Katalunia

Jordi Sanchez bigarrena izango da Junts per Catalunyaren hautagaitzan

ANCko presidente kargua utzi du eta bigarren tokia hartuko du Junts per Catalunyaren zerrendan, Carles Puigdemonten atzetik.

Carls Puigdemont Kataluniako presidentea eta Jordi Sanchez ANCko presidentea, aurtengo Diadako manifestazioan, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA, EFE
2017ko azaroaren 16a
08:25
Entzun

Sanchezek hautagaitzarekin bat egin duela jakinarazi du PDECatek. ANCko burua Soto del Realeko kartzelan (Madril) dago espetxeratuta egun, kautela neurri gisa, epaiketaren zain, sedizio delitua leporatuta. Espetxetik idatzi duen eskutitz batean nabarmendu du ANCk prozesu subiranistarentzat duen garrantzia. "Funtsezko pieza da, nahitaezko motorra gure herria ibil dadin. Uko ez egitearen eta duintasunaren ziurtasuna. Batasunaren eta transbertsalitatearen bermea. Batasun hori elikatzen eta bilatzen jarraituko dut etorkizunean izan dezakedan arduratik, beti egin dudan bezala". Sanchezek ziurtatu du "batasunak" egingo dituela subiranistak "garaile".

Sanchezek prozesu subiranistarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi du, espetxean daudenen nahiz Belgikan erabaki judizial baten zain daudenen egoera "latza" den arren. "Ez diogu uko egin eta ez diogu sekula uko egingo demokrazian eta erabateko askatasunean herrialde libre bat eraikitzeari". Abenduaren 21eko hauteskundeetan, independentziaren aldeko bozek hautetsontzietan gainezka egingo dutela ziurtatu du.

Sanchezekin batera espetxeratu zuen Auzitegi Nazionalak Jordi Cuixart Omniumeko presidentea. Sanchezek ez bezala, Cuixartek inolako hautagaitzetan ez parte hartzea erabaki du, "Omniumek guztiona izaten jarrai" dezan.

Gaur hilabete agindu zuen Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak Sanchez eta Cuixart espetxeratzea, sedizio delitua leporatuta, irailaren 20an eta 21ean Kataluniako Ekonomia kontseilaritzaren aurrean egindako mobilizazioak direla eta. Espainiako Estatuak Generalitatearen hainbat kontseilaritzaren aurka egin zuen polizia operazioa salatzeko mobilizazioak izan ziren.

Sanchez eta Cuixarten kartzelatzeak protesta jendetsuak eragin ditu Katalunian eta Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.