KATALUNIA

CUP, bere burua «eguneratzen»

Kataluniako independentismoari emandako babesean beherakada izan dela nozitu dute antikapitalistek, eta berritze prozesu bat egiten ari dira, «diskurtsoa errealitatera egokitzeko». Udaberri amaieran plazaratuko dute planteamendu berria.

CUP. GIRONA. KONGRESU NAZIONALA.
CUPek joan den abenduaren 17an abiatu zuen prozesua, Gironan. ROSER GAMONAL.
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun

Azken bizpahiru urteetan egin diren hauteskundeetan, CUPek ez ditu emaitza onak lortu. Baina, bozetako emaitzak alde batera utzita, antikapitalistek «eguneratzeko» beharra sentitu dute, modu horretan «diskurtsoa errealitatera egokitzeko». Horretarako, prozesu bat abiatu zuten iragan abenduan, eta, talde eragileko bozeramaile Non Casadevallen esanetan, aintzat hartuta haien ibilbidea eta testuingurua, datozen hilabeteetan erabakitzekoak dira zer estrategia eta antolakuntza nahi duten luzera begirako helburua lortzeko —«Herrialde Katalan guztiz burujabe eta independenteak»— pausoak emateko bidean.

Joan den abenduaren 16an Kongresu Nazionala egin zuten, Gironan (Katalunia), eta orduan ekin zioten bideari. Talde eragileak 27 orrialdeko dokumentu bat aurkeztu zuen, jakinaraziz dena zegoela eztabaidagai, antolakundearen lau zutabe estrategikoak salbu: independentzia, sozialismoa, ekologismoa eta feminismoa. Eta egun hartan ondorioztatu zuten lurraldekako asanbleetara ez ezik «paraleloki» beste asanblea batzuetara ere deitu beharra zela bost gai jakini buruz hitz egiteko: diskurtsoaren artikulazioa; militantzia; lurralde antolaketa; erakundearen beraren antolakundea; eta kaleko zein instituzioetako jardunaren arteko uztarketa. Azken horri heldu zioten, hain zuzen, aurreko larunbatean Capelladasen (Bartzelona), prozesuren bigarren fasea abiatzeko. Maiatz bukaeran edo ekain hasieran bukatzekoa da, eta orduan, beste kongresu batean, hil hauetako guztietako jardunaren emaitzak plazaratuko dituzte: txosten bat estrategiaz, eta beste bat alderdia antolatzeko moduaz.

Casadevallek telefonoz adierazi duenez, CUPek duela hogei urte egindako planteamenduak eta plazaratutako proiektuak «transformazio bat» behar zuten, testuinguru ekonomiko-soziokulturala «diferentea» delako orain dela hogei urtekoaren aldean. «Langile klaseari eman nahi dizkiogun erantzunek ezin dute berdinak izan, iruditzen baitzaigu orain ziklo politiko berri bat irekiko dela».

Ziklo politikoarena aipatu du, batetik, iruditzen zaiolako JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak, Kataluniako beste alderdi independentistek, uko egin diotela Espainiako Estatuarekin «gatazkan sartzeari», hari aurre egiteari. «Pentsatzen dugu Herrialde Katalanek ez dutela hori behar. Mobilizazio handiak egon eta gero, jendea etsita dago ez direlako aplikatu egindako eskaerak. Orduan, uste dugu paktismo hori ez dela posible, hogei urte egiten baitira atzera». CUPeko militanteak gogorarazi du, horren harira, mugimendu independentistak orain hogei urte baino indar handiagoa daukala. Eta, bestetik, agertokia «beste bat» da, Casadevallen iritziz, eskuin muturra «geroz eta oilartuago» dabilelako, ohikoagoa delako bere diskurtsoak «zurituak» izatea. «Guk prozesu argi bat artikulatzeko beharra genuen, ikusteko nola borrokatzen garen marko diskurtsiboengatik eta hegemonia kulturalarengatik».

«Langile klaseari eman nahi dizkiogun erantzunek ezin dute berdinak izan, iruditzen baitzaigu orain ziklo politiko berri bat irekiko dela».

NON CASADEVALLCUPen berritze prozesuko talde eragilearen bozeramailea

Horiek horrela, luzera begirako helbururako bidean, CUPek «egunerokoan» eman nahi dizkie erantzunak «herri xehearen beharrei», eta, horregatik, proposamen «errealista bat» osatu nahi dute. Prozesua hasteko kaleratutako dokumentuan aipatu dute egungo abagunea «emankorragoa» dela «jarrera politikoa erradikalizatu» ahal izateko. «Guk esaten dugu erradikalak garela, arazoen sustraietara joaten garelako», esplikatu du Casadevallek. Eta adibide bat jarri du: «Sortzen dugun zabor bolumenarekin arazo bat dago. Bada, irtenbidea ez da atez atekoa egitea, baizik eta sortzen dugun bolumena murriztea».

Zintzotasuna

CUPek autokritika egin zuen prozesua hasteko, uste baitu ez zietela «zintzotasunez» aurre egin «U-1aren ziklo politikoaren interpretazioei». Eta hori onartuta, talde eragilearen bozeramailearen ustez lan egin behar da 2017ko urriaren 1ekoaren pareko momentum baterako baldintzak sortzeko, «berriro izan dadin egoera bat zeinean estatuari bermeekin aurre egin ahal izango diogun». Horren harira, iruditzen zaio gaur-gaurkoz «oso zaila» dela gatazka bati eustea. «Baina ez bagara gai diskurtsoetara eta marko mentaletara eramateko egiazki behar duguna, Espainiako Estatuaren markotik ateratzea alegia, nekez helduko gara puntu horretara».

Baina Kataluniako independentismoak indarra galdu du 2017tik gaurdaino. Hori adierazten dute, batetik, hauteskundeetako emaitzek, eta, bestetik, inkestek. Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak urteroko hirugarren eta azken barometroa kaleratu zuen iazko azaro erdialdean, eta, horrek dioenez, bozak egingo balira independentismoak gehiengo osoa galduko luke Kataluniako Parlamentuan. Beranduenez, hurrengo urteko otsailean dira egitekoak Kataluniako hauteskundeak.

CUPek ere, «arrazoi asko» direla medio, «gihar pixka bat» galdu du. «COVIDak min handia egin zigun; itxialdiek lan dinamika asko hautsi zituzten; jende bat nekatu egin da; beste batzuek bizimodua aldatu dute...», azaldu du Casadevallek. «Baina, ikusita kongresuan eta prozesuan zer-nolako parte hartzea dagoen, indartuta gaude. Giharra hor dago, militantziaren interesa hor dago».

Antikapitalistek herri xehearen beharrei erantzun nahi diete, baina talde eragilearen bozeramaileak esan du egin diren ikerketetan ateratzen den militante profila gehiago dela klase ertainekoa herri xehekoa baino, eta «erdiko eta goi mailako unibertsitateko ikasketak» dituela. «Dokumentuan azpimarratu dugu, gainera, gure militantzian joera oker batzuk ditugula klaseari eta generoari dagokienez. Ez dakigu zehazki zergatik». Nabarmendu du, hain zuzen, berea bezalako antolakunde batek «ahalegin militante handia» eskatzen duela. «Lantzen ari gara ea nola militatu daitekeen beste erritmo batean. Gurea ez da indar politiko arrunt bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.