Kanputxeako lehen ministro Hun Senek koaliziorik gabe gobernatu ahal izango du

Lehen emaitzen arabera, botoen %51 eta %71 artean lortu ditu egun agintean dagoen alderdiak

2008ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Legebiltzarrerako bozetan faboritoa zen PPC Kanputxeako Herriaren Alderdia, eta irabazi egin ditu. Hala adierazten dute herrialde hartako Hauteskundeetako Komisio Nazionalak emandako behin-behineko emaitzek. Egun jarduneko lehen ministro den Hu Sen khmer gorri ohiak jarraituko du, beraz, agintean; azken 23 urtetan bezala. Oraingoan, ordea, koalizio beharrik gabe agindu ahal izango du Kanputxean. Senek ez du beste indar politikoekin itunik sinatu beharko, Konstituzioan iaz egindako aldaketa bati esker. Moldaketa horren arabera, Gobernua eratzeko nahikoa da Legebiltzarreko hauteskundeetan diputatuen erdia gehi bat eskuratzea, eta ez bi herenak, orain artean bezala.

Behin-behineko emaitzen arabera, PPC alderdiak botoen %51 eta %71 artean lortu ditu. Phnom Penh hiriburuko bozak ere haren aldekoak izan dira-%51,55 eskas-, gune hori tradizioz oposizioaren esku egon bada ere. Eta artikulu hau idazterako orduan Kanputxeako 24 probintzietatik bostetan bozak zenbatzeke bazeuden ere, Barne Ministerioak Legebiltzarreko 123 aulkietatik 90 PPCri dagozkiola aurreratu du. Beste 26 PSR Sam Rainsy Alderdiak -oposizioko alderdi nagusia- eskuratu ditu, hiru PDH Giza Eskubideen Aldeko Alderdiak, eta bina PNR Norodom Ranaridh Alderdiak eta Funcinpec Kanputxea Independente, Neutral, Baketsu eta Lagunkide Baterako Fronte Bateratuak.

Adituen arabera, Preah Vihear tenpluaren auziari zor dizkio Senek boto ugari. Thailandia eta Kanputxearen arteko lehia eragin zuen horrek.Tenplua zein herrialderi dagokion argitu artean, 400 soldadu bidali zituen lehenak eta 800 bigarrenak. Bi herrialdeetako atzerri ministroak, ordea, militar horiek erretiratzean adostu ziren atzo.

Emaitzekin haserre

Oposizioko alderdiak ez daude ados Hauteskundeen Komisio Nazionalak kaleratutako emaitzekin. Horiek hala, bat egin dute bozak berriz egin daitezen eskatzeko.

PDH alderdiko buruzagi Kem Sokhak nazioarteko komunitateari emaitzak aintzat har ez ditzan eskatu dio, «irregulartasun ugari izan direlako». Horren harira, Phnom Penh hiriburuko 200.000 biztanlekezin izan zutela botoa eman salatu zuen PSRko buru Sam Rainsyk, herenegun iluntzean bertan, hauteskunde egunaren amaieran. Rainsyren arabera, lagun horien izenak hauteskunde zerrendatatik kendu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.