Kaosa nagusitu da Rafahn, milaka palestinar giza laguntza jasotzera joan direnean

Pilaketak izan dira laguntza humanitarioa banatzeko gune batean, Gaza hegoaldean, eta Israelgo soldaduek tiro egin dute. Gaza Humanitarian Foundation erakundea aste honetan hasi da laguntza banatzen; Israelen eta AEBen babesa du.

Laguntza humanitarioa zeraman kamioi bat, herenegun, Gaza hirira bidean. MOHAMMED SABER / EFE
Laguntza humanitarioa zeraman kamioi bat, herenegun, Gaza hirira bidean. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 27a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Kaosa nagusitu da Rafahn (Gaza), laguntza humanitarioa banatzeko gune batera milaka palestinar oldean sartu, eta Israelgo soldaduek tiro egin ostean. Nazioarteko hedabideen arabera, palestinarrek hesiak hautsi dituzte, eta pilaketak izan dira. Horiek sakabanatzeko, Israelgo soldaduek tiro egin dute; armadaren arabera, «ohartarazpen tiroak» izan dira. Eta laguntzaren bila joan direnak korrika irten dira. Gutxienez hiru pertsona zauritu dira, AP Associated Press AEBetako berri agentziaren arabera.

Atzo hasi zen zerrendan laguntza humanitarioa banatzen Gaza Humanitarian Foundation (Gazako Fundazio Humanitarioa) erakundea. Israelek martxoaren 2tik galarazia zuen laguntza humanitarioa sartzea, eta, horren aurretik, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek banatzen zuten laguntza humanitarioa Gazan. Aurreko astelehenean, Tel Avivek bertan behera utzi zuen blokeoa, baina Gaza Humanitarian Foundationen esku utzi zuen laguntza banatzeko ardura. Erakunde horrek Israelen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa du, eta AEBetako militar ohiek eta segurtasun enpresa pribatuek osatzen dute.

Hiru hilabeteko blokeoak are eta gehiago larriagotu du gosetea Gazan. Laguntza humanitarioa banatzen hasi berritan, milaka herritar joan dira banaketa guneetara. Gaza Humanitarian Foundationek bi gune ezarri ditu, eta, ohar batean adierazi duenez, horietako bat itxi egin behar izan dute jende gehiegi joan delako. Halere, erakundeak esan du berriz ere hasi direla laguntza ematen, eta guztira 462.000 otordu banatu dituztela. Israelgo armadak esan duenez, «kontrola berrezarri» dute pilaketak izan diren gunean.

NBErentzat ez da egokia Gaza Humanitarian Foundation erakundea arduratzea laguntza humanitarioa banatzeaz. Stephane Dujarric NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak gaur salatu du erakunde horrek ez dituela betetzen «independentzia eta inpartzialtasun printzipioak», eta, horrez gain, gaurko gertakariak gaitzetsi ditu: «Ikusitako irudiak lazgarriak dira».

Bestalde, Gazako Gobernuak —Hamasen menpe dago— ohar batean gezurtatu du Hamaseko kideek laguntza humanitarioaren banaketa oztopatu izana. Izan ere, Gaza Humanitarian Foundationen beste ohar batean, talde islamistari egotzi dio banaketa blokeatzea. Gazako Gobernuaren arabera, erakunde horren kudeaketa txarraren ondorio izan da kaosa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.