aita santuaren aukeraketa

Jorge Mario Bergoglio argentinarra da aita santua

76 urte ditu, eta jesuita da. Frantzisko I.a izango da. Latinoamerikako lehen aita santua da, eta historiako 266.a. Arratsaldeko zazpiak aldera atera da ke zuria. Kanpai hotsak entzun dira Done Petri plazan lehenik, eta musika bandaren hotsak gero. Milaka lagun bildu dira plazan.

2013ko martxoaren 13a
23:26
Entzun

Benedikto XVI.a izan du gogoan Frantzisko I.ak jende aurrean egindako lehen agerraldian. Haren alde otoitz egiteko deia egin du, eta plazan bildutako guztiek otoitz egin dute elkarrekin. "Espero dut gaur hasten dugun bide hau emankorra izatea Elizarentzat", esan du. Laburra izan da haren agerraldia.

Jorge Mario Bergoglio argentinarrak (Buenos Aires, 1936) Frantzisko I.a izena hartu du. 1936ko abenduaren 17an jaio zen, italiar jatorriko familia batean. Ingeniari kimiko gisa graduatu zen, baina apaiz sartzea erabaki zuen gero. Villa Devoto seminarioan aritu zen fraidegai. Filosofia lizentziaduna ere bada, eta Santa Feko eskola batean literatura eta psikologia eskolak eman zituen 1964 eta 1965 bitartean. Teologia ikasketak egin zituen 1967tik 1970era.

1969ko abenduaren 13an apaiztu zen, eta geroztik luzea izan da haren ibilbidea; tartean, Buenos Airesko artzapezpikua izan da. Joan Paulo II.a hil ondoren, bera izan zen kargua hartzeko hautagaietako bat —Joseph Ratzingerrek hartu zuen kargua orduan—. Bergoglio bozkatuenetan bigarrena izan zen.

Bere ibilbidean, polemika piztu zuten sexu berekoen ezkontzaren gainean egindako adierazpenek. 2010eko uztailean, ezkontzaren lege proiektua onartzear zirela, Bergogliok esan zuen "deabruaren mugimendua" zela proiektu hori. Nestor Kirchner Argentinako presidente ohiak Elizaren "presioak" salatu zituen gai horren gainean.

Bi jesuitaren desagerpenarekin ere lotu izan dute Bergoglio. Diktadura garaian, Francisco Jalics eta Orlando Yorio apaizak bahitu zituzten, eta, auzian zerikusia izan zuelakoan, deklaratzera joateko eskatu zuten hainbatek.

Hainbat libururen egilea ere bada Bergoglio. Meditaciones para religiosos (1982), Reflexiones sobre la vida apostólica (1986) eta Reflexiones de esperanza (1992) idatzi ditu, besteak beste.

Ke zuria, 19:00 aldera

Aita santu berria hautatzeko ados jarri dira 115 kardinalak Sixtoren Kaperan, Vatikanoan, ke zuria atera baita tximiniatik. Beraz, Benedikto XVI.a aita santuaren ordezkoa aukeratua zuten: Jorge Mario Bergoglio argentinarra. Jean Louis Tauran kardinala Done Petri basilikako balkoira atera da izenaren berri ematera.

Txaloka eta oihuka hasi dira Done Petri plazan bildutakoak ke zuria ikusi bezain pronto. Malkoak, poza eta besarkadak ikusi dira han bildutakoen artean. Viva il Papa leloa zuten pankartak eta hainbat herrialdetako banderak astindu dituzte fededunek; Polonia, Errumania, Espainia, Argentina, Italia eta Brasilgo banderak, besteak beste.

25 ordu aukeratzeko

Atzo elkartu ziren aurrenekoz kardinalak; ke beltza atera zen, lehen bozketan inork ez baitzituen beharrezko 77 botoak eskuratu. Gaur ere goizeko bi bozketetan ez dute inor aukeratu, eta ke beltza atera da. Orotara, 25 ordu behar izan dituzte aita santua hautatzeko.

Gaur 17:30-18:00etarako espero zen ke zuria ateratzea, eta ordu horretarako fumata zuririk ez bazegoen, beltza izango zela uste zen. Beraz, gehienentzat ezustean heldu da ke zuria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.