Zientzia Politikoetako doktorea

Sonia Fleury: «Kaleko eta sareetako mobilizazioek bultzatu dute Lularen garaipena»

Kongresu kontserbadorearen aurrean Lulak herritarren babesa probestu beharko duela adierazi du Fleuryk. Bolsonarok bozen emaitzak onartu ez baditu ere, ez du uste oraingoan ezer gertatuko denik.

Sonia Fleury. BERRIA
Sonia Fleury. BERRIA
Aitor Garmendia
2026ko urriaren 26a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrei zor die. Eta gobernuan parte hartzeko aukera gehiago emango dizkiela agindu du. Lehen itzuliko emaitzak irauli, eta Luiz Inacio da Silva Lula-k laugarrenez irabazi ditu Brasilgo presidentetzarako bozak. Gobernatzeko orduan gehiengo kontserbadoreko Kongresua izango du aurrean, Sonia Fleury (Belo Horizonte, Brasil, 1950) Zientzia Politikoetako doktoreak ohartarazi duenez, baina badu zerbait bere alde: «Herritarrak mobilizatuta edukitzea da Kongresu kontserbadorearen aldean duen abantaila».

Lehen aldiz aurreneko itzulian nagusitutako presidentegaiak ez ditu bozak irabazi. Zer gertatu da azken hiru asteetan?

Nire ustez, kaleko eta sareetako mobilizazioek bultzatu dute Lularen garaipena. Lehen itzuliaren hurrengo egunean, Lularen lantaldea lur jota zegoela, Fluminense Unibertsitate Federaleko ikasleak kalera atera ziren Lulari babesa ematera. Mugimendu horrek indarra hartu zuen, eta, bat-batean, hiri nagusi guztietan eta hiri ertain askotan jendea kalera atera zen.

Gainera, Lularen sareetako komunikazioaren ardura diputatu federal baten esku utzi dute, eta oso ondo moldatu da; Lularen armada delakoa sortu du [Whatsappeko kanal bat da]. Andre Janones da diputatu hori, eta hamar milioi pertsona sare horren parte izatea lortu du.

Lehen itzulian botoa eman ez zutenengana ere iritsi dira?

Haiengana iristea funtsezkoa zen; botoa ematera joan ez zirenei buruan sartzea bozkatzeak merezi duela. Lehen itzulian baino hiru milioi pertsona gehiagok eman dute botoa.

Orduko hartan, Banco Master banketxearen inguruko ustelkeria auziaren inguruan ardaztu zen kanpaina. Bolsonaro da auzi horrek zipriztindutako hautagaia, baina Lulari egin zion kalte, herritarrek ustelkeria gobernuarekin lotzen dutelako beti. Azken asteetan, ordea, Bolsonaro zein auzitan sartuta dagoen azaldu dute, benetan nor den. Orain arte, Jair Bolsonaroren semea dela baino ez zekien jendeak. Azken hiru asteetan areagotu egin da Bolsonaroren aurkako gaitzespena.

Lularen zaleak garaipena ospatzen, atzo, Sao Paulon. ISAAC FONTANA / EFE
Lularen zaleak garaipena ospatzen, atzo, Sao Paulon. ISAAC FONTANA / EFE
Hauteskundeetako debateek izan dute zerikusirik?

Lehen eztabaida oso itsusia izan zen. Bolsonaro erasokor aritu zen, baina Lulak ere ez zuen asmatu. Debate horren ostean nori botoa eman argi ez zuen herritarren portzentajea bikoiztu egin zen: %7tik %14ra.

Bigarren eztabaidan, Bolsonaro ez zen horren erasokor aritu. Halere, Lulak eskua altxatu zuen une batean Bolsonarok «bederatzi hatz» deitu zion [Lulari hatz bat falta zaio]. 17 urterekin legez kanpo lanean ari zela gertatu zitzaiola kontatu zuen Lulak, eta Bolsonarori leporatu zion inoiz lanik egin ez izana. Gizarte klaseez eta langileen eskubideaz aritu zen, eta Lularen kanpainako une garrantzitsuenetako bat izan da.

Haren aitak egin moduan, Flavio Bolsonarok ere ez ditu bozen emaitzak onartu.

Ez, baina, ziurrenik, oraingoan ez da ezer gertatuko. Boikot bat egon zen, eta Salvador do Bahiako Garraio idazkaria, esaterako, preso hartu dute horregatik. Autobus zerbitzuak geldiarazi zituzten, eta herritarrek ezin izan zuten botoa ematera garaiz iritsi. Beste gune batzuetan ere gauza bera gertatu zen.

Salaketa hori arratsaldeko ordu batak aldera iritsi zen Hauteskunde Auzitegi Gorenera —Bolsonarok jarritakoa da epaitegi horretako presidentea—, baina erabakirik hartzen ez zuela ikusita, bi aldeek neurriak hartzeko eskatu zuten. Orduan, Brasilgo Auzitegi Gorenak hauteslekuak bi ordu gehiagoz irekita edukitzeko agindu zuen. Kasualitatez, erabaki hori hartu zuen epailea Lulak hautatutakoa zen, haren abokatu izandakoa.

Kontua da arratsaldeko bostetan ixten direla hauteslekuak, eta ezin direla berriz ireki. Eta epailearen agindua iritsi zenerako, gehienak itxita zeuden; hortaz, ez zen ia ezer aldatu. Hauteskunde Auzitegiko presidenteak —Bolsonaroren aldekoak— hitzaldi bat eman zuen, eta esan bozak legezkoak izan zirela, neurri horrek ez zuela emaitzetan eraginik izan. Horregatik, ez dut uste ezer pasatuko denik.

«Hauteskunde Auzitegiko presidenteak —Bolsonaroren aldekoak— hitzaldi bat eman zuen, eta esan bozak legezkoak izan zirela. Horregatik, ez dut uste ezer pasatuko denik»

Orain gobernua osatzea dagokio Lulari.

Bozen ostean emandako hitzaldian esan du aldaketak egin behar dituela. Adierazi du, halaber, kalean eta sare sozialetan mobilizatutakoei esker lortu duela garaipena, gazteei eta adinekoei esker. Herritarrei erabaki politikoetan parte hartzeko aukera gehiago emango diela agindu du. Izan ere, herritarrekin gobernatzea da Lulak arrakasta izateko duen bidea, mobilizazioari eustea, Kongresua kontserbadorea baita. Oposizioak PT Langileen Alderdiak baino ordezkari gehiago ditu bi ganberetan. Horregatik, herritarrak mobilizatuta edukitzea da Kongresu kontserbadorearen aldean duen abantaila.

Lularekin, Brasilek Trumpen interesei muga jartzen jarraitu dezake.

Bai, interesgarria izango da. Izan ere, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak Latinoamerika kontrolpean edukitzeko proiektu sendo bat du abian. Gainera, teknologia enpresa handiek —Metak, esaterako— Lularen aurka egin dute kanpainan zehar. Hortaz, hurrengo agintaldian are eta erregularizazio sendoagoa ezarriko die.

Lulak 81 urte ditu, eta agintaldia amaitzerako 85 edukiko ditu. PT hasia al da erreleboan pentsatzen?

PT alderdia ez da berritu. Eta alderditik kanpoko jendea erakartzea da orain duen erronketako bat. Gobernu berriak keinuren bat egin beharko du erakusteko alderdia berritzen ari dela. Lularen ordezkapenaz ez dute ezer esan oraingoz. Nahitaez irabazi beharra zuen, ez zegoen beste aukerarik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA