Deskolonizazio prozesua

Kaledonia Berriko hirugarren independentzia erreferenduma abenduaren 12an egingo dute

Azken galdeketaren emaitza edozein dela ere, Ozeaniako uharte multzoa bi urteko trantsizio epean sartuko da, bere estatus berria zehazteko. UCk erantzun du oraindik ez duela finkatu bere «jarrera ofiziala», eta Parisek aitortu du negoziazioetan ez dutela «akordiorik adostu».

Lecornu Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroa eta Kaledonia Berriko ordezkariak, egunotako negoziazioetako batean. @SEBLECORNU
ander perez zala
2021eko ekainaren 2a
13:58
Entzun

Kaledonia Berriko herritarrei zehaztu egin diete deskolonizazio prozesuko garairik garrantzitsuenari buruzko egutegia, bai eta horrek ekarriko dituen ondorioak ere: printzipioz, independentziari buruzko hirugarren eta azken erreferenduma aurten egingo dute, abenduaren 12an, eta, egun horren ostean, bi urteko trantsizio epean sartuko dira, 2023ko ekainaren 30era arte, galdeketaren emaitza edozein dela ere.

Ozeaniako uharte multzoko independentistez eta loialistez osaturiko ordezkaritza bat Parisen izan da asteon, Frantziako Gobernuarekin hirugarren erreferendumaz negoziatzeko; besteak beste, Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroarekin, Jean Castex lehen ministroarekin eta Emmanuel Macron presidentearekin batzartu dira, baiezkoaren garaipenaren eta ezezkoarenaren ondorioak argitze aldera.

Izan ere, orain arte, hiru aldeen proposamenak mahai gainean egon dira, baina ez zuten horren inguruan ados jartzeko tarterik izan; horiek horrela, egunotako elkarrizketekin, kaledoniarrek informazio guztia beren eskuen artean izango dutela joango dira botoa ematera —ondorioei buruzko dokumentu bat argitara emango dute laster—.

Lecornuk prentsaurrekoan azaldu bezala, Kaledonia Berria trantsizio epe batean sartuko da aurtengo galdeketaren ostean: baiezkoak irabaziko balu, estatu independenteak eskumen eta baliabide guztiak jaso ditzan, eta Frantziarekiko harreman berria adosteko; eta ezezkoak irabaziko balu, uharte multzoarentzat estatus berri bat negoziatzeko, gerora herritarrek erreferendum bidez baieztatu beharko luketena.

Prozesuko bi datak hauteskundeen arabera aukeratu dituzte. Hirugarren galdeketari dagokionez, independentistek ahalik eta beranduenerako nahi zuten, hau da, datorren urteko urrirako; loialistek eta Frantziako Estatuak, ordea, aurten egin nahi zuten, Frantziako datorren urteko presidentetzarako bozekin eta horren ondorioekin ez nahasteko.

Azkenean, badirudi bi horien jarrera gailendu dela, baina negoziazioetan parte hartu duen UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentistarik garrantzitsuenak prentsa ohar bidez ohartarazi du oraindik ez duela bere «jarrera ofiziala» zehaztu dataren inguruan. Loialistek, gainera, nahiago zuten erreferenduma aurtengo udazkenean egin, eta horrek agerian utzi du oraindik desadostasunak daudela hiru aldeen artean; ordea, ezustekorik ezean, Parisek proposaturiko egunean egingo dute bozketa, hari baitagokio erreferenduma antolatzea.

Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroak aitortu du egunotako negoziazioetan ez dutela «akordiorik adostu», baina, halere, baikor agertu da: «2021eko abenduaren 12ko datak ez du kontsentsurik lortu. Parisen ez gara elkartu itun bat lortzeko helburuarekin. Epe horrek balio izan du [Frantziako] errepublikak iniziatiba hartzeko».

Argi dagoena da Kaledonia Berria bi urteko trantsizio epean sartuko dela, eta hori Kongresurako hauteskundeen dataren arabera aukeratu dutela, hurrengoak 2024an egingo baitituzte; 2019an, independentistek ez zuten lortu loialistei aurrea hartzea, baina diputatu bat gehiago eskuratu zuten, 26 aulki jasotzeraino —Frantzian geratzearen aldekoek 28 dituzte—.

Deskolonizazio prozesuko lehen galdeketa 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan, Frantzian jarraitzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.

Azken erreferendumeko galdera aurreko bien berbera izango da: Nahi duzu Kaledonia Berriak burujabetza osoa eskuratzea eta independente bilakatzea?.

UC negoziazioetan izan da; UNI, ez

Parisen izan den ordezkaritzan, deigarria izan da independentisten artean soilik UCk parte hartu duela negoziazioetan, UNI Independentziarako Batasun Nazionalak Frantziako hiriburura ez joatea erabaki baitzuen; haren arabera, elkarrizketetan parte hartzeko «aginterik ez» duelakoan.

Jarrera horiek agerian utzi dute beste behin ere Frantziatik ateratzearen aldekoen artean desberdintasunak daudela. Beste kasu baterako, Kaledonia Berriak oraindik ez duela presidenterik: 1998an Noumeako Akordioa sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat dute Ozeaniako uharte multzoan, baina UCren eta UNIren arteko adostasunik ezak atzeratu egin ditu presidentearen eta presidenteordearen aukeraketak.

Koalizioko 11 kideak hiru aldiz elkartu dira gobernuburua hautatzeko, baina oraingoz inork ez du gehiengorik lortu; independentistek, halere, uste dute ados jarriko direla, eta horregatik eskatu dute denbora gehiago negoziatzen jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.