Kartzelatik atera da Georges Abdallah, 41 urteko zigorra beterik

Goizeko 03:30ean eraman du Frantziako Poliziak Lannemezango kartzelatik Tarbeseko aireportura, eta Libanora estraditatu dute gaur. Ehunka lagunek egin diote harrera Palestinaren aldeko militanteari, Beiruteko aireportuan.

Georges Ibrahim Abdallah, Beiruten, kartzela atzean utzi eta Frantziatik Libanora joan ondoren. ABBAS SALMAN / EFE
Georges Ibrahim Abdallah, Beiruten, kartzela atzean utzi eta Frantziatik Libanora joan ondoren. ABBAS SALMAN / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko uztailaren 25a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

41 urteko zigorra bete ondotik, Lannemezango kartzelatik (Okzitania) atera da Georges Ibrahim Abdallah preso politikoa, bart gauean. Uztailaren 17an eman zuen baldintzapean haren askatzearen aldeko erabakia Parisko Dei Auzitegiak, eta baldintza gisa jarri zioten Libanora estraditatua izatea, kartzelatik atera eta berehala. 03:30ean joan zaizkio bila presondegira Frantziako Polizia eta Pirinio Garaietako departamenduko prefeta, eta Tarbeseko aireportura (Okzitania) eraman dute; Beiruteko aireportura heldu da 14:00etan. Ehunka lagun elkartu dira han, militanteari harrera egiteko. Europako kartzela batean denbora gehien pasatu duen preso politikoa da. Sorterrira iritsi eta haren lehen hitzak palestinar erresistentziaren aldekoak izan dira, Al Mayadeen hedabidean: «Erresistentzia dagoen bitartean, aberrira itzultzeko aukera egongo da». Arabiar herrialdeei dei egin die Palestinaren aldeko borrokan segitzeko: «Palestinar erresistentzia areagotu behar da». Ongietorria eginen diote bihar, sorterrian.

74 urte ditu egun Abdallahk. PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko eta Libanoko Frakzio Armatu Iraultzaileko kide izandakoa da, eta 1984an atxilotu zuten Lyonen (Frantzia), dokumentu faltsuak edukitzea leporatuta. Hiru urte geroago, ordea, bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu zuten, AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko agente baten eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako beste baten hilketen konplize izatea egotzita. Abdallahk errugabea dela adierazi izan du beti. Nolanahi ere, azpimarratu izan du atentatu haiek «Israelen eta AEBen zapalkuntzaren» aurkako «erresistentzia ekintzak» izan zirela. Uztaileko auzi saioan, AEBen abokatuak adierazi zuen Abdallah ezin dela askatu ez baita «nehoiz urrikitu». Abdallahren abokatu Jean-Louis Chalansetek zera erran zien epaileei: «Edo libratzen duzue, edo hiltzera kondenatzen duzue». 

Tom Martin militantea Abdallahren sostengu komiteko kidea da, eta adierazi du «berantegi» etorri arren, «garaipen handia» dela militante libanoarraren libratzea. «Bistan da, beretako garaipen bat da, baina sostengatzen zuen eta kartzelan 41 urte pasatzera eraman duen borrokarendako garaipen bat ere bada. Palestinaren aldeko borrokarako garaipen bat da; orain, mobilizazioa indartzea dagokigu, eta espero dut haren libratzeak haize berri bat ekarriko duela». 

(ID_15174996) LEBANON FRANCE JUSTICE
Abdallahren alde jendetza batu da Beiruten. ABBAS SALMAN / EFE

Hasieratik, «borondate politiko» bati lotutako atxiloketa izan zela uste du Martinek. Arlo juridikoan izandako AEBen «presioak» eta Frantziaren «gehiegikeria» salatu ditu. «Urrikitzeko xantaia egin diote, eta militante komunista, internazionalista eta antiinperialista gisa txikitzen saiatu dira, baina haren borroka irmoki segitu du beti. Ziegatik ere, aktiboki parte hartu du borroka anitzetan», nabarmendu du. Afera honetan AEBek «inperialismo juridikoa» egin dutela salatu zuen Chalansetek uztailaren 17ko auzi saioan, eta askatzearen aldeko erabakia «Frantziako justiziarendako garaipen bat ere» bazela erran. Azkenean libratzeko erabakia emanda ere, fiskaltzak kasaziora jo zuen berehala; nahiz eta ez den suspentsiboa izan, sinbolikoa da helegitea, urteetan fiskaltzak Abdallahren libratzearen kontra izan duen jarrera erakusten baitu. 

Irakurle amorratua

Lannemezango kartzelan ezagutu zuen Georges Abdallah Didier Agerre euskal preso politiko ohiak —hogei urteko kartzela zigorra osoki beterik atera zen 2021ean—. «Preso politikoen arteko lotura handiagoa da presondegian, eta elkartzen ginenean anitz mintzo ginen; interes berak ditugu, anitz trukatzen genuen, eta eztabaida sakonak ukaiten. Presondegiko hurbiltasun behartu horrek harremanak elikatzen ditu, eta halabeharrez denbora anitz pasatu dugu elkarrekin», gogora ekarri du. Agerreren hitzetan, gizon «eskuzabala» da Abdallah, kartzelako kideak laguntzeko «beti prest» egon dena, eta «errotik borrokalari sena» duen militantea, eta uste du «daukan izaera komunistak» lagundu duela hainbeste urtez «zutik egoten». «Zinezko komunista da, komunista internazionalista, eta beti ulertu izan du Euskal Herriko nazio askapenaren aldeko borroka», zehaztu du. Agerreren erranetan, bestalde, jaso duen sostengua biziki inportantea izan zaio Abdallahri, partikularki urtero presondegi atarian antolatu diren elkarretaratzeak. 

Lannemezango kartzelako atarian egindako elkarretaratzea, Georges Ibrahim Abdallahren libratzearen bezperan.
Lannemezango kartzelako atarian egindako elkarretaratzea, atzo, Georges Ibrahim Abdallahren libratzearen bezperan. SECOURS ROUGE TOULOUSE
 

Militante libanoarrak kanpoko giroaz «elikatzeko grina» handia izan duela ere kontatu du Agerrek. Eta horretarako, anitz irakurtzen zuela. «Hainbestetaraino, non ohean etzateko ohe gaineko liburu guziak kendu behar izaten zituen». Agerre: «Beti aurrera eramateko indarra zuela erakusten entseatu da, nahiz eta fase apalago edo motelago batzuk ukan dituen, presondegian normala den bezala». Abdallahren hitz batzuk errepikatu ditu Agerrek: «41 urte azkar esaten da, baina asko dira».  

Agerrek berak ez zuen sinesten egun libratuko zutenik: «Ikusirik Gazako zerrendan gertatzen den genozidioa, eta Zisjordanian geroz eta kolonia gehiago direla, eta ikusirik Palestinan, Libanon eta Sirian erresistentziaren kontrako testuingurua, zaila zen sinestea». 

BERRIAk elkarrizketa egin zion 2014an, eta zera adierazi zuen orduan: «Preso jarraitzeak kalte handiagoa egiten dienean erabakiko dute askatzea. Horregatik, preso bati eskain dakiokeen elkartasunik eraginkorrena da zapalketaren aurkako borrokan tokian-tokian konpromisoa hartzea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.