Karbono isuriak pandemia aurreko mailara heldu dira ia Europan

Aurtengo lehen lauhilekoan %6 handitu dira CO2 isurketak, iazko epe berarekin alderatuta. Bakarrik Finlandiak eta Norvegiak lortu dute isurketak murriztea. Bulgarian izan da igoera handiena: %38koa

Ikatza baliatzen duen argindar fabrika bat, iaz, Dattelnen, Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Kutsatzaile handietatik lehena izan zen EB Europako Batasuna klima larrialdiari aurre egiteko bide orri bat aurkezten. Han zehaztutako helburuetako bat izan zen 2030erako erdira murriztea karbono isuriak, modu horretan mende erdirako karbono neutraltasuna lortzeko asmoarekin. Ordea, helburua kolokan dago. Izan ere, Eurostatek atzo zabaldutako datuen arabera, karbono isuriak pandemia aurreko mailara heldu dira ia: aurtengo lehen lauhilekoan 1.029 milioi tona karbono dioxido isuri dituzte estatu kideek; 2019ko lehen lauhilekoan, berriz, 1.035 milioi tonara heldu ziren isuriak. Ekonomia bere onera etorri ahala, isurien goranzko joera ere sendotuz doala dirudi: iaz epe berean baino %6 karbono gehiago isuri du aurten EBk.

Etxeko jarduerei lotutakoak dira CO2 isurien %24. Hurrenez hurren etorriko lirateke energia arloari lotutakoak, %21, eta ekoizpenak eragindakoak, %20. Etxeko jarduerari lotutakoek ez beste guztiek gora egin dute, argi utziz amaitua dela beheranzko joera. Estatuz estatuko datuei erreparatuz gero, antzekoa da argazkia: ia guztiek handitu dituzte isurketak iazko epe berarekin alderatuta. Zerrenda horretan Bulgaria legoke lehen tokian, %38ko igoerarekin; eta Malta jarraian, %21ekoarekin. Soilik bi herrialdek lortu dute isurketak murriztea: %9 gutxiago isuri du Norvegiak, eta %1 gutxiago Finlandiak.

Ukrainako gerra

Errusiak hasitako gerrak eta haren aurka onartutako zigorrek behartu egin dituzte estatu kideak negurako gasa pilatzera, eta zenbait baita ikatza baliatzea aztertzera ere. Horietako bi dira Alemania eta Italia. Zenbait enpresak dagoeneko iragarri dute ikatz gehiago baliatuko dutela: besteak beste, Alemaniako Lanxess enpresa kimikoak.

Europako Batasuna ez da, hala ere, isurketetan gora egin duen potentzia bakarra. Mundu osoan egin dute gora kopuruek. Joan den martxoan IEA Nazioarteko Energia Agentziak argitaratutako txostenaren arabera, iaz inoizko CO2 isurketarik handienak egin zituen nazioarteak: 36,3 gigatona (Gt). 2020tik 2021era gertatu zen isurketen hazkundea ere inoizko handiena izan zen, bi gigatona baino gehiagokoa. Hori guztia, inoiz baino energia berriztagarri gehiago sortu zen urtean.

Mundu osoan gehien kutsatzen duten potentzietan hirugarrena da EB. Txina dago lehen tokian: hari dagozkio mundu osoko isurketen %33 inguru, IAEAk zabaldutako datuen arabera. Energia eskaera asko handitu zen Txinan iaz (%10), eta elektrizitate eskaeraren hazkunde horren erdia bete zuten ikatzarekin, nahiz eta berriztagarrietan ere asko inbertitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.