Argentinako diktadura. Nora de Cortiñas. Maiatzeko Plazako Amen elkarteko kidea

«Kalean izango gara, ez dezaten itxuragabetu gure egia eta historia»

Auzitegi Gorenaren epaiaren inguruan kezka agertu du De Cortiñasek: «Ez ote dugu orain atzera egingo memoria historikoa eta justizia egiteko bidean». Macriren gobernua eta Eliza egin ditu erantzule.

J. M. GARCIA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argentinako diktaduran (1976-1983) desagerrarazitako 30.000 lagunetako bat izan zen Carlos Gustavo Cortiñas. Nora Morales de Cortiñas (Buenos Aires, 1930) azken 40 urteetan bezala, gaur ere kalera aterako da, 15:30ean, semearen argazkia lepotik zintzilik duela, eta buruko zapi zurian haren izena eta desagertze eguna brodatuak dituela. Maiatzeko Plazako Amak - Adar Sortzailea mugimenduko kidea da sorreratik, eta aski ondo akordatzen da kalera atera zen lehen egun hartaz: «Beldurtuta geunden, militarrez inguratuta, berez ezin ziren kalean hiru edo lau lagun baino gehiago elkartu, hortaz, binaka jarri eta piramideari birak ematen hasi ginen».

Ordutik bi mila buelta baino gehiago egin ditu Nora de Cortiñasek. Eta gaur ere han izango da. Bezperan [atzo] egindako protesta handiena hasi aurretik mintzatu da BERRIArekin. Buenos Airesen goiz-goiza bada ere, «begiak irekiak izateko ordua» dela dio.

Argentinako Auzitegi Gorenak diktadurako militarrak askatzeko bidea eman dezakeen sententzia eman berri du. Nola jaso duzue albistea?

Harriduraz eta kezkaz. Ez ote dugu orain atzera egingo memoria historikoa eta justizia egiteko bidean. Konstituzioaren kontrakoa da epaia, gizateriaren kontrako krimenak ez dutelako preskribatzen, genozidei ez dagokielako amnistiarik. Aspalditik ari ziren epaia hau antolatzen gobernuko egituretatik, gure borrokaren kontra egiteko, gure herriaren historia ankerra makillatzeko, eta gure memoria ezabatzeko. Sententzia juridikoa da, baina erabaki politikoa dago atzean. Guk, beste behin, ozen esan behar dugu estatu krimenak izan zirela, gizadia iraintzen duten krimen lazgarriak: desagertuak, heriotzaren hegaldiak, kontzentrazio esparruak, torturak, umeen lapurretak, preso politikoak, erbestea... Ezin dugu atzera egin justiziaren bidean. Zigorgabetasuna onartezina da.

Kalean emandako erantzuna irmoa izan da.

Bai. Eskerrak kalera atera garen. Kongresuak ere lege berri bat onartu du sententzia lehengoratzeko, eta zehaztu du gizateriaren kontrako krimenen aurrean ez dagoela barkamenik. Inoiz ez. Kongresuaren neurri hori aurrerapausoa da, eta kaleko borrokaren garaipena izan da. Genozidek euren zigorrak bete behar dituzte.

Gobernua aipatu duzu. Mauricio Macrik urtebete luze darama agintean. Zer iritzi diezu giza eskubideen alorrean egiten ari den politikei?

Presidenteak mespretxatu egin du giza eskubideen ekintzaile eta elkarteen urteotako lana, eta trabak jartzen ari da epaiketek aurrera egin dezaten. Adierazpen mingarriak ere egin ditu, eta esan desagertuak 9.000 baino ez zirela izan, jakinagatik ere 30.000tik gora izan zirela. Estatu terrorismoa izan zela ere ukatu du. Urte latz horien memoria ezabatu nahi du; gure iragana itxuraldatu nahi du. Eliza ere horretan ari da.

Eliza?

Bai. Eliza estatu terrorismoaren konplize izan zen, miliko eta militarren bidelagun, ume lapurreten erantzule, heriotzaren hegaldienbedeinkatzailea, gure seme-alabak torturatzeko erabili zituzten armen bedeinkatzailea, eta, orain, hipokrisia hutsez jokatzen ari da. Adiskidetzea sustatu nahi du, baina guretzat onartezina da hori. Hau ez da gure Eliza, ez gaitu ordezkatzen. Krimenak ezkutatu eta isilarazi zituen Elizak, eta, orain, horrekin dator. Aberrazio bat da. Etika falta ikaragarria.

Gaur ere, ostegunero bezala, kalera aterako zarete, ezta?

Noski. Maiatzeko Plazan, gaur ere milaka eta milaka izango gara, kalean, lege honen kontra, gure egia eta historia itxuragabetu ez dezaten, genozidak barkatu ez ditzaten, herrialde hau zigorgabetasunean hondoratu ez dadin. Borrokan jarraituko dugu.

40 urte bete berri dituzue borrokan. 1977ko apirilaren 30ean hamalau emakume baino ez ziren izan kalean elkartu zirenak.

Bai. Hala da. Ni handik astebetera joan nintzen. Seme-alabak desagerrarazi zizkieten ama horien begietan ikusi nuen neure burua. Denak genuen antzeko ezaugarriren bat: ama izan ginen, eta seme-alaben bat galdu genuen. Krimen guztietan handiena da pertsona bat desagerraraztea. Nazien izan eta ez izan metodologiaren kopia bat da, eta itzela da. Ezin duzu dolua egin, saminak beste dimentsio bat hartzen du, ezin duzu heriotza landu, eta agonia letania bihurtzen da. Jakin behar duzu tragedia hori lantzen, irteerarik gabeko labirinto batean ez murgiltzeko. Mina borroka bilakatzen jakin genuen, gure seme-alaben borrokaren lekukoa hartuz, kalera atereaz eta subjektu politiko bihurtuz; etxetik atera, eta kalea hartu genuen, eta emakume publikoak bilakatu ginen. Gurea ez da norbanakoen borroka, borroka kolektiboa baizik. Talde izateak ematen digu adorea borrokan jarraitzeko, eta horrek mantendu gaitu osorik, ordura arte guretzako ezezagunak ziren bideak urratuz joan gara. Jada ez gara seme-alaba batzuen amak, desagertu guztien amak gara.

1977ko apirilaren 15ean desagerrarazi zuten Gustavo.

Bai. Goiz hotz batez irten zen etxetik, eta ez zen sekula itzuli. Lanera zihoan, eta tren geltokian bahitu zuten. Gau horretan, militarrak bortxaz sartu ziren gure etxean. Ordutik ez dugu inoiz ezer jakin. Ehunka aldiz eskatu dut habeas corpus-a eta artxiboak irekitzea, baina, ez dugu deus ere lortu, ez dugu deus jakin. Bada, ireki ditzatela tiraderak eta esan dezatela non dauden gure seme-alabak, nora bota zituzten, nori eman zizkieten gure ilobak. Egia guztia jakin arte eta justizia erabatekoa izan arte ez dugu etsiko.

Emakumeak zarete guztiak.

Bai. Emakumeok oso rol garrantzitsua izan dugu demokraziaren berreskurapenean. Desagertutakoen %30 ere emakumeak ziren. Kartzelatutako asko eta asko ere emakumeak ziren, eta horien guztien borroka gurea egin dugu, elkarrekin, justizia soziala eta demokraziaren alde, urtetako isiltasuna hausteko. Ozen hitz egitera ausartu gara.

Argentina eredugarria da nazioartean memoria historikoa egiteko bidean. Diktadurako mila militar baino gehiago epaitu dira, eta 700 bat zigortu dituzte. Berriki 122. iloba ere agertu da.

Borroka ez da hutsala izan. Ez da alferrikako borroka izan. Hamalau emakume atera ziren kalera lehen aldi hartan, eta gaur egun mundu osoan da ezaguna gure borroka, baita gure herrialdean gertatutako genozidioa ere. Eguneroko borroka hori da memoriaren, egiaren eta justiziaren aldamioa.

Munduko beste herrien borroka ere zure egin duzu.

Bai. Zapalduak izan diren eta diren herrien borroka; kurduena, palestinarrena, sahararrena, euskaldunena... Herrien borroka horretan gaude, azken batean, denon erronka da herriarentzat eta herriarekin gobernatzen duten agintariak lortzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.