ASIAKO ITSASIKARA

Kanpo zorraren interesak barkatu dizkiete herrialde kaltetuei G7koek

Herrialdeok urtean 4.500 milioi euro aurreztuko dituztela esan du Londresko Ekonomia ministroak

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
G7koek munduko zazpi herrialde aberatsenek osatzen duten taldea itsasikarak kalte egin dien herrialdeei kanpo zorraren interesak barkatuko dizkietela iragarri zuten atzo erakundea osatzen duten herrialdeetako Finantza ministroek. AEB Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak osatzen dute G7 taldea. Berehalako neurri horrekin herrialdeok urtean 4.500 milioi euro aurreztu ahal izango dituztela zehaztu zuen Erresuma Batuko Ekonomia ministro Gordon Brownek. Orotara, baina, 300.000 milioi dolarreko kanpo zorra dute herrialdeok. Parisko Klubak heldu den asteazkenean erabakiko du kanpo zorra ordaintzeko epea atzeratu edo ez.

Europako Batasuneko Atzerri, Kooperazio eta Osasun ministroek, bestetik, bilera egin zuten atzo diru laguntzak bideratzeko estrategia bateratua adosteko. Hondamendien aurrean, hartara, erantzun azkarrak emateko gaitasuna izango duen taldea sortzea proposatu zuten. Talde honek munduko edozein zonaldetan giza laguntza koordinatzeko prest egongo litzateke. Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok, bestetik, giza laguntzarako beste ehun milioi euro eta berreraikuntzarako beste 350 ematea proposatu zuen orotara 1.500 milioi euro eman dituzte. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko zuzendari Carol Bellamyk giza laguntza bideratzeko dauden akatsak zehazteko eskatu zion atzo EBri: «Lagungarria izango litzateke arazoak atzematea». NBE Nazio Batuen Erakundeak, bien bitartean, nazioartearen 2.083 milioi dolar jasoko dituen agindu formalak eskuratu dituela jakinarazi zuen Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoak. Jakartan 4.000 milioi dolar agindu zituzten mundu osoko herrialdeek herenegun. Gobernuz kanpoko erakundeek bideratuko dute gainontzeko dirua.Asia hegoaldera egindako bidaiak tsunami-ak gehien kaltetutako inguruak bisitatzeko baliatu zuten atzo nazioarteko agintariak.

Barne gatazkak arazo iturri

AEBetako Estatu idazkari Colin Powell Sri Lankan izan zen. Gobernuko soldadu eta tamil tigreen gerrillarien artean dagoen gatazka giza laguntza banatzeko lanak trabatzen dituela agerian gelditu da egunotan. Estatu idazkariak desadostasun politikoak albo batean uzteko eta berreraikuntzan elkarlanean aritzeko deia egin zien bi aldeei. Gobernuak soldaduak bidali ditu tamilek kontrolatzen dituzten iparraldeko lurraldeetara eta gerrillariek estrategia politikoa baino ez dela salatu dute. Tamilen esku dauden lurraldeetara bideratutako diru laguntza urria dela salatu dute, halaber, gerrillariek.

NBEko idazkari nagusi Kofi Annan Aceh eskualdean izan zen. Horrenbesteko hondamendirik inoiz ez duela ikusi esan zuen: «Aitortu behar dut inoiz ez dudala halakorik ikusi. Non dago jendea?». Ingurua berreraikitzeko aurreneko sei hilabeteetan mila milioi dolar beharko direla esan zuen Annanek. Sumatran, azken datuen arabera, 101.318 pertsona hil dira. Acehn giza laguntza banatzen ari diren militarrek matxinoekin borrokak izan dituztela eta egoera horretan ezin dutela giza laguntza banatu jakinarazi zuten. Gerrillari independentisten arabera, alta, soldaduak egoera baliatzen ari dira euren kontrako jazarpena areagotzeko. Itsasikararen ondoren su-etena aldarrikatu zuten bi aldeek. NBE Larrialdiko Laguntzarako koordinatzaile Jan Egelandek su-etena indarrean mantentzeko eskatu zien Sri Lanka, Sumatra eta Somaliako agintari eta gerrillariei: «Menia indarrean egotea behar-beharrezkoa da memento honetan; bakea egon ezean ezin izango diegu herritarrei giza laguntza helarazi». Nazio Batuen Garapenerako Programako arduradun Mark Malloch-Brownek giza laguntza banatzeko arazoak «helikopteroen laguntzari esker» konpontzen ari direla esan zuen. Acehn, dena den, arazoak dituztela zehaztu zuen. Orotara 200 errefuxiatu gune ezarri dituzte eskualdean. Hamaika dira itsasikarak zuzenean hondatutako herrialdeak. Azken datuen arabera 153.00 dira hildakoak guztira eta bost milioi pertsona etxerik gabe gelditu dira. Beste 39 herrialdetan, baina, zeharkako kalteak izan dituzte.

-

Itsasikararen eguna, orduz ordu





02:59: Epizentroa Indonesian, Sumatrako iparraldean, izan zuen itsasikara izan zen.

03:14: PTWC Tsunami-ak Aurreikusteko Pazifikoko Zentroak itsasikararen berri eman zuen.

03:19: PTWCk itsasikara 8,5 gradukoa izan zela eta tsunami-a egon zitekeela ohartarazi zuen.

03:30: Sumatrako iparraldeko Aceh eskualdera eta Indiako Andaman eta Nicobar artxipelagoetara iritsi zen tsunami-a; tartean, hamar metroko olatuak izan ziren.

04:30: Thailandiako hegoaldeko kostaldera iritsi zen tsunami-a.

05:00: Sri Lankara eta Indiako hego-ekialdeko kostaldera iritsi zen olatu multzoa. Indiako Ozeanoa 800 kilometro orduko abiaduran gurutzatu zuen.

06:30: Maldivak uharteetara ailegatu zen tsunami-a.

09:00: Afrikako ekialdeko kostaldera iritsi zen olatu multzoa itsasikara izan eta sei ordu geroago. Somalia, Kenya eta Tanzania herrialdeetan eragin zituen kalteak. Seychelle uharteetan ere egin zituen kalteak tsunami-ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.