Kaspiar itsasoa: lehorrago eta baxuago

Ikerlariek iragarri dute 2100. urterako %37 txikituko dela. Faktore eragileen artean bi nabarmendu dituzte: klima krisia eta Errusiaren erabakiak.

Kaspiar itsasoa, Azerbaijango kostaldetik ikusita, joan den urte bukaeran. IGOR KOVALENKO / EFE
Kaspiar itsasoa, Azerbaijango kostaldetik ikusita, joan den urte bukaeran. IGOR KOVALENKO / EFE
Iratxe Muxika
2025eko abuztuaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala jakinarazi dute ikerlariek: ozeano batera irteerarik ez duen munduko ur masarik handiena lehortzen ari da, eta abiadura bizian, gainera. Kaspiar itsasoari buruzko lan bat ondu dute Leedsko Unibertsitateko (Erresuma Batua) hainbat ikerlarik, eta urte hasieran argitaratu zuten Communications Earth & Environment aldizkarian. Hor azaltzen dutenez, ekonomikoki, sozialki eta ekologikoki «kalte anitz» jasaten ari da itsaso hori. 

Ur mailari dagokionez, 1995. urtetik 2025. urtera, hiru metro txikitu da Kaspiar itsasoa. Tenperaturek goiti egiten jarraitzen dute, eta ikerlariek aurreikusten dute 2100. urterako hemezortzi-hogei metro inguru txikituko dela ur maila. Horrek erran nahi du, bertzeak bertze, itsasoa %37 txikiago izanen dela. Iparraldean eraginen du bortitzen, bortz metroko sakonera bertzerik ez baitu han —Errusiako Astrakhan hirian eta haren inguruan—.

Asiaren eta Europaren artean dago Kaspiar itsasoa, eta Alemaniaren pareko eremu bat hartzen du. Bortz herrialdek inguratzen dute: iparraldetik ekialdera, Kazakhstanek; iparraldetik mendebaldera, Errusiak; hego-mendebaldean, Azerbaijanek; hegoaldean, Iranek; eta hegoaldeko eta ekialdeko kostaldean, Turkmenistanek.

Leedseko Unibertsitateko ikerketa gauzatu ahal izateko, zenbait arlo hartu zituzten kontuan. Alde batetik, 2001etik 2024ra bitarteko satelite irudiak aztertu zituzten. Bertze aldetik, identifikatu zuten non ari zen zehazki itsas maila jaisten. Eta, azkenik, aztertu egin zuten itsasoaren lehortzeak zer kalte egiten zuen eremu babestuetan, giza azpiegituretan eta animalien habitat naturaletan. Analisi geoespazialeko teknologia erabili zuten horretarako, eta, jakinarazi dutenez, ipar-ekialdeko kostaldeak 56 km baino gehiago egin du gibelera 2001. urtetik hona. Eremu horretan bertan, urak hartutako eremua %46 murriztu zen. Ikerlarien arabera, nahikoa da itsas maila bortz zentimetro jaistea eremu ekologikoak arriskuan izateko. 2001etik gaurdaino, itsas mailak sei zentimetro galdu ditu urtero.

Historikoki, gorabehera anitz izan ditu itsasoak: uholdeak, lehorteak, portuen sedimentazioak, ibaien desbideratzeak… Aldaketa horietako anitz naturalak izan dira, baina zenbateraino azeleratu dute prozesua giza erabakiek?

El Orden Mundial nazioarteko gai geopolitikoak aztertzen eta argitara ateratzen dituen elkarteak artikulu bat argitaratu zuen ekainean, eta, han azaldu zuenez, Kaspiar itsasoaren lehortzea dakarten bertze eragile batzuk ere badira: Errusiaren erabakiak.

1930ean Volga ibaian urtegiak sortzen hasi zen Errusia, energia sortu eta elektrizitatea eskuratu zezan. Hain zuzen ere, Europako ibairik luzeena da Volga —3.530 km luze da—, eta Kaspiar itsasoak hortik hartzen du uraren %80-90. Elkarteak jakinarazi duenez, 50 urtegi daude Volgan barrena, eta, horren ondorioz, behar lukeen baino hamar aldiz mantsoagoa da haren emaria.

Errusiak urtegiak eraikiz kalte egin dio Kaspiar itsasoari, baina baita gasa eta petrolioa erabilita ere. Eta horri gehitu behar zaio armen erabilera ere. Hain justu, Errusiak Ukrainari eraso egiteko erabiltzen dituen bideetako bat baita Kaspiar itsasoa. Misil anitz itsasoaren gainetik jaurtitzen ditu, eta horien arrastoak uretara erortzen dira.

Kostaldeko herrietatik urruntzen ari da ura, eta horrek azpiegitura arazoak ekarri ditu hainbat herrialdetara. Gauza bertsua gertatzen da arrantzaleekin ere, lehen baino anitzez ere barrenerago joan behar izaten baitute sareak bota ahal izateko —itsasertzean ez dago sakonera nahikorik—. Arlo turistikoan ere sumatu dute bisitari kopuru gutxiago, hondartzara begira zeuden hotelek geroz eta urrunago baitaukate ura.

Kostaldeko hirietako eraikin anitzetan —itsasertzekoetan— ura gelditzeko azpiegitura batzuk jarri zituzten aspaldi. Horrek ura eraikinetara sartzea galarazten zuen, iraganean uholdeak izan baitzituzten. 1990eko hamarkadan, erraterako, urtegiak eraikitzeko proiektu batzuk abiatu zituzten; nagusiki, uholdeak eragindako kalteak murrizteko. Azerbaijanen eta Turkmenistanen kostaldeko lurretan izan zen uholde gehien, baina, azkenean, ez zuten urtegirik sortu.

Gizakiei ez ezik, itsasoko bizidunei ere eragiten die ur mailaren jaitsierak; bertzeak bertze, oxigenoa ere gutxitu egiten delako. Hortaz, ohiko bihurtu da kostan arrain hilak ikustea. Horietako anitz fokak izaten dira, eta dagoeneko galtzeko arriskuan da espezie hori. 2022. urtean, kasurako, 20.000 foka agertu ziren hilik, eta, 2000. urtean, berriz, 30.000 itsas animalia.

Aral itsasoaren ispilu bat

Kaspiar itsasotik hirurehun bat kilometro ekialdera, bertze itsaso bat dago: Aral itsasoa, Asia Erdialdean. Ozeanora irteerarik ez duen munduko ur masarik handienen artean laugarrena zen lehen, baina erabat desagertuta dago orain. Ikerlariek uste dute Kaspiar itsasoaren ispilu bat izan daitekeela, oinarrian faktore antzekoek eragin baitzuten itsasoaren idortea.

Kotoiaren laborantza agudo garatu zen Erdialdeko Asian, eta 60ko hamarkadatik aitzinera, Aral itsasora zihoazen ibaietako ur anitz hasi ziren industrialdeetara bideratzen. Lurrak ureztatzeko erabiltzen zuten ura, eta, azkenerako, kasik ez zen tantarik iristen Aralera. Udak geroz eta beroagoak bilakatu ziren, eta berehala hartu zuen hondarrak lehen urak hartzen zuen lekua. Nekazaritzako lur aberatsak zirenak «desastre ekologiko» bihurtu ziren, ikerlariek jakinarazi dutenez. Lehen itsasoa zena basamortua da orain, eta Kaspiar itsasoa iturri beretik ari da edaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.