Junts Pel Sik eta CUPek hitzaurrean jaso dute independentzia deklarazioa

Bi alderdiek batera aurkeztu dituzte proposamenak eta horietan galdegiten diote Parlamentuari jarrai dezala urriaren 1ean hasitako bidearekin. Parlamentuko mahaiak onartu du tramitera proposamena.

jarraia146542.jpg
arantxa elizegi egilegor
2017ko urriaren 27a
11:52
Entzun

Goizeko 10:30ak arteko epea zuten alderdiek 155. artikuluari buruzko Parlamentuko osoko saiorako proposamenak aurkezteko. Ordea, azken egunetan ohiko bilakatu den moduan, luze jo dute bilerek eta ordu laurden gehiagoko tartea eskatu dute Junts Pel Sik eta CUPek jarrerak adoste aldera. Jakinmina handia zen bi alderdiek egingo zituzten proposamenei buruz, eta azkenean aurreikuspenak bete egin dira. Biek aho batez eskatu dute eratu dadila Kataluniako errepublika independente eta subiranoa.

Junts Pel Siko Lluis Corominas eta Marta Rovirak, eta CUPeko Mireia Boya eta Anna Gabrielek sinatzen duten testuak bi puntu nagusi jasotzen ditu. Horietan lehenak eskatzen dio Parlamentuari martxan jar ditzala irailean onartutako Trantsizio Legeak jasotzen dituen prozedurak eta horrekin batera informa ditzala herritarrak hurrengo hilabeteetan egingo diren urratsei buruz. Bigarrenik, prozesu konstituziogilea has dezala ere eskatzen dio Generalitateari, batzorde konstituziogilea osatuz, zeinak estatu subirano bat eratu eta bozak deitzeko ardura izango duen.

Nabarmentzekoa da errepublikaren aldarrikapenari erreferentzia egiten dion testua proposamenaren hitzaurreak jasotzen duela, eta beraz, Parlamentuak bozkatuko dituenak beste bi eskaerak izango dira, alegia, prozesu konstituziogilea abian jartzea eskatzen duena eta estatu subirano batek beharko lituzkeen azpiegiturak prestatzen hasteko galdegiten duena.

Prozesu konstituziogile bat hastearen alde agertu da Si Que Es Pot ere, baina, beti ere, haren helburua aurrez adostutako erreferendum bat egitea bada. Bide horretan, alderdiak ohartarazten du alde bakarreko independentzia deklarazio batek gatazkaren irtenbide politikoa urrunduko lukeela, eta halakorik ez egiteko eskatzen dio Carles Puigdemont presidenteari. Horrek ordez, Konstituzioaren testuinguruan eta "berme guztiekin" egingo litzatekeen galdeketa bat proposatzen du, zeinaren helburua estatu eredu bat ebaztea litzatekeen. Zentzu horretan, eta testuaren hitzaurrean, estatu konfederal baten defentsa egiten dute.

Boz autonomikoen alde PP eta Ciudadanos

Independentisten aurretik PPk eta Ciudadanoseke ere euren proposamenak aurkeztu dituzte. Lehenak eskatzen dio Generalitateri utz dezala alde batera "zuzenbide estatuaren aurkako erronka" eta itzul dadila "Konstituzioaren testuingurura". Horrekin batera, salatzen du prozesuak gizartea "zatitu" eta ekonomia "kaltetu" duela, eta dio bozak deitzea dela horiek bere onera itzultzeko bidea.

Oriol Junqueras presidenteordearen dimisioa eskatzen du, aldiz, Ciudadanosen testuak. Hari egozten dio 1.500 enpresak Kataluniatik joateko hartutako erabakiaren erantzukizuna. Jarraian, eta PPrekin bat eginez, hauteskunde autonomikoak berehala deitzeko eskatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.