Cape Towneko Unibertsitateko irakaslea

Lauren Paremoer: «Karitatearen menpe gaude oraindik»

Beste pandemiarik baletor hari aurre egiteko akordio bat itxi berri du OMEk. Paremoerren iritziz, ordea, testuak ez ditu kontuan hartzen garatzeko bidean diren herrialdeen beharrizanak.

Lauren Paremoer Cape Towneko Unibertsitateko irakaslea. BERRIA
Lauren Paremoer Cape Towneko Unibertsitateko irakaslea. BERRIA
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2025eko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

OME Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko akordio bat itxi berri du etorkizunean pandemiarik baletor hari aurre egiteko. Hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, herrialdeek bermatu behar dute denentzat eskuragarri izango direla pandemia horri aurre egiteko botikak. Eztabaida nagusia, ordea, botikak elkarrekin banatzeak eragin du; izan ere, testuan jaso dute osasunari lotutako teknologiak erraztuko dizkietela herrialde aberatsek garabidean direnei, betiere «elkarrekin hala adostuta». Adostu behar horrek kezkatzen ditu garatzeko bidean diren herrialdeak, batez ere ikusita azken pandemian estatu aberatsenen esku geratu zirela txertoak eta garabidean zirenek askoz ere denbora gehiago behar izan zutela txertaketarako gutxieneko baliabideak eskuratzeko.

Gertutik erreparatu die Lauren Paremoerrek akordioa lortzeko behar izan diren hiru urteko negoziazioei, eta argi du non den arazoa: «Konpromiso zehatzen falta da muga nagusia».

Zer deritzozu pandemiei aurre egiteko helburuarekin OMEko kide diren estatuek lortutako akordioari?

Estatu kide ia guztiak bildu ditu erakundeak zatiketa asko dituen testuinguru geopolitiko batean, eta uste dut hori nabarmena dela. Zoritxarrez, uste dut arazo handi bat dagoela akordioarekin, parte handi bat ez delako juridikoki loteslea. Helburua bazen bermatzea pandemia bat iritsi aurretik estatuak lankidetzan arituko zirela ekoizpen ahalmena handitzeko, huts egin dute. Etsigarria da.

Banuen esperantza jabetza intelektuala babesteko neurriak bertan behera utziko zituztela pandemia garaian, edo, gutxienez, osasun produktuak neurri horien esparrutik erabat aterako zituztela. Baina ez da halakorik gertatu. Uste dut muga nagusia konpromiso zehatzen falta dela, akordioa herrialdeen borondatearen menpe geratzen baita.

Herrialde guztiek baliabide berak izatea zen negoziazioen lehen helburua. Bete al da?

Ez. Testuinguru honetan ezin da bermatu OMEk behar dituen baliabideak eskuratuko dituenik agerraldi batean. Uste dut ekitatea sustatzeko moduetako bat dela osasun publikoko larrialdien prebentzioa, horiek zaurgarrienengan baitute eragina. Uste dut prebentzio elementu hori falta dela.

Pandemietan, beharrezko produktuen %20raino adjudikatu behar diote OMEri horretarako gaitasuna duten eta akordioa onetsi duten ekoizleek, eta baliabide horien erdiak soilik izango dira doakoak. Oso mugatua da hori. Uste dut hegoaldeak, akordioarekin ere, oraindik ere karitatearen menpe jarraitzen duela, eta ez elkartasunaren esperantzan.

«Gustatuko litzaiguke zorraren ordainketak eten ahal izatea, gutxienez pandemia garaian, baina ez dago horretarako bermerik».

Zer eskaera geratu dira akordiotik kanpo?

Zorra arintzeko helburua erabat galdu da. Hegoaldeko herrialde askok zorra ordaintzeko arazoak dituzte garai arruntetan ere, eta gutxiago gastatu dezakete beren osasun sistemetan. Gustatuko litzaiguke zorraren ordainketak eten ahal izatea, gutxienez pandemia garaian, baina ez dago horretarako bermerik.

Bestalde, OMEk krisian esku hartzeko eta laguntzeko ahalmena izatea nahiko genuke, kaltetutako populazioen osasun beharrei erantzuteko. Baina akordioaren arabera, estatuaren esku geratzen da hari laguntza eskatzea, hura gonbidatzea. Oztopo gehigarri bat sortzen dio nazioarteko osasunean duen koordinazio funtzioa betetzeko.

Ekitateari dagokionez, testuak ez du bermatzen garabidean diren herrialdeei osasun baliabideak garatzen laguntzeko lankidetza edo teknologia transferentzia. Berriz ere, parte handi bat borondatezkoa da.

Afrikako gobernuek zergatik bozkatu dute alde?

Ezin dugu gutxietsi zein gogorra izan den testua alderdi guztiek onartzeko borroka. Hori da arrazoietako bat. Akordioa azkar onartzea lehenetsi da ekitatearen aurretik. Afrikako gobernuentzat garrantzitsua izan da Europako Batasunak patogenoen zaintzari dagokionez ezarri nahi zituen betebehar gehigarrietako asko kanporatu ahal izana, funtzio berrietan diru gehiago gastatu behar izatea esan nahi baitzuen horrek.

Zergatik da horren garrantzitsua patogenoen auzia?

Adibide bat jartzearren, patogeno bati buruzko informazioa partekatzen badut, ziurtatu beharko nuke nire herriak, Hegoafrikak, oinarri horren arabera garatutako botiketarako sarbidea izango duela. Iparraldeko herrialdeek argudiatu dute mota honetako edozein akordio oso konplikatua izango litzatekeela. Ez dut uste argudio horretarako oinarri sendorik dagoenik, batez ere negoziazio horiek bermatzen badute pandemien garaian osasun produktuak modu bidezkoan eskuratu ahal izatea.

«Baliabide publikoak oinarrizkoak dira osasun publikoak lehentasuna duela bermatzeko»

Hegoaldeko osasun publikoaren egoera hobetzeko urratsa da?

Uste dut akordioaren arazo nagusietako bat dela kaltegarriak izan diren zenbait praktikari eusten diela. Adibidez, lankidetza publiko-pribatua dokumentu osoan aipatzen da pandemiaren aurkako produktuak eskuragarriago izateko modu gisa. Ikerketa askok diote lankidetza publiko-pribatuek merkatu logika lehenesten dutela.

Zorra da Hegoaldeko osasun sistemetan inbertitzeko muga nagusi bat. Osasun sistema publiko sendoak behar dira, eta Hegoaldean ikusten duguna da sistema horiek hautsita daudela, zorraren eta pribatizazioen ondorioz. Beharrezkoa litzateke hegoaldeko herrialdeek botikak ekoitzi ahal izatea ere, eta horretarako beharrezkoa litzateke jabetza publikoko ekoizpen gaitasuna, bai krisietan, baina baita krisietatik kanpo ere. Baliabide publikoak oinarrizkoak dira osasun publikoak lehentasuna duela bermatzeko, osasun larrialdietan errentagarrienak diren produktuak garatu edo merkatu errentagarrienetan saldu beharrean. Uste dut jabetza publikoaren garrantzia, fabrikazio gaitasuna geografikoki dibertsifikatzea bezala, ez dagoela dokumentuan. Politikoki zaila da, baina ekitatearen aldeko urrats handia zatekeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.