La Palmako (Kanaria uharteak, Espainia) sumendiaren laba bere bide naturala egiten ari da: itsasoranzkoa. Fenomeno horrek kezka sortu du; izan ere, laba ur gaziarekin batzeak leherketak eragin ditzake, baita laino toxikoak ere. Horregatik, larrialdi zerbitzuek itxia dute ingurua, baita itsasoz ere.
Printzipioz, laba itsasora atzo iluntzean helduko zela aurreikusi zuten, baina, sumendiaren indarra baretu egin denez, oraindik bidearen erdia du egiteko uretara heldu arte. Gainera, azken orduetan beste erupzio zulo bat zabaldu da nagusitik 900 metro ingurura, eta ez dakite ziur laba non itsasoratuko den. Bi arrakala dauzka sumendiak, bien artean 200 metro daudela, eta bederatzi lekutatik irteten da laba.
La lengua de lava del proceso eruptivo de La Palma arrasa con todo a su paso en su camino hacia el mar. pic.twitter.com/InvtAhgtl5
— Agencia Canaria de Noticias y Audiovisuales. (@ACFIPRESS) September 20, 2021
Laba urarekin batzen denean, lurrun laino erraldoi bat sortuko da; labak ia mila graduko tenperatura du, eta itsasoko urak, hogei gradu ingurukoa. Ez da lurruna bakarrik, ordea: labak erreakzio kimiko bat ere sortzen du orduan, eta gizakiei eragin diezaieke. Ez da hori arrisku bakarra: leherketek ere txikizioak eragin ditzakete, eta ur beroko olatuak sortu ere bai.
Lurrikarak ere etengabeak ari dira izaten egunotan La Palman. Irailaren 11n hasi ziren, joan zen larunbatean, eta ordutk ia hogei lurrikara izan dira uhartean. Azken laurak, bart. Lehenengoa, gainera, orain arte erregistratutako indartsuena izan zen, 3,8 puntukoa Richter eskalan. Orain arteko beste guztiak hiru puntu baino gutxiagokoak izan dira, IGN Geografia Institutu Nazioalaren arabera.
6.000 ebakuatu
Herenegun hasi zen Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa, 15:00 aldera. eta 17:00etarako jada alarma gorria piztua zuten uharteko agintariek. Sumendiak Tazarcorte, El Paso, Fuencaliente, Mazo eta Llanos de Aridane herriei eragingo diela aurreikusten da, eta bertan, guztira, 35.000 lagun bizi dira. Hala ere, agintarien arabera, nahikoa izango da 10.000 lagun lekualdatzea.
Oraingoz, 6.000 dira etxetik aldendu behar izan duten herritarrak. Ez dago hildakorik, baina labak irudi ikusgarriak eta aldi berean etsigarriak utzi ditu uhartean: aurrean duen guztia suntsitzen du, tartean etxebizitzak, azpiegiturak eta nekazaritzarako lurrak. Jada 160 etxe baino gehiago desagerrarazi ditu, eta mila ere izan daitezkela jakinarazi dute adituek.
Cumbre Vieja Kanarietako sumendirik aktiboenetako bat da. Uhartediko azken hiru erupzioetatik bi han gertatu dira: San Juan sumendia piztu zen 1949an, eta Teneguia 1971n.
Etnan ere bai
Kanarietako sumendia ez da Europan erupzioan dagoen bakarra. Italiako agintariek jakinarazi dutenez, erupzio bat lehertu da Etna sumendian ere (Sizilia, Italia). Azkenekoz joan den abuztuan izan zen erupzio bat Etnan. Gaurkoak sortutako lainoak bederatzi kilometroko altuera hartu du, eta inguruko hirietatik ikus daiteke.
Etna, alta nube eruttiva: attività dal cratere di Sud Est #etna#eruzione#crateredisudestpic.twitter.com/8Q6hLDD0y9
— Local Team (@localteamtv) September 21, 2021