Karadzic zigortu dute, Srebrenican genozidioa egitea leporatuta

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak 40 urteko kartzela zigorra ezarri dio Bosniako serbiarren buruzagi ohiari.Genozidioaz gain, gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak leporatu dizkiote

Hagako Auzitegian epaitu zuten atzo Radovan Karadzic, Bosniako serbiarren buruzagi ohia. ROBIN VAN LONKHUIJSEN / EFE.
Ane Urrutikoetxea.
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi ohia Srebrenica eta Sarajevoko sarraskien erantzulea dela erabaki du Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak. Guztira 11 kargurengatik zigortu dute Karadzic: genozidio kargu bat Srebrenicako sarraskiarengatik, eta gainontzekoak, Sarajevon egindako gizateriaren aurkako krimen eta gerra krimenengatik. Bosniako hainbat herritan egindako erasoengatik beste genozidio kargu bat ere bazuen, baina auzitegiak atzera bota du, frogak falta direlako. Epaiaren arabera, buruzagi ohiak 40 urte igaro beharko ditu kartzelan; fiskaltzak bizi guztiko kartzela zigorra eskatu zuen hasieratik. Karadzicek helegitea aurkezteko asmoa agertu du.

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak orain arte epaitutako kargudun politiko garrantzitsuena da Karadzic. Aurrez, Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiaren aurkako epaiketa hasi zuen, baina bihotzekoak emanda hil zen, 2006an. Epaiketaren hasieran, Karadzic «garbiketa etnikoaren arkitekto» izendatu zuen Alan Tieger fiskalak: «Garbiketa etnikoa bultzatzen zuten indarren burua zen Karadzic. Hark agindu zituen bosniakiarren eta kroaziarren aurkako erasoak, baita serbiarrak ez ziren beste etnia askoren aurkako jazarpenak ere». Hagako auzitegiaren arabera, Karadzicek «erakunde kriminal bateratu» batekin parte hartu zuen gerra garaiko hilketetan.

Bezperan emandako elkarrizketa batean, Karadzicek adierazi zuen espero zuela errugabe ateratzea. Epaiketaren hasieratik akusazio guztiak ukatu ditu: «Badakit zer egin nuen, eta ez dago epaituko nauen zentzuzko auzitegirik. Srebrenican gertatutakoa ezin da ukatu, baina ez nago ados esan den guztiarekin». Buruzagi ohiaren esanetan, berak ez zien zibilei erasotzeko agindu tropei: «Hilketak norbanako talde batek egin zituen, nire borondatearen aurka».

«Hau beranduegi iritsi da» adierazi dio Bida Smajlovicek Reuters agentziari. Smajlovic bizirik atera zen Srebrenicatik, baina senarra eta bi koinatu hil zizkioten. Orain arte, sarraskian hildakoen artean soilik 6.000 gorpu identifikatu dituzte, eta oraindik milaka dira Bosniako hobi komunetan pilatutako gorpuak. Emakumeak dira bizirik atera ziren gehienak. «Ez dago bizitako izugarrikeriak ordainduko dituen epairik». Milorad Dodik Bosnia barneko Serbiar Errepublikako presidenteak, ordea, epaia kritikatu du: «Mendebaldeak Serbiako herriari egotzi dio errua, eta erru hori ordezkari guztiei jarri digu, gaurko kasuan ikusi denez».

Hain zuzen, serbiarren tropek 1995eko uztailaren hasieran abiatu zuten Srebrenicaren aurkako erasoa. Herria Nazio Batuen Erakundearen zaintzapean zegoen arren, serbiarren armadak uztailaren 11n ekin zion erasoari, Rakto Mladic jeneralak aginduta. Egun hartan, 8.000 pertsonatik gora hil zituzten; gehienak, gizonezko bosniakiarrak —hegoaldeko eslaviar musulmanak—. Emakumeak eta haurrak, berriz, indarrez herritik bota zituzten; II. Mundu Gerraren ondoren Europan genozidiotzat jotako eraso bakarra izan zen. Mladicen aurkako epaiketa oraindik amaitu gabe dauka Hagako Auzitegiak.

Setioa Sarajevon

Garai berean, Sarajevo hiru urtez setiatu zuten serbiarren indarrek; guztira 11.000 herritar hil ziren, tartean mila haur inguru. Auzitegiaren arabera, Karadzic setio horretan gertatutakoaren erantzule nagusia da, zer gertatzen ari zen jakiteko arrazoiak zituelako, eta ez zuelako agindurik eman sarraskien erantzuleak gelditzeko eta zigortzeko. Karadzicen aurkako karguen artean daude herritarrei jazartzea, haiek deuseztatzea, hiltzea eta kanporatzea; baita izua sortzea eta zibilen aurkako erasoak agintzea ere. Epaiketan, Sarajevoko setioaren 585 testigantza aurkeztu zituzten.

Sarajevoko setioa amaitu zenean, Karadzicek ihes egin zuen, eta hamahiru urtean ezkutuan bizi izan zen. Izena aldatu zuen, eta Belgraden ezarri zen. Psikiatriako lizentziaduna denez, terapia naturalen mediku lanetan ibili zen, kontsulta pribatu batean. Poesia liburu bat ere argitaratu zuen. 2008an atxilotu zuten, Belgradetik gertu, eta urtebetera hasi zuten haren aurkako epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.