Quim Torra Generalitateko presidente aukeratu eta hurrengo egunean bildu dira Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez buruzagi sozialista. Aurrez egindako akordioak berresteko balio izan duen aurrez aurrekoaren ostean, Madrilek ohartarazi du "proportzionaltasunez" erantzungo diola "Konstituzioaren aurkako ahalegin orori".
Alderdi Sozialistaren babes osoa jaso du gobernuburuak, eta biak bat etorri dira ez dutela onartuko Espainiako Konstituzioak edota Kataluniako Estatutuak jasotzen ez duen erakunde edo instituziorik sortzea. Horretaz gain, iragarri dute Kataluniako aurrekontuak "gertutik" zainduko dituztela diru publikoa "proiektu independentista bultzatzeko" erabil ez dadin.
Bestalde, Carles Puigdemontekin biltzekoa da gaur Torra, Berlinen. Han gobernu berriaz eztabaidatuko dute bi buruzagiek, eta Puigdemont presidente inbestitzeko asmoa berretsiko dio Torrak. Ez da hura, hala ere, agintera itzularazi nahi duen buruzagi bakarra. Izan ere, Torrak iragarri du aurreko gobernuan kontseilari izandakoak kargura itzultzea dela bere asmoa; horien artean leudeke, besteak beste, Raul Romeva, Josep Rull, Jordi Turull eta Toni Comin.