KATALUNIA

Kataluniako bozen bueltan erantzun beharreko galderak

Presidente izendatua izateko moduan badago Puigdemont Kataluniara itzuliko dela esan du haren abokatuak. Ikusteko dago 'laugarren esparru independentistak' zenbat boto kenduko dizkion subiranismo hegemonikoari.

CARLES PUIGDEMONT. KATALUNIA.
Carles Puigdemont, martxo hasieran, Errepublikaren Kontseiluak Ipar Katalunian egindako ekitaldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 15a
17:00
Entzun

Katalunian parlamenturako hauteskunde aurreratuak egingo dituzte maiatzaren 12an, eta ikusteko dago Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi (2016-2017) erbesteratua JxC Junts Per Catalunyaren presidentegai izango ote den, bozak pasatuta Kataluniara itzuliko den, edo, besteak bestek, laugarren esparru independentistako indarrek zenbat boto kenduko dizkioten subiranismo hegemonikoari. Hona hauteskundeen bueltan erantzun beharreko galdera batzuk.

Nortzuk dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetako presidentegaiak?

Baieztatuta dauden presidentegaiak Pere Aragones (ERC) eta Salvador Illa (PSC) dira. JxCren goi kargudunek iradoki dute gustatuko litzaiekeela Puigdemont izatea eurena. Ezustekorik ezean, Jessica Albiach izango da En Comu Podemena, alderdiaren liderra baita parlamentuan. PP eta Ciutadans hautagaitza bateratu baten aukera aztertzen ari dira; CUPekoak ere lehiatzekoak dira, eta bihar jakinaraztekoak dira bai nola aurkeztuko diren, bai zer egingo duten iragan abenduan hasitako berritze prozesuarekin; eta Voxen, 2021eko bozetara aurkeztutako presidentegaia, Ignacio Garriga, prest agertu da berriro aurkezteko.

Zeintzuk dira hauteskundeen epeak?

Alderdiek apirilaren 1era arteko epea dute hautagaitzak hauteskunde batzordean erregistratzeko, eta martxoaren 22ra artekoa koalizioan aurkeztu nahi badute. Maiatzaren 12an hauteskundeak egin eta gero, hogei laneguneko epean osatu beharko dute parlamentu berria; hau da, beranduenez, ekainaren 10erako. Ondoren, hamar lanegun edukiko dituzte lehen inbestidura saiora deitzeko; hortaz, ekain bukaeran izango litzateke. Saio hori egin eta presidenterik izendatzen ez badute, gehienez bi hilabete edukiko dituzte beste presidentegai bat izendatzen ahalegintzeko. Ez badute inor izendatzen, legegintzaldia desegin eta 40-60 eguneko epean hauteskundeetara deitu beharko dute atzera.

Noiz sartuko da indarrean amnistia legea?

PSOEk, ERCk eta JxCk adostutako eta Espainiako Kongresuak herenegun onartutako amnistia legea Senatuan dago orain. PPk gehiengo osoa du goi ganberan, eta, lege horren tramitazioa ahalik eta gehiena atzeratzeko, joan den azaroan ad hoc aldatu zuen arautegia. Filibusterismo politikoko ariketa bat eginez, gehienez bi hilabeteko epea dute kontra bozkatu eta atzera Kongresura bidaltzeko. Eta, behe ganberara itzulita, behin betiko onartuko dute maiatz amaieran edo ekain hasieran.

Nortzuk daude 'laugarren esparru independentista' deitutakoan?

ERCk, JxCk eta CUPek ez ezik, beste hiru indar independentistak dute bozetara aurkezteko asmoa: Alhorak, Aliança Catalanak eta ANC Biltzar Nazional Katalanak, azken hori herritarren zerrenda baten bidez. Katalunian laugarren esparru independentista deitzen diotena osatzen dute.

Clara Ponsati Generalitateko Hezkuntza kontseilari izandakoa (2017) eta Jordi Graupera dira Alhoraren sortzaileak, eta jada alderdi politiko gisa erregistratutako indar horren webgunean nabarmendu dute Kataluniako politika «egonkortasun espainiarraren» zerbitzura jarri dela, eta «erradikaltasun nazionalak» agenda politikora itzuli behar duela. Aliança Catalana alderdi xenofobo bat da, eskuin muturraren agenda du, eta bi alkatetza ditu Katalunian. ANCk galdetu die bere bazkideei ea herritarren zerrenda bat hauspotu nahi duten. Bihar jakinaraziko dute kontsultaren emaitza. Zuzendaritza aldekoa da, egozten baitie ERCri eta JxCri «U-1eko agindua» ez betetzea eta independentzia «ez gauzatzea». Zuzendaritzarekin kritiko den bazkide talde batek, baina, salatu du kontsultaren prozesuan «irregulartasunak» egon direla.

Ez dago argi zer indar edukiko duten hiru horiek, baina, nagusiki, JxCren bozkatzaile izandakoak arrantzatzen ahaleginduko dira. Hori bai, litekeena da botoaren atomizazioak mesede baino kalte handiagoa egitea independentismoari.

Zer egingo du Puigdemontek?

Presidentegaia nor izango den erabakitzeko, JxCk primarioak egingo ditu hilaren 23an. Plazaratu dituzten mezuak kontuan hartuta, zuzendaritzak nahi du Puigdemont izatea, eta hark, «ziurrenik», datorren astean argituko du hautagai izango den ala ez. Josep Rull Lurraldetasun eta Jasangarritasun kontseilaria izandakoa (2016-2017) eta Miriam Nogueras JxCren Espainiako Kongresuko bozeramailea ere azaltzen dira kinieletan.

Behin amnistia legea onartuta, epaileek bi hilabeteko epea edukiko dute hori aplikatzeko, eta zigortu, auzipetu edo ikertuei ezarritako kautelazko neurriak indargabetuko dituzte, «berehala», nahiz eta epaileek inskonstituzionaltasun helegiteak aurkeztu Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, edo legearen egokitasunaz galdetu EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari. Hala dio legearen testuak. Orduan, printzipioz behintzat, europarlamentari izateak ematen duen immunitatea galduta ere —europarlamentaria da 2019tik—, Puigdemont Kataluniara itzuli ahal izango litzateke U-1eko auziaren harira atxilotua izateko arriskurik gabe.

2017ko urritik dago erbestean, eta, haren abokatu Gonzalo Boyek gaur RAC1 irrati kateko elkarrizketa batean adierazi duenez, izendatua izateko moduan badago itzuli egingo da. «Beharbada atxilotu egingo dute, baina horrek ez dio eragotziko Generalitateko presidente izatea».

Era berean, aintzat hartu behar da ikerketapean dagoela Tsunami Demokratikoaren auzian, «terrorismoa» egotzita, eta Auzitegi Gorenean instrukzioa egiten ari den epaileak, Susana Polok, deklaratzera deitu dezakeela. Prozesu subiranistaren harira, Espainiako epailetzak erakutsi du gai dela zirrikituak topatzeko legea aurreikusten ez den modu batean aplikatzeko.

Venezia Batzordeak oniritzia eman dio amnistiari

Europako Kontseiluaren Venezia batzordeak amnistia legeari buruzko ebazpen bat onartu du gaur, eta hori bat dator testuak jasotako argudioekin; halere, erabilitako urgentziazko prozedura kritikatu du. Konstituzio Zuzenbidean adituak direnek osatzen dute organo hori, eta haren ebazpenak ez dira lotesleak. PPk eskatu zion legeari buruzko iritzia eman zezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.