Tunisiako protestak baretu nahian, Zine al Abidine Ben Ali presidenteak iragarri du 2014an kargua utziko duela. Politikan eta ekonomian herrialdeak «aldaketa sakonak» behar dituela aldarrikatu du, eta hauteskunde «benetan pluralak» antolatuko dituela agindu du. 1987tik da presidente Ben Ali, baina «bizi guztirako» presidentziarik ez dela existitzen aitortu du. Tunisiako Konstituzioaren arabera, presidentetzarako hautagai izateko gehieneko adina 75 urtekoa da. Ben Alik 74 urte ditu; beraz, 2014ra arte boterean egonda, legez dagokion azken agintaldia beteko luke.
Estatuko telebistan agerraldia egin zuen atzo Ben Alik. Demokrazia «garatu» eginen duela zin egin du, eta azukrearen, esnearen eta bertze hainbat oinarrizko elikagairen prezioak jaitsiko dituela agindu du. Hain zuzen ere, oinarrizko gaien prezioen igoera izan da matxinadaren eragileetako bat.
Protestei dagokienez, presidenteak erran du «atsekabetuta» dagoela. «Indarkeria hau geldiarazi beharrekoa da, ez baita Tunisiako seme-alabon nortasunarekin bat heldu». Horren harira, Poliziak tiro egiteko zuen agindua bertan behera uzteko erabakia hartu dutela iragarri du.
Presidenteak agerraldia egin aitzinetik, baina, istiluek bere horretan jarraitu zuten atzo. Gogorrenak Tunis hiriburuan izan ziren. Etxeratze aginduari muzin eginez, ehunka lagun atera ziren kalera. Poliziak bi manifestari hil zituen tiroz.
Hilabete protestan
Kasserine hirian gaur hilabete ekin zieten protestei. Orduz geroztik, 67 lagun hil dituztela jakinarazi du Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak. Suhair Belhassen presidentearen arabera, identifikatutako lagunak dira horiek, eta beste zortzi gorpu daude ospitaletan identifikatzeke. NBE Nazio Batuen Erakundeari ikerketa egiteko eskatu dio, «masakre eta eromen hau ikusirik ezin baita isilik egon». Tunisiako Gobernuaren arabera, berriz, 23 zibil hil dira protestetan.
Kargua 2014an utziko duela zin egin du Tunisiako presidenteak
Hauteskunde «benetan pluralak» eta «aldaketa sakonak» agindu ditu, 67 hildako eragin dituen matxinada geratu nahianManifestariei tiro egiteko agindua bertan behera utzi duela iragarri du Ben Alik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu