Kadimak mehatxua bete du. Likud alderdiarekin ez da ados jarriikasle ultraortodoxoa ere 18 urterekin soldaduska egitera behartzeko neurriaren inguruan, eta hautsi egin du Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin zuen koalizio gobernua. Berria Shaul Mofaz Israelgo lehen ministrorde eta Kadimako buruak eman du, bere alderdiak Petah Tikva hirian egin duen batzarraren ostean. Mofazek adierazi du «min handia» eragin diola erabakiak, baina ez duela izan gobernua uztea «beste aukerarik».
Israelgo herritar guztiek soldaduska nahitaez egin behar dute, baina Tal Law legeak ikasle ultraortodoxoei aukera ematen die zerbitzu miliatarra atzeratzeko. Likud eta Kadima alderdiek koalizioa hitzartu zutenean, Tal Law legea ordezkatzeko arau bat onartzeko helburua nabarmendu zuten, beste zenbaiten artean. Israelgo Auzitegi Gorenak, orain dela gutxi, ebatzi du Tal Law legea konstituzioaren kontrakoa dela. Horrek Israelgo Gobernua behartu du ordezko lege bat indarrean jartzera, eta, bi alderdiak ados jarri ez direnez, apurtu egin da koalizioa.
Netanyahu lehen ministroak ultraortodoxoek 22 urtera arte beren eskola talmudikoetara joaten jarraitzeko eta 23 urtera arte soldadutza ez egiteko legea ezarri nahi du indarrean. Mofaz, ordea, ultraortodoxoek ere 18 urterekin soldadutzari ekitearen eta intsumisoei zigorrak ezartzearen aldekoa da. Hala, Kadimako 28 diputatutatik 24k bozkatu dute Likudekin zuten koalizioa apurtzearen alde, eta beste hiruk, aurka.
Netanyahuk, agintea kolokan
Israelgo lehen ministroak koalizioan 70 egun igaro eta gero 28 diputatu gutxiagoren babesaekin gobernatzen jarrai dezakeen arren, haren gobernuaren egonkortasuna kolokan dago, eta, Kadimarekin zuen koalizio zabala hautsita, hauteskunde aurreratu batzuen atarian egon daiteke Israel. Izan ere, joan den maiatzaren 8an Mofazekin akordioa egin aurretik, irailean bozetara deitzeko asmoa zuen Netanyahuk; baina bi alderdietako 120 diputatutatik 94ren aldeko botoekin koalizio gobernua adosteak modua emango dio urte amaierara arte gobernatzen jarraitzeko.
Bestalde, lurralde palestinar okupatuan lehen unibertsitatea sortu du Israelgo Gobernuak: Judea eta Samariako Goi Hezkuntzako Kontseiluak Arielgo eskola akademikoari unibertsitate gradua ematea erabaki du. Judea eta Samaria Israelek Zisjordania izendatzeko darabiltzan izen biblikoak dira. Erabakiaren berri izanda, unibertsitateetako errektoreen batzordeak adierazi du unibertsitate «berri eta alferrikako bat» sortzea «kolpe kaltegarri bat» dela goi hezkuntzako sistemarentzat. Bestalde, esan dute horretarako jarri den dirua dagoeneko martxan zeuden unibertsiteteetan ikerketa sustatzeko baliatu behar zela.
Kadimak Israelgo gobernua utzi du, soldaduskaren auziagatik
Benjamin Netanyahuk 28 diputaturen babesa galduko du, baina gehiengoari eutsiko dio parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu