inaut matauko rada

Kaltetuak eta erantzuleak

2026ko irailaren 4a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nepalgo eta Txinako agintariek zenbatu dutenez, oraingoz ia 1.300 hildako izan dira abuztuaren 26ko uholdeen harira; glaziar zati batek luizia eragin zuen, eta Trishuli errekan bat-bateko uholde bat sortu. Gehienak Nepalen hil dira, eta oraindik 5.000 desagertu baino gehiago daude; beraz, hildakoen kopuruak gora egingo du gorpuak aurkitu ahala. Ezbeharraren irudirik ezagunena bi herrialdeen arteko mugako segurtasun kamera batek grabatutakoa izan da: hartan, mugako igarobide bat ikusten da, eta, jendea korrika hasi eta gutxira, ur, harri eta lokatz olatu batek dena jaten du; hala amaitzen da bideoa. Irudiak beldurgarriak dira, baina ez dira nahikoa gertatutakoari neurria hartzeko. Eraikinak, ibilgailuak eta zubiak eraman ditu uholdeak, eta, ezbeharra jazo eta ia bi astera, oraindik leku batzuetara iritsi ezinik daude erreskate zerbitzuak.

Hainbat konspirazio teoria kenduta, agintariek hasieratik garbi adierazi zuten glaziar bat kolapsatu izanak sortu zuela ezbeharra. 5.200 metro inguruko altueran puskatu zen glaziarra, eta 1.200 metro baino gehiago jaitsi zen errekara iritsi arte. Tartean arrastaka eramandako lur guztiak luizia indartu zuen, eta ezbeharra areagotu. Errekak hamabost eta hemezortzi metro arteko garaiera irabazi zuen minutu gutxian, eta 72 kilometroko ibilguan sortu zituen kalteak.

Gero eta ohikoagoak dira glaziarren kolapsoek sortutako ezbeharrak. Iazko maiatzean, Suitzako Blatten herriaren %90 suntsitu zuen glaziar handi baten hausturak sortutako luiziak. Han zortea izan zuten, geologoek ezbeharra aurreikusi baitzuten, eta egun batzuk lehenago herria ebakuatu. Nepalen eta Txinan, berriz, ez dute zori bera izan. Groenlandian 2023an jazotakoak ez zuen horrenbesteko oihartzunik izan, biztanlerik gabeko ingurune batean izan baitzen: fiordo batean izotz eta lur labainketa bat izan zen, 25 milioi metro kubo lur mugitu zituen, eta 200 metroko tsunami bat sortu zuen; bederatzi egunez fiordoan alde batetik bestera ibili zen.

Halako gertakariak naturalki gertatzen badira ere, klima larrialdiak handitu egiten ditu halakoak gertatzeko aukerak. Izan ere, mundu gero eta beroagoan glaziarrak eta izotz kapak azkar urtzen ari dira, eta abiadura horrek halako kolapsoak areagotzen ditu. Bada, Nepalgo agintariak asko hitz egiten ari dira klima aldaketaren eraginaz azken asteetan, herrialdea zauritu duen ezbeharrean lotura zuzena izan duelakoan. Baina ez dira modu abstraktuan erru hori klima aldaketari botatzen ari, haren erantzuleei baizik.

Nepalgo lehen ministroak, Balendra Shahk, hasieratik adierazi du bere herrialdea oso zaurgarri dela klima aldaketari begira, baina gehitu du Nepalek karbono isurien %0,1 soilik sortzen dituela. Eta datu horrekin klima aldaketaren desparekotasuna berretsi du Shahk

Izan ere, Nepalgo lehen ministroak, Balendra Shahk, hasieratik adierazi du bere herrialdea oso zaurgarri dela klima aldaketari begira, baina gehitu du Nepalek karbono isurien %0,1 soilik sortzen dituela. Eta datu horrekin klima aldaketaren desparekotasuna berretsi du Shahk: Iparralde Global industrializatua karbono isurien gehiengoaren erantzulea den bitartean, klima aldaketaren kalte handienak Hegoalde Globala ari da pairatzen. Alde batetik, herrialde asko eremu kritikoetan daudelako —Tuvalu, Nepal, Bhutan, Pakistan...—, eta bestalde, baliabide gutxiago dituztelako ezbeharrak aurreikusteko, prebenitzeko eta gertatu osteko kudeaketarako. Izan ere, klima larrialdiaren kalteen banaketa desparekoa da, kapitalismo globalak sortzen dituen beste hamarnaka desberdinkeria bezala: bizitza kalitatea, errentaren banaketa, osasunaren kalitatea, lanaren banaketa...

Funtsak aktibatzeko eskatu dute

Desparekotasun hori nabarmentzeko, Nepalgo lehen ministroak azpimarratu du ezbeharrak sortutako kalteei aurre egitea «nazioarteko komunitatearen ardura» dela. Eta ez hori bakarrik: karitatea albo batera uzteko beharra jarri du mahai gainean, eta klima justiziaren beharra nabarmendu. Horrez gain, Galerei eta Kalteei Erantzuteko Funtsak lehen baino lehen aktibatzeko eskatu du Nepalgo Gobernuak, nahiz eta oraindik ezin den guztiz kalkulatu zenbaterainoko kalteak sortu dituen ezbeharrak. Hala ere, Nepalgo Gobernuak nabarmendu du orain arte jasotako informazioak iradokitzen duela suntsiketa herrialdearen ahalmena baino handiagoa dela.

2022an adostu zuten Galerei eta Kalteei Erantzuteko Funtsa sortzea, COP27an, eta hurrengo urtean Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egindako COP28an sortu zen ofizialki. Gaur egun, herrialde industrializatuek 820 milioi dolar transferitzeko konpromisoa hartua dute, baina oraingoz soilik 450 milioi dolar bildu dituzte funtsean. Hori gutxi balitz bezala, 170 eskari baino gehiago ditu funtsak, 2.800 milioi dolarrekoak guztira. Finantza mekanismo horren mugak garbi utzi ditu eskari handi horrek, eta agerian uzten ari da herrialde industrializatuek duten erantzukizuna, baita Hegoalde Globalean gertatzen diren ezbeharrei aurre egiteko konpromiso falta ere.

Azken urteetan, nazioarteko klima negoziazioetan Iparralde Globalak eta petrolio estatuek nabarmen aldatu dute jokaera, eta, klima agenda hedatzearen kontra egiteaz gain, klima aldaketaren kontrako borroka finantzatzeko jarri beharreko dirua nabarmen handitzea saihesten ari dira, Hegoalde Globalarekin duten zor historikoari muzin eginez. Esaterako, 2024ko COP29ko eztabaidetan, Hegoalde Globalak eskatu zuen 2035erako gutxienez urtean mila milioi dolarreko inbertsioa egiteko, baina azkenean herena baino gutxiago adostu zuten, 300.000 milioi dolar, Iparralde Globaleko herrialdeen jarrera zurrunagatik.

Nepalgo Gobernu berriak badirudi ikuspuntua eta jokabidea aldatu dituela klima aldaketari dagokionez. 2025ean gazteek zuzendutako protesta handiak izan ziren Nepalen aurreko gobernuaren eta agintarien kontra, eta aurtengo martxotik Shah da lehen ministroa, 36 urteko rap kantari ohi bat. Munduko gobernuburu gazteenetako bat da, gazteena ez bada, eta bere lehen krisi handiari aurre egiten ari zaio karguan urte erdi eskas daraman honetan. Nazioarteko funtsak aktibatzea eskatzeaz gain, Nepalgo Parlamentuak onartu berri du klima larrialdia «nazioaren segurtasunaren kontrako mehatxu» gisa izendatzea. Baina ez da adierazpen soil bat, proposamenean jasotzen baitute ezbeharren osteko erantzunera edo kudeaketara ez mugatzea, eta aurreko prestakuntza indartzea. Horrez gain, proposamenean azaldu dute Nepalek ahotsa goratuko duela nazioarteko klima eztabaidetan, batez ere kalteen eta galeren gaiaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA