mikel rodriguez

Kanoiontzien diplomazia

2026ko urtarrilaren 9a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Flota boteretsu bat ailegatzen zen portura, eta portu horren jabe zen gobernuari mehatxu egiten zion: flota horren herrialdeak exijitutako baldintzei amore eman ezean, portuak itsas blokeo bat edo bonbardaketa bat pairatuko zuen. Kanoiontzien diplomazia deitu zitzaion jarduteko modu horri XIX. mendean. Normalki, Mendebaldeko potentzia boteretsuek herrialde ahulagoekin jokatzen zuten horrela, zorrak ordainarazteko, hitzarmen desorekatuak inposatzeko eta bertzelako apeta inperialistak betearazteko.

Kasu paradigmatikoenetako bat AEBek Japoniarekin egin zutena da. 1853an, Matthew Perry komodoroak zuzentzen zuen flota Edo badian sartu zen, eta Uragako portura begira paratu zituen kanoiak. Ultimatum bat bidali zion Japoniako shogunerriari: herrialdea nazioarteko merkataritzara ireki eta AEBekin hitzarmen bat negoziatu, edo, bertzela, kanoien suan erre. Urtebetera itzuli zen Perry erantzunaren eske, eta Japoniak amore eman behar izan zuen, parean zuen herrialdearen botere militar handiagoaz jakitun. Horrela bukatu zen artxipelagoak bi mende baino gehiagoan indarrean izan zuen nazioarteko bakartze politika.   

«Ontzi guziek bertan segituko dute segurtasun arrazoiengatik». Solas horiek izaten ahal ziren Perryk shogunari bidali zion eskuizkriburen batekoak, baina ez dira. Gaur bertan Donald Trump AEBetako presidentearen teklek Truth Social sare sozialean idatzitakoak dira. Kanoiontziek kostan segituko dute, portutik heldu den erantzunak inperioa ase arte, duela bi mende bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.