Frantzia

Jendarmeen granaden osagaiak aurkitu dituzte Sivenseko urtegian hildako gaztearen arropetan

Albiko prokuradoreak onartu du Remi Fraisse ekologistaren arropetan TNT arrastoak aurkitu dituztela eta Poliziak erabiltzen dituen granadek osagai hori dutela.

2014ko urriaren 28a
12:57
Entzun

Okzitanian, Remi Fraisse 21 urteko ekologista hilik aurkitu zuten igande goizaldean, Sivenseko urtegiaren kontrako protesta batean Poliziarekin istiluak izan ostean. Autopsiak astelehenean erakutsi zuen bizkarretik jasotako leherketa baten ondorioz hil zela, eta gaur Albiko prokuradoreak jakinarazi du haren arropetan TNT lehergaiaren arrastoak aurkitu dituztela; Poliziak erabili ohi dituen granadek osagai horixe dute. Ikerketa oraindik ez dela amaitu nabarmendu du prokuradoreak, baina baieztapen hori bat dator 2.000 laguneko manifestazioari jendarmeak oldartu zitzaizkiola eta granadak ere jaurti zituztela dioten lekukotzekin.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak ika-mika gogorra izan du azken egunotan Jose Bove eurodiputatuarekin eta Cecile Duflot ministro ohiarekin. Bovek polizien operatibo handi bat "tentsioa sortzeko" antolatu zuela egotzi dio Cazeneuveri, eta ministroak onartezintzat eta eskandalagarritzat jo du gazte baten heriotza "instrumentalizatzea".

François Hollande presidenteak ere esku hartu behar izan du gobernuaren eta oposizioaren arteko ika-mikan, eta "ardura" eskatu die herri ordezkariei, tentsioa baretzeko. "Gobernuak lan zaila dauka, manifestazio bortitzak izan baitira. Segurtasun indarrek neurri egokiko erantzuna eman behar dute.

François Fillon lehen ministro ohi kontserbadoreak, berriz, ekologistak gaitzetsi ditu, azkenaldiko manifestazioetan istiluak eragin bide dituzten "muturreko ekintzaileekin" harremanak dituztelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.