Protestariek lortu, militarrek ostu

2011ko protestek trantsizio demokratikoa abiarazi zuten Egipton, baina Al-Sisiren 2013ko estatu kolpeak eten egin zuen. Hamar urte pasatxoko errepresioak kaleak «isilarazi» ditu; presidentearen kontrako «suminak», ordea, bere hartan dirau.

Kairoko Tahrir plaza jendez lepo 2013ko uztailaren 2an, militarrek Mohamed Mursi presidentearen kontrako estatu kolpea eman bezperan. ANDRE PAIN / EFE
Kairoko Tahrir plaza jendez lepo 2013ko uztailaren 2an, militarrek Mohamed Mursi presidentearen kontrako estatu kolpea eman bezperan. ANDRE PAIN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Pauso bat aurrera. Egipton, Udaberri Arabiarreko protesten eraginez, agintetik bota zuten Hosni Mubarak diktadorea, zeinak 30 urte luze eman zituen boterean (1981-2011). Eta bi pauso atzera. Abdel Fattah al-Sisi mariskalaren estatu kolpeak «bortizki» bezain «agudo» ezeztatu zuen trantsizio demokratikoa 2013ko uztailaren 3an, Tim Kaldas TIMEP Ekialde Hurbileko Politikarako Tahrir Institutuko zuzendariordeak azaldu duenez. Eta beste hainbeste pauso atzera. Ogia, askatasuna eta justizia soziala lelopean ekin zioten herritarrek Mubaraken kontra, Kairoko Tahrir plazan, eta behinolako eskaera horiek indarrean diraute gaur egun ere, halabeharrez.

Hasieran behintzat, ez zioten aurre egin Al-Sisiri. Izan ere, protesten ostean zinez demokratikoki hautatutako lehen presidenteak, Anaia Musulmanak talde politikoko Mohamed Morsik, geroz eta botere handiagoa metatu nahi zuen erreformen bidez, eta gobernu are islamistagoa ezarri. Kaldasen arabera, armadako buruak lortu zuen miseriak itotako herritarrak «limurtzea», eta islamisten «mehatxuaz» baliatu zen estatu kolpea «justifikatzeko» —aintzat hartzekoa da Morsiren kontrako mobilizazioak ere egin zituztela kolpearen atarian, kargua hartu zueneko urteurrenean—. Izan ere, militarrek «2011ko iraultzaren zuzenketa gisa saldu zuten» protesta olde hori, Sarah Elmasry Cosmos Mugimendu Sozialen Ikasketen Zentroko ikerlariak adierazi duenez, argudiatuta Anaia Musulmanek «bahitu» egin zutela trantsizio demokratikoa, eta aurkari politikoek «kapitalizatu». Egun gutxiren buruan izan zen estatu kolpea, 2013ko uztailaren 3an.

Gobernu militarrak, halere, ez zuen hori bakarrik egin: 2014an presidentetzarako bozak egin zituzten beste behin, Al-Sisi gailendu zen horietan, eta, behin agintean egonkortuta, Udaberri Arabiarraren gaineko diskurtsoa aldatu egin zen oro har, Elmasryren arabera; are, Elmasryk uste du aldaketa horrek «erregimenaren babesa» izan zuela: iraultza albo batera utzi eta atzeraldi erabiltzen hasi ziren Egipton. «Nola eragiten du horrek memorian?», galdetu du Elmasryk. «Bada, herritarrei behin eta berriz ohartarazten diete ez dezatela aurrera eraman kaosa eragingo duen protestarik, 2011n bezala», erantzun du.

«Al-Sisik badaki protestek bota zutela boterean hiru hamarkada egon zen diktadorea [Hosni Mubarak]. Horrek kikilduta dauka»

TIM KALDAS TIMEPeko zuzendariordea

Herrialdea astintzen zuen pobrezia iraultzaren eta Anaia Musulmanen «deabrukeriari» leporatu zion Al-Sisik, Kaldasen hitzetan, eta hamarkada pasatxoz presidente izanagatik ere, ez du lortu ekonomia onbideratzea; horrexek piztua da presidentearen aurkako egungo «sumina». Estatu kolpearen osteko aurreneko urteetan, egiptoarrak «konbentzituta» zeuden bizimodua aldatzeko «soluzioa» ez zela protesten bidez gobernu aldatzea, TIMEPekoak gogoratu duenez: «Kalera ateratzeko beldur ziren; izan ere, Mubarak bota zuten, Morsi bota zuten, eta aldiro bizimodua okertu egin zitzaien».

Gainera, gobernuak ere jakin zuen nola hustu kaleak. Batetik, militarrek gogor egin zuten estatu kolpearen ondoren Morsiren aldekoek antolatu zituzten manifestazioen kontra, eta horren adibide argiak dira Rabaa al-Adawiya eta Al-Nahda plazetako sarraskiak, 2013ko abuztukoak; egun bakarrean bederatziehun protestari baino gehiago hil zituzten, Human Rights Watchen arabera. Bestetik, gobernuak protesten legea onartu zuen —aukera ematen du deialdiak bertan behera uzteko, atzeratzeko edo lekuz mugitzeko «segurtasuna eta bakea» bermatzearren—.

EGIPTO - GATAZKA
Emakume bat Mohamed Morsiren aldeko protestetan poliziek hildako senide baten hilotza parean duela, Kairon, 2013ko abuztuan. MOSAAB EL SHAMY / EFE

Elmasry ikertzaileak azaldu du hortik aurrera «gero eta bakanagoak» bihurtu zirela protestak. Harik eta 2019ko irailean armadako promotore batek ustelkeria kasuak salatu zituen arte, eta adierazi armadak, presidenteak eta haren familiak funts publikoak xahutzen zituztela. Presidenteak kargu hartu zutenetik hona, inoiz ikusitako manifestaziorik handienak egin zituzten Egiptoren luze-zabalean. Indarkeriaz erantzun zuen gobernuak, eta 4.000 lagunetik gora atxilotu zituzten.

Alternatibarik ez

Elmasry argi mintzo da: nola edo hala, «erregimena gizarteaz jabetu da, eta isilarazi egin du»; dena den, «jendea isilik egoteak ez du esan nahi Al-Sisirekin eta haren gobernantzarekin gogobeteta dagoenik». Kaldasen irudiko, presidenteak ez du «aurpegia eman» nahi, eta herritarrei «sinetsarazi» nahi die 2011ko iraultza dela, oraindik ere, Egiptoko krisiaren sorburua. «Ez luke aipatuko, ez, kezkatuta ez balego», erantsi du: «Al-Sisik badaki protestek bota zutela boterean hiru hamarkada egon zen diktadorea [Hosni Mubarak]. Kikilduta dauka horrek».

«Jendea isilik egoteak ez du esan nahi Al-Sisirekin eta haren gobernantzarekin gogobeteta dagoenik»

SARAH ELMASRY Cosmoseko ikerlaria

Kaleaz ez ezik, oposizioaz ere arduratu da Al-Sisi. Elmasryk dioenez, «ez dio abagunerik uzten disidentziari; ez du inolaz ere huts hori egingo». Hortaz, ez dago eztabaida politikorako aukerarik, oposiziokoek «eskuak estu-estu lotuta» baitituzte, eta egitasmo oro «erregimenarekin elkarlanean» eraman behar da aurrera: «Ekintzailetzat mota guztiek erradikalak izateari utzi diote, eta erreformista bihurtu». Urte luzez Egiptoko mugimendu politikoak erreprimitu dituztenez, inork ezin du beste aukerarik imajinatu, Kaldasen iritziz; Al-Sisik etengabe gogorarazten die hori, TIMEPekoak gehitu duenez: «Aldiro gauza bera esaten du: ‘Zein da beste aukera? Nork du soluzioa? Esadazue. Nor izango litzateke presidente hobea?’. Zinez, badaki inork ez diola estimu handirik eta presidentegai txukun baten kontra galdu egingo lukeela».

Edonola ere, Egipton ez dute beste presidenterik ikusiko 2030era arte, printzipioz behintzat, herrialdeko konstituzioa zuzendu baitzuten 2019an: legealdiak lau urtekoak ziren ordura arte, eta sei urtera luzatu zituzten; gainera,  Al-Sisiri aukera eman zioten, espresuki eman ere, hauteskundeetara beste behin aurkezteko. 2023. urtearen hondarrean egin zituzten presidentetzarako bozak azkenekoz —Al-Sisi ezingo da gehiagotan aurkeztu, hirugarren aldia baitzuen 2023koa. 2014an eta 2018an ere aurkeztu zen—. Ez du asmorik, ordea, agintea uzteko: «Denek aurreikusten dute konstituzioa aldatuko duela berriro», esan du Kaldasek, «eta ez du oztoporik nahi».

EGIPTO - MATXINADA
Kairoko Tahrir plaza jendez beteta, 2011ko otsailean, Hosni Mubarakek dimisioa eman eta astebetera. KHALED ELFIQI /EFE

Adi erreparatu beharko zaie, beraz, parlamenturako eta senaturako bozei, zeinak asteon hasi baitira. Kaldasen iritziz, «hauteskunde iruzurra» eta «eroskeria» ez dira faltako, Al-Sisik bermatu nahiko baitu botereari eutsiko diola: «Otordu bat eta bost dolar; horixe da saria. Erregimenarentzat horixe balio du jendearen botoak. Eta hain desesperatuta daude, non berdin-berdin egingo duten». Presidentearen agintzeko modua ere laburbildu du: batetik, «alternatiba bat izateko esperantza txikitzen» ahalegintzen da, eta, bestetik, «herritarrak hertsatzen» ditu.

Ekialde Hurbilera begira

Ekialde Hurbilari ere tentu handiz begiratzen dio Egiptok, batik bat Gaza bizilagunari. Elmasryk azaldu du 2023ko urriaren 7az geroztik Udaberri Arabiarreko «aldarriak» berreskuratu zituztela palestinarren kontrako genozidioa salatzeko protesta batzuetan: «Erregimenak zera ikasi zuen: herritarrei modua ematen badiezu Gazari elkartasuna erakusteko, baliteke elkartasun adierazpen horiek erregimenaren kontrako mugimendu bihurtzea eta egoera eskuetatik joatea». Eskualdeko egoera dela medio, Egiptok laguntza ekonomikoa jaso du nazioartetik, eta, Kaldasen hitzetan, horrek «zama» arindu dio Al-Sisiri. Elmasryk esan du, hala eta guztiz ere, setioak posizio «anbiguo» batean utzi duela Egipto, setioa amaitzea nahi baitu, baina, aldi berean, ez ditu AEBak «amorrarazi» nahi. Izan ere, otsailean Washingtonek eta Tel Avivek plan bat aurkeztu zuten gazatarrak kanporatzeko, eta Kairok uko egin zion: «Uko ez egitea Israelek Gazan egin nahi duena babestea izango litzateke».

«Eskualdeko diktadore asko deseroso egoten dira altxamenduak dauden aldiro; kezka izaten dute beste herrialdeetako matxinadek herritarrak inspiratuko ote dituzten»

TIM KALDAS TIMEPeko zuzendariordea

Eta iparralderago, Siria. Iragan abenduan, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista buru zuen matxino taldeak agintetik kendu zuen Baxar al-Assad presidentea (2000-2024), eta trantsizio gobernua ezarri. Elmasryk dioenez, islamisten iraultzak arrakasta izateak «ikara» sortu du Egipton, eta Al-Sisi «zuhur» ibili da, nahiz eta bi herrialdeek harremanei eutsi dieten. Kaldas ere iritzi berekoa da: «Eskualdeko diktadore asko deseroso egoten dira altxamenduak dauden aldiro; halere, kezka bakarra ez da izaten aliatu horri zer gertatuko zaion: kezka izaten dute beste herrialdeetako matxinadek herritarrak inspiratuko ote dituzten. Herritar askok nahi dute aldaketa bat, aurrerapauso bat, baina beldur dira ea horri eutsi ahalko dioten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.