ERASOA KAUKASON

Kabardino-Balkarian 67 lagun hil dira gerrillari eta soldaduen arteko borrokan

Eraikin publikoetan sartu dira; hainbat iturriren arabera, gerrillari txetxeniarrak dira

Erredakzioa
2005eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Errusiak dituen hogei errepublika autonomoetako bat da Kabardino-Balkaria. Kaukason dago. Naltxik hiriburuan dozenaka gerrillari sartu ziren atzo. Aldi berean hainbat eraikin publikoetan sartu ziren taldeka antolatuta zeuden matxinoak. Goizeko lehen orduan egin zuten erasoa. Aireportu, polizia etxe eta bestelako eraikin publikoetan sartu ziren. Hiriburuan orotara 150 eta 300 gizon armatu artean sartu zirela eman zuten aditzera informazio iturriek. Soldadu eta gerrillarien artean izandako tiroketetan gutxienez 67 pertsona hil ziren, 50 matxino, hamabi polizia eta sei zibil.

FSB Segurtasun Zerbitzu Federalaren egoitza batean, bi polizia etxetan eta arma dendatan sartu ziren gerrillariak polizien arabera. Beste informazio iturrien arabera, berriz, eskoletan, erietxeetan eta espetxe batean ere sartu ziren. Errusiako iturri ofizialek egoera kontrolpean zutela eman zuten aditzera goizetik, baina egunak aurrera egin ahala informazio kontraesankorra zabaltzen zuten informazio iturriek. Gerrillariek polizia etxe batean zeuden hainbat polizia bahitu zituztela onartu zuen gerora Kremlinek. Egunean zehar tiro hotsak eta eztandak entzuten zirela jakinarazi zuten bertatik. Errusiako presidente Vladimir Putinek erresistentzia jartzen zuten gerrillariak garbitzeko agindua eman zuela jakinarazi zuen Barne ministrorde Aleksandr Txekalinek: «Gerrillariak hiritik atera ez daitezen agindua eman du presidenteak eta eskuetan armak dituztenak eta erresistentzia jartzen dutenak garbitzeko». Putinen agindua bete eta ordubeteko epean gerrillari guztiak kontrolatuko zituztela berretsi zuen Txekalinek. Naltxik erabat inguratu zuten poliziek eta soldaduek kaleetan tankeak ezarriz. Gerrillariek ihes egin ez zezaten hiriburuko sarrera irteera guztiak itxi zituzten. Matxinoek autoak geldiarazten ari zirela eta horrela hiriburutik ihes egiten saiatzen ari zirela zehaztu zuten iturri batzuek.Kremlinen ordezkari Dimitri Kozakek, aldiz, erresistentzia bi lekutan soilik babesten ari zela jakinarazi zuen: «Ez daude beste inon eta tiroketen inguruko zurrumurru guztiak ez datoz bat errealitatearekin. Eskoletan sartu direnik eta jendea bahitu dutenik gezurra da. Egoera kontrolatuta dugu eta ez dago inongo anabasik».Polizia etxe batean hainbat polizia bahitu zituzten gerrillariek. Eraikinaren aurreneko solairuan hogeita hamar matxino inguru zeudela eta bigarren solairuan, berriz, poliziak erasoari aurre egiten saiatzen ari zirela jakinarazi zuten. Kabardino-Balkariako Komunikazio ministrorde Nikolai Liapinek egoera normala zela eta gerrillariak eraikin bakar batean sartu izana ukatu zuen: «Egoera lasaia da gutxi gora behera». Poliziak eta zibilak hil zirela baino ez zutela kopurua zehaztuko adierazi zuen. Kabardino-Balkariako presidente Arsen Kanokoven arabera soldadu eta poliziek 50 gerrillari hil zituzten. Kremlinen iritzian gutxienez 80 matxinok parte hartu zuten erasoan. Informazio iturri ezberdinen arabera, alta, hiriburuan sartu ziren gerrillariak 60 eta 600 artean ziren. Naltxik inkomunikatuta gelditu zen; izan ere, komunikazio sare guztiak, telefonoarena barne, etenda egon ziren. Hiriburuan 235.000 pertsona bizi dira.

Erantzukizuna

Erasoaren erantzukizuna gerrillari txetxeniarrena zela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Kavkazcenter webgunean, ildo horretan, gerrillari txetxeniarren ohar bat jaso zutela eta bertan erasoaren erantzukizuna bere gain hartzen zutela eman zuten jakitera Txetxenia erasoa izan zen hiritik 120 kilometrora dago.

Erasoaren atzean, alta, talde wahabiak zeudela iritzi zioten beste iturriek. Kaukasoko mendietan muturreko hainbat talde wahabi ezkutatzen direla eman dute aditzera tarteka.Iragan astelehenean arma biltegi bat aurkitu zuten hiriburuko lantegi abandonatu batean. Poliziak, hain zuzen ere, tona erdi lehergailu, mila jaurtigai eta hainbat bazoka aurkitu zituen. Kabardino-Balkaria errepublika autonomoan hainbat eraso egin dituzte aurten gerrillarien kontra eta orotara ustezko hamar matxino hil ditu Poliziak.

Datua





2

Errusiako Armadako bi soldadu hiru zibil txetxeniarren hiltzailetzat jo zituen atzo epaitegi militar batek Rostoven. Ievgeni Khudiakov eta Sergei Araktxeiev, hala ere, absolbitu egin zituzten. Txetxeniako hiriburuan, Groznin, 2003. urteko neguan autobusean zihoazen hiru zibil tiroz hiltzea akusatu zituzten bi soldadu errusiarrak. Biktimen senideek arrazistatzat jo zuten atzoko epaia. Estrasburgora joko dutela iragarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.