Junta militarraren kontrako erasoaldia hedatzen ari da Myanmarren

Miliziek herrialdeko hiririk handienetan bigarrenera gerturatzea lortu dute. Ofentsibak 285.000 herritar baino gehiago behartu ditu etxea uztera.

THAILAND MYANMAR PROTEST
Myanmarko diktaduraren kontrako protesta bat, urrian, Bangkoken.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko azaroaren 22a
16:00
Entzun

Myanmarren agintean dagoen junta inoizko atakarik estuenean da, urriaren 27an etnia gutxituetako hiru gerrillen aliantza batek militarren aurkako eraso armatua hasi zuenetik. Anaitasunaren Aliantza izeneko koalizioak herrialdearen ipar-ekialdetik abiatu zuen 1027 operazioa delakoaofentsiba hasi zen egunarengatik izendatu dute horrela—, eta, ordutik, indartuz joan da. Bidean, gainera, milizia gehiago batu dira borrokara; horien artean, bere burua Myanmarko aginte zilegitzat daukana: PDF Herriaren Defentsa Indarra, hau da, NUG Batasun Nazionaleko Gobernuaren adar armatua. Herrialdearen lurralde gehienetara hedatu dute gatazka.

Gerrillen esanetan, armadaren 140 base militar hartu dituzte, eta hamar hiri dauzkate kontrolpean. Gai izan dira Myanmarko hiririk handienetan bigarrenera gerturatzeko ere, Mandalayra. 50 kilometro ingurura daude, atzo adierazi zutenez. Hura hartzea lortuko balute, pauso garrantzitsua emango lukete Naypyidaw hiribururako bidean —270 kilometro hegoaldera—.

Milizianoen oldarraldiari aurre egiteko, juntak etxeratze aginduak eta gerra legea ezarri ditu zenbait hiritan. Baina ez dira nahikoa izan, eta gerrillak ofentsiba areagotzen ari dira oraindik ere. Azken asteetan gertatutakoek argi utzi dute militarren gobernuak zailtasunak dituela egoera politikoa eta soziala egonkortzeko, estatu kolpea eman zuenetik ia hiru urte igaro diren honetan. Armadako buruzagiek aitortu dute erasoaldiak arriskuan jarri duela herrialdearen batasun nazionala.

Orain arte, gerrillen eta soldaduen arteko borrokek 285.000 desplazatu baino gehiago eragin dituzte, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, eta gutxienez 187 zibil hil dira. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak ohartarazi du gatazka zibilen segurtasunerako arrisku handi bihurtu dela herrialde osoan, hura geroz eta eskualde gehiagotara zabaltzen ari baita, eremu urbano populatuetara ere bai.

Ehunka herritar borroketan harrapatuta gelditu dira, zenbait errepide, itsasbide eta aireportu gatazka eremu bihurtu dira eta. Telekomunikazio sarean ere etenak izan dira, eta horrek guztiak blokeoa eragin du eskualde batzuetan. Eragozpen handiak dituzte pertsonen, elikagaien, sendagaien eta oinarrizko bestelako ondasunen joan-etorriak bermatzeko.

Gatazkaren bilakaerak kezka piztu du Myanmarren mugakide diren herrialdeetan —Thailandia hego-ekialdean, Laos ekialdean, Txina iparraldean, India mendebaldean eta Bangladesh hego-mendebaldean—, milaka iheslarik bilatu baitute babesa inguruko estatuetan. Indiako mugan, esaterako, 6.000 lagun baino gehiago pilatu dira, herrialdea utzi nahian. Pekinek eta New Delhik su eten bat galdegin diete aldeei, eta gatazka ez areagotzera deitu dituzte.

myanmar
 

1948an independentzia lortu zuenetik, Myanmarko aginte politikoa militarren esku egon da ia denbora guztian. XXI. mendearen hasieran, demokraziarako trantsizio aldi bat abiatu zuen, eta 2008an konstituzio berria onartu. Haren babesean, hauteskundeak egin zituzten 2015ean, eta NLD Demokraziarako Liga Nazionala izan zen garaile, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna buru duen alderdia —militarrek bost urte lehenago utzi zuten aske—. Hurrengo bozetan ere NLDk jaso zuen babesik handiena, baina armadak boteretik kendu zuen, 2021eko otsailean estatu kolpea emanda. Azken hauteskundeetan hautatutako parlamentarietako batzuek NUG eratu zuten erbestean, eta militarren kolpearen aurkako borroka armatuan engaiatu diren herritarrek osatzen dute haren adar armatua.

Ordutik, etengabeak izan dira militarren eta miliziano horien arteko borrokak; gehienak gazteak dira, eta gerra esperientziarik gabeak. Anaitasunaren Aliantza osatzen duten gutxiengo etnikoetako gerrillek, ordea, bestelako ahalmen bat dute armadari aurre egiteko. Kalkuluen arabera, 15.000 gerrillari baino gehiago biltzen ditu, eta gainerako miliziek baino armamentu modernoagoa dauka. Horregatik, horiek erasoaldia hasi izana mehatxu handiagoa da juntarentzat.

Ehunka rohingya, Thailandiara

Myanmartik mila rohingya baino gehiago iritsi dira Thailandiara aste honetan, itsasontzietan. Azarotik apirilera, baldintza meteorologiko bareagoak baliatuta, ugaritu egiten dira rohingyen itsas zeharkaldiak, Myanmarren bizi duten jazarpenetik ihesi. Myanmarko juntak rohingyen aurkako kanpaina militarra abiatu zuenean hasi zen etnia horretako herritarren ihesaldi masiboa, bereziki Bangladeshera. Milioi bat rohingya baino gehiago bizi dira han errefuxiatuentzako kanpalekuetan. Ontzi gutxi batzuk iristen ziren orduan Thailandiara. Baina kopurua handituz joan da militarrek 2021ean kolpea eman zutenetik. Iheslari kopuruaren gorakadak ezinegona sortu du Thailandian, errefuxiatu krisi bat has daitekeelakoan.

Myanmarrek auzi bat dauka irekita Nazioarteko Justizia Auzitegian, rohingyen kontrako genozidioagatik, eta, joan den astean, Frantziak, Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek, Erresuma Batuak eta Kanadak jakinarazi zuten akusaziora gehituko direla auzi horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.