Jean-Pierre Bembari abuztuan emandako behin-behineko askatasunaren kontra ebatzi du orain Hagak. Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteorde ohiak ihes egiteko arriskuan dela uste du Nazioarteko Zigor Auzitegiko Helegite Ganberak. Gerrillaren buruari iragan abuztuan eskaini zioten askatasuna epaiketa egin bitartean, baina helegitea aztertu ostean, ihes egiteko arriskua ez zela behar bezala neurtu ondorioztatu du Hagak. Kongoko Askapen Mugimenduaren buruzagiari gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak leporatzen dizkiote; ustez 2002ko urria eta 2003ko martxoa bitartean egindakoak. Orotara bost kargu daude zabalik haren kontra, armada burua zenean hilketak, bortxaketak eta lapurretak egin izanagatik. Bemba iazko maiatzean atxilotu zuten Belgikan, eta bi hilabete geroago eraman zuten Hagara. Bere kontrako epaiketaren eguna ezarri gabe dago oraindik.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, bien bitartean, beste urtebetez luzatu du herrialdeari ezarritako arma bahimendua; soldaduak eta poliziak ez beste talde armatuei armak ematea debekatzen du zigorrak -NBEk 2003. urtean ezarri zion zigorra Kongori-.
Jean-Pierre Bembari behin-behineko askatasuna ukatu dio Hagak
Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteorde ohia ihes egiteko arriskua dagoela dio epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu