Katalunia

Junquerasek dio zentimorik ere ez zela bideratu diru publikotik erreferendumerako

Auzipetze autoaren berri eman die epaileak berari, Sanchezi eta Cuixarti, eta datozen egunetan beste auzipetuei emango die. Traperori ere autoaren berri eman dio Lamelak, Auzitegi Nazionalean.

Pablo Llarena epailea, artxiboko irudi batean. BALLESTEROS, EFE
2018ko apirilaren 16a
09:00
Entzun

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak, Jordi Sanchez JxCko lehendakarigai eta ANCko lehendakari ohiak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidente ohiak gaur Espainiako Auzitegi Gorenean Pablo Llarena epailearen aurrean salatu dute euren kontrakoa "epaiketa politiko bat" dela. Epaileari zehazki esan diote ez dela objektiboa eta euren oinarrizko eskubideak urratzen ari dela. Eta Kataluniakoa prozesu politiko bat dela azpimarratu dute, eta politikaren eremuan konpondu behar dela, ez auzitegietan.

Matxinada egitea egotzita beren kontra idatzitako auzipetze autoaren berri eman die epaileak auzipetuei, ikerketa fasea deritzonaren barruan. Euren kontrako ikerketak "irizpide ideologikoak" dituela esateko baliatu dute agerraldia hiruek, eta mugimendu baketsu bat kriminalizatzen duela salatu dute. Efe albiste agentziaren arabera, independentzia bultzatzea eta defenditzea legezkoa dela aldarrikatu dute.

Junquerasek 40 minutuz egon da epailearen aurrean eta argudiatu du berak ez duela sekula indarkeria bultzatu helburu politikoak lortzeko, garbi zuela erreferendumera deitzea ez zela delitu bat eta sekula ez zela zentimorik ere bideratu diru publikotik horretarako. Euren kontrako prozesuak mugimendu politikoa etetea beste helbururik ez duela esan du.

Sanchezek ordu eta laurdenez deklaratu du. Esan du bidegabea dela bere egoera eta Gorena ez dela nor bera epaitzeko. Cuixartek ordu laurden soilik egon da epailearen aurrean, eta Llarenaren jarduna salatu du.

Bihar, beste hiru

Gaur hiru horiei autoaren berri emanda, datozen egunetan gainerako 22 auzipetuekin gauza bera egin beharko du epaileak. Haiek, aukera izango dute epailearen argudioen kontrakoak azaltzeko, beren defentsan. Asteartean Joaquim Forn Barne kontseilariren, Raul Romeva Atzerri kontseilariaren eta Josep Rull Lurralde kontseilariaren txanda izango da.

Atzo, Bartzelonan, preso politikoak libre uzteko eskatuz egindako manifestazio handiaren ostean egongo dira aurrez aurre presoak eta epailea. Eta baita, Sanchezi bere inbestidura saiora joatea ukatu eta egun batzuetara ere. Orain, gainera, Llarenak badaki Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak bere kontrako kereila jarriko duela, azken erabaki horrengatik.

Trapero Auzitegi Nazionalera

Gorenean ez ezik, Espainiako Auzitegi Nazionalean ere Kataluniako prozesuarekin lotutako auziko urratsa egin dute gaur. Carmen Lamela epaileak —Altsasuko auziko instrukzioa egin zuen berberak— bere kontrako auzipetze autoa eman die Josep Lluis Trapero Mossoen buru ohiari, Teresa Laplana intendenteari, Pere Soler Barne Kontseilaritzako idazkari ohiari eta Cesar Puig Barne Kontseilari Nagusiaren alboko ohiari.

Laplanari ez beste guztiei sedizioa egotzi die Lamelak.

Minutu batzuk besterik ez dituzte egin auzipetuek epailearekin. Fiskalak ez du galderarik egin eta eztu behin-behineko neurriak berrikusteko ere eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.