Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulirako astebete falta denean, Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Hollande (PS) hautagaiak azken ahaleginak egiten ari dira botoak eskuratzeko. Atzo mitinak eman zituzten biek, Tolosan eta Parisen, hurrenez hurren.
Sarkozy Frantziako presidente eta UMPko hautagaia globalizazioaren aurka eta mugak mantentzearen alde agertu zen atzo Tolosan. Milaka jarraitzaileren aurrean, nazioa eta mugak goraipatu zituen: "Irabazten duten herrialdeak nazio espirituan sinesten dutenak dira", esan zuen.
Haren arabera, muga politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta moralak eraisten saiatzea "akats bat" da, "desordena" sortzen delako. "Mugarik gabe ez dago naziorik, ez dago estaturik, ez dago errepublikarik, ez dago zibilizaziorik. Mugek sekulako garrantzia dute", azpimarratu zuen.
Hollande, Europatik haratago
Hollandek, bestetik, Parisen eman zuen mitina milaka lagunen aurrean, eta Sarkozy ez bezala, muga guztiak gaindituko dituen hautagai gisa agertu zuen bere burua. "Europako herrialdeek Frantziara begiratzen dute; itxaron dezatela, iristen ari gara, eta hitzordura joango gara".
PSko hautagaiak nabarmendu zuen bere mezua Europatik haratago doala, eta Afrikan eta Hego Amerikan ere "itxaropenez eta mirespenarekin" jarraitzen dietela. Haren garaipena "demokrazientzat oso albiste ona" izango litzatekeela uste du, eta "albiste lazgarria diktadoreentzat".
Le Penen boto eskaria, bihar
Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko buruak gaur egindako adierazpenetan esan du Sarkozyk errespetu gutxi azaldu duela boto-emaileekiko. Midi Libre egunkariari eskainitako elkarrizketan Le Penek adierazi du boto-emaileak ezin direla "haur gisa" hartu, eta koherentzia eskatu dio.
Bestetik, Le Penek esan du bihar jakinaraziko duela noren aldeko botoa eskatuko duen, eta "oso argia" izango dela gaineratu du. Asteazkenean Sarkozyren eta Hollanderen arteko eztabaida izango da, telebistan.
Fronte Nazionaleko buru izandako Bruno Gollnichek eta Carl Langek Sarkozyren alde egingo dutela jakinarazi dute gaur.
Hollande, faborito
Ipsos institutuak kaleratutako azken inkestaren arabera, Hollandek faborito izaten jarraitzen du, botoen %53arekin. Hala ere, Sarkozyrekiko aldea murriztu du, beste hainbat inkestak argitaratu dituzten datuak aintzat hartuz gero. Sarkozyk %47ko babesa jasoko luke, pasa den asteko inkestetan baino puntu bat gehiago.
Frantziako presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia igandean izango da. Aurrenekoan Hollande izan zen hautagairik bozkatuena, %28,63ko babesarekin. Sarkozyk %27,18koa erdietsi zuen.