak. Baina azterketa horietako datuen batezbestekoak beste zerbait ere adierazten du, nabarmen: ez dela gai izango botoen erdiak edo gehiago biltzeko —%25-30 lortzekoa da—, eta, horrenbestez, bozen bigarren itzulia egin beharko dutela, abenduaren 14an. Eta kontuan hartuta oso litekeena dela hori gertatzea, Txileko Alderdi Komunistako militante historikoa, azken hiru urteetan Lan ministroa izandakoa, bakarrik, oso bakarrik egongo da eskuineko hautagaien aurrez aurre: Jose Antonio Kast (%20) eta Johannes Kaiser (%15) ultrak eta Evelyn Matthei eskuin tradizionalaren presidentegaia (%15) bi txiletarretatik baten babesa biltzekoak dira bihar. «Bigarren itzulira begira egindako inkesta guztiek adierazten dute birtualki ezinezkoa dela Jarak irabaztea», esan du David Altman politologoak. Gainera, Diputatuen Ganbera osoa eta Senatuaren parte bat berrituko dituzte bihar.Â
Badaude antzekotasunak, nolabait, duela lau urteko egoeraren eta oraingoaren artean. Izan ere, 2021ean Gabriel Boric ezkerraren hautagaia —egungo presidentea da, eta, legediaren arabera, estatuburu batek ezin ditu egin bi agintaldi jarraian — eta Kast bera igaro ziren bigarren itzulira. Orduan, baina, txiletarren %40k egin zuten eskuin tradizionalaren edo ultren alde; ez, orain aurreikusita dagoen bezala, herritarren erdiek. Kaiser, artean, politikagintzaren lehen lerrora jauzi egin gabe zegoen.
«Antzekotasunak badaude. Bai orduan, bai orain, jende asko itota dago bi aukeren artean, eta biak dira izugarriak», azpimarratu du Altmanek, telefonoz. Zientzia Politikoetan doktorea da, Txileko Unibertsitate Katolikoko irakaslea, eta bi aukera horien ezaugarrien berri eman du. «Jara, zer kudeatu behar zuen kontuan hartuta, eraginkorra izan da Lan ministro gisa. Pertsona normal bat da, jatorra, eta erraza da harengana hurbiltzea. Txileko herritar arruntak ordezkatzen ditu».Â
Ezkerrak egindako primarioak irabazi ondoren bihurtu zen Jara presidentegai, ekainean. Botoen %60 pasa bildu zituen. Altmanen ustez, Alderdi Komunistako militante izatea du «ahulune nagusia». «Alderdi horrek Kim Jong-un [Ipar Koreako lider gorena] agurtzen du, esaterako. Posizio oso erradikalak ditu». Hori bai, politologoari iruditzen zaio Jara Alderdi Komunistatik aldentzen ahalegindu dela behin presidentegai hautatua izan ondoren.
«Antzekotasunak daude. Bai 2021ean, bai orain, jende asko itota dago bi aukeren artean, eta biak dira izugarriak»
DAVID ALTMANÂ Politologoa
Adibide bat: Kubako sistemaz zer esaten duen. Primarioen aurretik zera adierazi zuen elkarrizketa batean: «Gurearekin alderatuta diferentea den sistema demokratiko bat du Kubak». Irail amaieran, aldiz, beste elkarrizketa batean, elkarrizketatzaileak galdetu zion ea ez ote zuen pentsatzen Kuba diktadura bat zenik. «Argi dago ez dela demokrazia bat, baina haiei dagokie beren arazoak konpontzea», erantzun zuen Jarak. Horiek horrela, Lautaro Carmona Alderdi Komunistako presidenteak behin baino gehiagotan kritikatu du presidentegaia azken hilabeteetan, iruditzen baitzaio onartu beharko ez lituzkeenak onartzen ari dela.

Altmanen esanetan, Jarak jarraitutasuna proposatzen du, «zuzenbideko estatu sozial bat». Kast du kontrario nagusi, eta hark, ezkerreko hautagaiak ez bezala, ez ditu Txileko herritar arruntak ordezkatzen, politologoak dioenez. «Urte asko daramatza diputatu. Nolabaiteko malgutasuna erakusten du mitinetan eta; atsegina da». Gai batzuetan «oso ortodoxoa» da. «Txileko gizartea hark nahiko lukeen baino liberalagoa da». Hain zuzen ere, sexu berekoen arteko ezkontzaren, abortuaren eta eutanasiaren inguruko kontuetan antzematen zaio ikuspegi hori. Gainera, Kasten agendan gorriz azpimarratuta daude immigrazioa eta segurtasuna, esaterako.
Herritarrak, aldenduta
Hogei urte igaro dira ofizialismoaren presidentegai batek hauteskundeak azkenekoz irabazi zituenetik. Ordutik, Moneda jauregian txandakatu egin dira presidenteak: batean eskuineko bat, bestean zentro-ezkerreko bat. «Txileko politikagintzak flipper joko batek bezala funtzionatzen du, alde horretatik», azaldu du Altmanek. Eta zera jotzen du horren eragiletzat, Michelle Bachelet zentro-ezkerrekoa presidente zela, 2015ean, Txileko Kongresuak onartutako hauteskunde erreforma. «Desastre hutsa izan zen, herritarrek alderdien sistemarekin zuten deserrotzea areagotu baitzuen, eta herritarrak politikatik aldendu». Dena den, politologoak nabarmendu nahi izan du «gorabehera» horiek ez direla soilik erreformaren ondorio.Â
Parte hartzea %47koa izan zen bai 2017ko bai 2021eko lehen itzulietan; bigarrenean, zerbait igo zen 2017an (%49), eta gehixeago duela lau urte, %55eraino. Duela hiru urtetik, baina, botoa ematea derrigorrezkoa da, diktadura militarra (1973-1989) amaitu ondorengo lehen hogei urteetan bezala. Hamabost milioi lagun daude deituta botoa ematera.
Hain zuzen, 2022an bihurtu zuten derrigorrezko botoa ematea, urteko hartako irailean bozketa bat egin baitzuten Augusto Pinochet jeneralaren garaiko (1980) konstituzioa baliogabetzeko eta beste bat ezartzeko. Biltzar Konstituziogileak idatzi zuen testua —biltzarra ezkerrekoa zen, batez ere—, eta hamar herritarretik seik kontra bozkatu zuten: %61,86. Parte hartzea %85ekoa izan zen. «Hainbatek esaten dute gobernua egun hartan hil zela. Borici oso gaizki atera zitzaion apustua», esplikatu du Altmanek. Urtebete pasa geroago, 2023ko abenduan, eskuinak konstituzioa berritzeko idatzitako proposamenaren kontra bozkatu zuten txiletarren %55ek.