Trumpek «jazarpen politikoa» salatu du, haren aurkako lehen epaiketaren hasieran

Zigor auzibide bati aurre egin behar dion AEBetako lehen presidentea da. Epaimahaia hamabi pertsonak osatuko dute, eta bostehun hautagai galdekatuko dituzte.

TRUMP
Donald Trump, Manhattango epaitegira sartzen. MICHAEL NAGLE / EFE
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 15a
19:30
Entzun

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren (2017-2021) kontrako lehen epaiketa hasi dute New Yorken, Stormy Daniels aktore pornoari egindako ordainketa ezkutatzeko ustez dokumentuak faltsutzeagatik. Lehen aldia da AEBetako estatuburu ohi bat zigor auzibide batean epaitzen dutena. Prozesuak sei eta zortzi aste bitartean iraungo du; 34 delitu leporatzen dizkiote, eta baliteke lau urtera arteko kartzela zigorra ezartzea.

Trumpek akusazioa ukatu egin duen arren, fiskaltzaren ikerketak zera dio: 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpaina betean zirela, buruzagi errepublikanoak, kanpainako funtsak erabiliz, 120.000 euro ordaindu zizkiola pornografian aritzen zen Stormy Danielsi, Michael Cohen abokatuaren bitartez, Danielsek ez zezan zabaldu Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Presidente izandakoak esana du ez zuela sexu harremanik izan Danielsekin, baina aktoreak baietz dio. 

Berez, isilik egotearen truke diru kopuru bat ordaintzea ez da legez kanpokoa, baina Manhattango fiskal Alvin Braggek uste du Trumpek bere enpresaren kontuak faltsutu zituela ordainketa hori ezkutatzeko. Michael Cohen abokatua izango da fiskaltzaren lekuko garrantzitsuenetako bat auzian, eta hark esana du Danielsi ordainketa egin ziola, Trumpek aginduta. 

Gaur, epaimahaiaren hautaketari ekin diote. Prozesu horrek bi aste iraun ditzake. Bostehun hautagai inguru daude, eta hamabi aukeratu behar dituzte fiskaltzak eta defentsak. 42 galderari erantzun beharko diete, besteak beste, informatzeko zer komunikabide erabiltzen dituzten, eta inoiz Trumpentzat lan egin ote duten edo haren mitinetako batera joan ote diren. Epaimahaikideen hautaketa prozesuan egoteko baimena jaso du Trumpek, baina isilik egoteko baldintza beteko ez balu, atxilotu egingo dutela ohartarazi dio Juan Merchan epaileak. 

Gaur, sare sozial batean, Trumpek adierazi du lasai dagoela, «200 milioi estatubatuarren maitasuna» duelako. Eta epaitegira iritsi zenean, honako hitz hauek baino ez zituen esan kazetarien aurrean: «Hau jazarpen politikoa da, inoiz ez bezalako jazarpena. AEBei egindako eraso bat da. Eta horregatik nago oso harro hemen egoteaz. Hau eraso bat da. Gure herriaren aurka. Eta porrot egiten ari den herrialde batena».

Beste hiru auzibide

Gaur hasitakoaz gain, Trumpek beste hiru auzibide ditu zabalik: Georgian 2020ko bozak manipulatzeagatik, sekretupeko dokumentuak Miamiko bere etxean ezkutatzeagatik, eta 2021eko AEBetako Kapitolioko istiluengatik. Halaber, lortu du zenbait auzitatik zigorrik gabe irtetea. Etxe Zurian zela, Kongresuak bi ahalegin egin zituen impeachment prozeduraren bidez hura kargugabetzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Batean, 2016ko bozetan bere kanpainak Errusiarekin izan zituen loturengatik egin zioten epaiketa politikoa, eta, bigarrenean, Kapitolioaren kontrako erasoan ustez izandako erantzukizunagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.