Espainiak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zuenean hasi ziren mobilizatzen administrazio publikoko langile batzuk, eta Generalitateko kideak preso sartu ostean, antolatzea erabaki zuten. Gaur aurkeztu dute Kataluniako Instituzioen Babeserako Asanblada Sant Jaume plazan. Orain arte, Kontseilaritza bakoitzeko langileek beren aldetik egin dituzte mobilizazioak, baina, aurrerantzean, denak batera ere arituko dira.
155. artikuluak kontseilaritza bakoitzean desberdin eragin duela azaldu dute. Barne Sailean, Atzerrikoan, Ekonomiakoan eta Ogasunekoan nabaritu dute gehien. Nolanahi ere, esku hartze bortitzik egon ez den tokietan ere, noraeza nagusitu dela jakinarazi dute. Adibidez, Kulturako Kontseilaritzan kargudun asko aldatu ez badituzte ere, zuzendaritzetan daudenak argibide argirik gabe ari direla salatu dute.
Era berean, ANC eta CSC 155. artikuluaren aplikazioari ez laguntzeko zein jarrera hartu erakusten ari dira administrazioko langileei. Hilaren 30erako batzar handi bat prestatzen ari dira.