MENDEBALDEKO SAHARA

Justizia klimatikoaren aitzakian, giza eskubideak ezbaian

Yaguta el-Mokhtar eta Asria Taleb ekintzaile sahararrek salatu dute Maroko bere irudia garbitu nahian ari dela energia berriztagarrien proiektuak garatuz Mendebaldeko Saharan. NBEren eta Europako energia enpresen jarrera ere gaitzetsi dute.

(ID_17030696663935) El-Mokhtar eta Taleb. FiSahara.
El-Mokhtar eta Taleb, Madrilgo FiSahara jaialdirako muntaturiko haiman. AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
Madril
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko COP28 goi bilera egin berri dute Dubain (Arabiar Emirerri Batuak). Han parte hartzekoa zen Yaguta el-Mokhtar ekintzaile sahararra (Tinduf, Aljeria, 1996), baina Parisko aireportuan geldiarazi zuten. «Baimen guztiak nituen, baina, halere, esan zidaten ezin nuela hegazkina hartu». Abenduko hirugarren asteburuan, Madrilgo FiSahara nazioarteko zinema jaialdian hartu zuen parte, Klima larrialdia Saharan izeneko mahai inguruan. Harekin batera aritu zen Asria Taleb kazetari eta ekintzailea (Tinduf, Aljeria, 1986). Jendaurrekoaren ostean, biek patxadaz egin dute hitz jaialdirako muntaturiko haimaren babesean.

Taleb duela bi urteko goi bileran izan zen, Glasgowko COP26 bileran (Eskozia). Ez, ordea, herrialde baten ordezkari ofizial gisa. People’s Summit konferentzia ziklo alternatiboan aritu zen: «NBEk ez du estatu gisa onartzen SEAD [Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa]. Beraz, ezin dugu herrialde gisa parte hartu. Tristea da. Klima aldaketari buruz hitz egiten dugunean, ahots guztiak kontuan hartu beharko lirateke, arazo globala baita». Sahararrek aktibista moduan soilik hartu dezakete parte biltzar horietan, erakunderen batek akreditatuta. El-Mokhtarrek, esaterako, NBE-Emakumeak erakundearen akreditazioa lortu zuen aurtengo goi bileran parte hartzeko, baina ezin izan zen iritsi Dubaira: «Ez dute nahi sahararrok parte hartzerik ez ofizialki ez estraofizialki. Gure baliabideak lapurtzeaz gain, gure ahotsak ere lapurtzen ari dira».

Izan ere, bi aktibistek baliabideen «lapurreta» hori salatu dute. «Marokok energia berriztagarrien proiektu ugari aurkeztu ditu 2030 agendaren barruan. Baina proiektuen %81 gune okupatuetan gauzatu nahi dituzte», salatu du El-Mokhtarrek. Talebek bat egin du adierazpen horrekin, eta gehitu du Maroko bere irudia garbitu nahian ari dela: «Googlen Marokori buruko informazioa bilatuz gero, jarriko du klimaren arloko konpromisoak hobekien betetzen ari diren herrialdeetako bat dela. Baina jendeak ez daki proiektu horietako asko Mendebaldeko Saharan gauzatzen ari direla. Hori zuriketa berdea da». Gainera, esan du beste baliabide ez-berriztagarri batzuk eskuratzeko erabiltzen ari direla energia berriztagarri gehienak: «Fosfatoa eskuratzeko erabiltzen dituzte. Guztiz kontraesankorra da. Norvegia energia eolikoa petrolioa erauzteko erabiltzen ariko balitz bezala da».

«Klima aldaketari buruz hitz egiten dugunean, ahots guztiak kontuan hartu beharko lirateke, arazo globala baita».

ASRIA TALEBKazetari eta ekintzaile sahararra

NBEren eta Europako enpresen jokabidea ere gaitzetsi dute bi sahararrek. Bi galdera planteatu ditu El-Mokhtarrek: «Nola da posible NBEk finantzatzea proiektu horiek, deskolonizazio prozesuan dagoen lurralde batean gauzatu nahi badituzte? Eta Marokok NBEren dirua jasotzen jarraitzen badu, nola aterako da, ba, bertatik? Bitartean, gure familiek banatuta jarraituko dute errefuxiatuen kanpalekuetan eta gune okupatuan». Energia enpresak ere egoeraren erantzule egin dituzte. Maroko gauzatzen ari den proiektuetan parte hartzen duten korporazio gehienak Europakoak direla jakinarazi dute: «Enel eta Siemens-Gamesa, besteak beste». Horregatik, Talebek aukera baliatu nahi izan du euskal gizarteari dei egiteko: «Siemens Gamesa euskalduna da, ezta? Uste dut behintzat egoitza nagusia Euskal Herrian duela [Zamudion, Bizkaian]. Euskaldunek asko lagundu izan digute, eta espero dut enpresa horiei presio egingo dietela lurralde okupatuetan jardun ez dezaten».

Tenperatura aldaketak eta uholdeak

«Lurralde okupatu bateko baliabide naturalak esplotatuz, trantsizio berdeko lider itxura hartu nahi du Marokok. Hartara, Maroko berdea eta ona denez, inork ez die entzun nahi sahararrei», adierazi du, atsekabez, El-Mokhtarrek. Gogora ekarri du Alemaniako zientzialari batekin 2016an izandako elkarrizketa: «Esan zidan sahararren auzia arazo bat zela, justizia klimatikoaren etorkizunerako bidean sartzen ari zelako». Talebek ere izan ditu antzeko bizipenak: «Askok giza eskubideen gainetik jartzen dute klima aldaketaren auzia. Erraza da hori esatea europarra izanik, Donostiako edo Osloko etxe batean bizi zarenean, eta nahi duzun tokietara seguru joan zaitezkenean».

Justizia klimatikoa eta giza eskubideak «eskutik helduta» daudela adierazi du El-Mokhtarrek: «Klima aldaketa kontuan hartu behar da, jakina. Guri ere zuzenean eragiten digu, eta soluzioaren parte izan nahi dugu, baina klima larrialdia ezin da giza eskubideen gainetik jarri». Eta gogorarazi du hori kontuan izan behar dutela Marokok eta hari laguntzen diotenek: «Lagundu diezaiokete Marokori trantsizio energetikoan aurrera egiten, baina ez ditzatela proiektuak Mendebaldeko Saharan gauzatu».

«[Klima aldaketak] Zuzenean eragiten digu, eta soluzioaren parte izan nahi dugu, baina klima larrialdia ezin da giza eskubideen gainetik jarri».

YAGUTA EL-MOKHTAREkintzaile sahararra

Klima aldaketaren eraginak zuzenean pairatu dituzte sahararrek, kanpalekuetan batez ere. Zenbait gunetan tenperatura 53 eta 54 graduraino iritsi izan dela azaldu badute ere, El-Mokhtarren ustez, arazo nagusia ez da beroa: «Sahararrak berora ohituta gaude, baina orain, egun batean 50 gradu ditugu, eta hurrengoan hogei. Aldaketa horiek kalte egiten digute osasunean». Uholdeak ere gero eta ugariagoak dira. Eta horiek beste arazo batzuk sorrarazi dituztela eman du aditzera Talebek: «Kanpalekuetako etxeak buztinezkoak dira, eta uholdeak dauden bakoitzean desegin egiten dira. Orain zementuzkoak ere badaude, baina askok ez dute horretarako dirurik. Klima aldaketa gizarte ezberdintasunak areagotzen ari da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.