Jesse Jackson hil da, azken mende erdian AEBetan eskubide zibilen aldeko aktibista nabarmenenetakoa izandakoa. 84 urte zituen. «Gure aita besteen zerbitzura egondako lider bat izan zen: gure zerbitzura, zapalduen zerbitzura, ahotsik ez dutenen eta ahaztuen zerbitzura», azpimarratu dute haren senideek, heriotzaren berri emateko oharrean. Paralisi supranuklear progresibo bat pairatzen zuen duela hamar bat urtetik hona.
Hego Karolinan jaio zen, non, artean, arraza segregazioa zegoen indarrean. 1960ko hamarkadan bihurtu zen ekintzaile, eta Martin Luther Kingen gertukoa izan zen. Artzain bautista zen Luther King —1968an hil zuten hura—, eta Jacksonek ere bide bera hartu zuen.Â
1965ean, Jacksonek parte hartu zuen beltzen bozkatzeko eskubidearen alde Selman (Alabama) egindako martxa ikonikoan, eta 2018an zera esan zion El PaĂs egunkariari, elkarrizketa batean: «Gure arma nagusia botoa da. Hori izan zen Martin Luther Kingek erakutsi zigun ikasgai nagusia».Â
Jackson bera AEBetako presidente izaten saiatu zen 1984an eta 1988an, eta Alderdi Demokrataren primarioetan lehiatu zen bi aldi horietan. Hogei urte geroago, 2009an, Barack Obama AEBetako lehen presidente beltza bilakatu zen. «Une bikaina izan zen hura», adierazi zion Jacksonek The Guardian egunkariari 2020an elkarrizketa batean, Obamaren garaipena oroitzean. Horri guztiari buruz, hau da, 1980ko hamarkadan eman zuen pausoaz, mintzatu zen Jackson: «Aitzindari bat izan nintzen, esploratzaile bat. Aurre egin behar izan nien beltz baten hautagaitzak eragin zituen dudei, zinismoari eta beldurrari».
Baina urrats hori egiteko, aurrez beste batzuk egin zituen. Luther King hil ondoren, eskubide zibilen aldeko lider nagusietako bat bilakatu zen, eta, 1969an, Ortzadar Koalizioaren sortzaileetako bat. Aliantza hark barruan bildu zituen afro-amerikarrak, zuriak, latinoamerikak, asiarrak, AEBetako amerindiarrak eta, besteak beste, LGTBI pertsonak. «Gure bandera gorri-zuri-urdina da, baina gure nazioak ortzadar kolorea du, eta, Jainkoaren begietara, denok gara baliagarriak», adierazi zuen Jacksonek behin, koalizio hartaz galdetu ziotenean.

Koalizio hura plataforma gisa baliatu zuen Alderdi Demokrataren presidentegai izaten ahalegintzeko. Urte batzuk geroago, Bill Clinton herrialdeko presidente izan zen garaian (1993-2001), Etxe Zuriaren Afrikarako ordezkari izendatu zuten Jackson. 1980ko eta 1990eko hamarkadan, gainera, parte hartu zuen besteak beste Sirian, Kuban, Iraken eta Serbian preso zeuden soldadu estatubatuarrak askatzeko negoziazioetan.
«Banaiz nor»
Hitza hartzen zuenean, zuzen mintzatzen zen, aho bizarrik gabe. Eta hitzaldietan, «banaiz nor» errepikatu ohi zuen, bai bera eta bai parean zituenak ahalduntzeko. Jesse: The Life and Pilgrimage of Jesse Jackson (Jesse, Jesse Jacksonen bizitza eta erromesaldia) biografia kaleratu zuen Marshall Fradyk 1996an, eta egileak elkarrizketa batean esan zuen Jacksonek talentu handia zuela, baina «segurtasun gabeziek» oinazetzen zutela.

Noah Robinson zen Jacksonen aita —dena den, haren ama Helen Burnsekin ezkondutako gizonarekin, Charles Henry Jacksonekin, bizi izan zen adingabea zenean—, eta hark 1984an esan zion The New York Times-i «berezia» zela bere semea. «Zera esaten zuen: 'Ibaietan barrena gidatuko dut jendea'». Jacksonen senideek gaur nabarmendu dute «milioika» lagun inspiratu zituela, «justizian, berdintasunean eta maitasunean zuen fede itsuagatik».