Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. FLNKS
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 25a
12:50
Entzun

Lehen begi kolpean, irudi dezake ez zela aldaketa handirik izan Frantziako Senatuaren eserlekuen erdiak berritzeko atzoko bozketan. Baina izan zen estreinako gertakari bat: lehenengoz, Kaledonia Berriko independentistek ordezkaritza lortu dute goi ganberan. Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko (FLNKS) kide Robert Xowie izango da ordezkaria, bigarren itzulian gailendu ondoren.

Harekin batera, senatuan eserlekua lortzeko hautagai zen Sonia Backes Kaledoniako Errepublikanoak (LRC) alderdiko presidentea. Baina lehenengo itzulian hirugarren izan ondoren, goi ganberara iristeko aukerarik gabe gelditu zen —bi hautagai lehiatu ziren bigarren itzulian—. Behin betiko emaitzak jakinarazi eta gutxira, zera idatzi zuen Facebook sare sozialean: «Datozen asteetan ikusiko ditugu alde ez independentistaren saldukeriaren ondorioak».

Elkarretaratzea alderdi kontserbadore eta loialistako hautagai Georges Natureli zuzendu zizkion hitz horiek. Bera zen eserlekua lortzeko beste hautagaia, eta lehen itzulian Backesi aurrea hartuta, bigarren itzulira iritsi zen. Bada, hari eta haren boto emaileei «traizioa» eta «hautagai independentistaren alde» egitea leporatu zien.

Ikusteko dago independentisten garaipenak zer eta nolako ondorioak izango dituen, baina atzoko bozek argi adierazi zuten Kaledonia Berriko independentismoa indartsu dagoela. Frantziako Gobernuak, eta independentistek eta loialistek, iazko azaro amaieran berrabiarazi zituzten Ozeaniako uhartediaren etorkizunari buruzko negoziazio politikoak. Oraingoz, bien arteko desadostasunak nabarmenak dira. Subiranistentzat, elkarrizketen oinarriak «independentziara iristea» izan behar du; Frantziako Gobernuarentzat, berriz, «proiektu berri bat eraikitzea Frantziaren barnean».

Azken urteotan, deskolonizazio prozesuko hiru independentzia erreferendum egin dituzte Kaledonia Berrian: 2018an, 2020an, eta, azkena, 2021ean. Galdeketak huts egin zuen horietan guztietan, baina azkenak hautsak harrotu zituen. Izan ere, boikota egin zuten independentistek, eta horrek eragin zuen ezezkoak irabaztea.

Eskuina, lehen indarra berriro

Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten atzoko bozetan —348 ditu, eta 172 eserleku berritu zituzten—. Hiru urtetik behin berritzen dute senatuaren erdia, baina goi ganberako senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek. Denera, 1.829 hautagai zeuden atzo eserlekuari eusteko edo horra iristeko lehian, eta 89.000 «hautesle gorenek» eman zuten botoa.

Berritasunak izan ziren arren, indar orekan ez zen aldaketa nabarmenik izan, eskuindarrek gehiengoa izaten jarraituko baitute. Errepublikanoak (LR) alderdiak izango luke ordezkaritza handiena, duela hiru urte baino sei senatari gehiagorekin, 151ra iristeraino. «Garaipen eder bat» izan zen atzokoa haientzat, alderdiko buruzagi Eric Ciottiren arabera. Eskuindarrek goi ganberan duten indarraren adibide da, hain zuzen, senatuko presidente Gerard Larcher. Laugarren aldiz eutsiko dio karguari, 2008an, 2014an eta 2017an bezalaxe.

Bestalde, eskuin muturreko Fronte Nazionalak (FN) hiru senatari lortu ditu. Alderdiko buru Marine Le Pen pozik agertu zen emaitzarekin. Haren arabera, eskuin muturrak goi ganberan ordezkaritza izateak ahalbidetuko du «patriotak senatuan behar bezala ordezkatuta egotea eta Frantziaren alde sustatzen dituzten ideiak defendatzea».

LRk atzetik izango lituzke Alderdi Sozialista eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Errepublika Martxan (LREM) alderdiak, berriz, beherakada nabarmena izan du beste behin. Zazpi senatari soilik lortu ditu, iaz baino hamahiru gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.