AEB-ak

Joe Biden alde handiz gailendu da Hego Carolinako primarioetan

Botoen ia erdiak lortu ditu Astearte Handiaren atarian; Sanders geratu da bigarren, botoen %20ekin.

Joe Biden, garaipena ospatzen, Hego Carolinako Columbia hiriburuan. JIM LO SCALZO / EFE
2020ko martxoaren 1a
08:39
Entzun

Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteorde ohiak aise irabazi ditu Alderdi Demokrataren primarioak Hego Carolinan, %48,4ko babesarekin. 255.320 boto eta 31 ordezkari lortu ditu. Bernie Sanders bigarren geratu da, Bidenek lortutako babesaren erdira ere iritsi gabe (%19,9): 104.984 boto eta hamar ordezkari.

Emaitza horiek ikusita, Bidenek adierazi du «askoz ere biziago» daudela orain: «Azkenaldian, hedabideek hiltzat jo zuten kanpaina hau. Alderdi Demokrataren bihotzari eskerrak, irabazi egin dugu, eta ondo irabazi, gainera».

Tom Stever enpresaria izan da hirugarrena. 59.729 pertsonak bozkatu dute haren alde (%11,3), eta dagoeneko esana du ez duela jarraituko Alderdi Demokrataren hautagai izateko lehian. Haren atzetik geratu dira Pete Buttigieg (%8,2) eta Elizabeth Warren (%7,1).

Hego Carolinako primarioak berebiziko garrantzia duen aste baten atarian egin dituzte, asteartean hautatuko baitituzte Alderdi Demokrataren ordezkarien herenak. Astearte Handia esaten diote: primarioak egingo dituzte Kalifornian, Texasen, Ipar Carolinan, Virginian, Massachusettsen, Minnesotan, Coloradon, Tennesseen, Alabaman, Oklahoman, Arkansasen, Utah-n, Mainen, Vermonten eta Samoa Estatubatuarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.